Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
FALL 2: DEADPOINT

Formula bera, gehiegizko apaingarriekin

Lehen filmak oinarrizko ideia bat -dorre batean harrapatutako bi emakume- larritasun fisikoko ariketa eraginkor bihurtu zuen. Pelikula absurdo samarra da, ez da bereziki ona, baina oso eraginkorra.

Eszenatokia aldatzea, arriskua biderkatzea eta dimentsio dramatikoa konplikatzea izan da Spierig anaien erantzuna. Bigarren zatian Jax, hildako Shilohren arreba, eta Luce haren laguna, espedizio arriskutsu batean murgilduko dira, beste amesgaizto bertikal batean amaitzeko. Filmak, horrela, lotura emozionala mantentzen du lehen atalarekin.

Erortzeko beldurrak eta larritasun sentsazioak funtzionatzen jarraitzen dute. Esku bat okerreko lekuan, kirrinka egiten duen ohol bat, tenkatzen den soka bat edo hutsune erraldoi baten gainean zintzilikatutako gorputz bat. Filmak etengabe ustiatzen du giza gorputzaren eta espazioaren arteko harremana. Alde horretatik, mendiak aukera gehiago eskaintzen dizkie zuzendariei lehen filmeko dorreak baino. Baina lehen filmak nolabaiteko sinpletasuna zuen, eta sinpletasun horrek ematen zion bere ukitu berezia edo xarma. Egoera hain zen eraginkorra, ez zuela apaingarririk behar.

Bigarren honetan, ordea, trauma, dolua, sekretuak eta gidoi-biraketak pilatzen dira. Eta bitxia da, baina, istorioa sakondu beharrean, zarata gehitzen dute. “Deadpoint”-ek askoz hobeto funtzionatzen du biziraupenean kontzentratzen denean; apaingarri dramatiko horiek sobera daude.

Lehenengo filma ez zen bereziki ona, baina bikain zukutzen zituen eskura zituen elementu guztiak. Bigarren honetan, berriz, esentzia horrek bere horretan jarraitzen duen arren, behar ez dituen elementuak eta apaingarriak gehitu dizkiote.