Gaizka IZAGIRRE
Zinema kritikaria

Denboraren begiak

Badira gaztetan lehen aldiz ikusi genituen film batzuk hogei urte geroago berriro pantailaren aurrean jartzean, haiekiko dugun pertzepzioa erabat aldatzen digutenak. Batzuetan, onerako. Orduan ikusi ez genituen ñabardurak agertzen dira, ulertu ez genituen gaiak, emozioak... Beste batzuetan, ordea, kontrakoa gertatzen da. Urteek beste begi batzuk eman dizkigute, beste begirada bat. Eta garai batean oharkabean igaro zitzaizkigun jarrera desegokiak, pasarte arbuiagarriak edo gaur egun onartuko ez genituzkeen mezuak aurkitzen ditugu.

Pelikula batzuk bikain zahartzen dira, beste batzuk, ez hain ondo, eta badira denboraren aurrean hondoratu egiten direnak ere. Urteen buruan obra bat berrikusten dugunean sentitzen dugun aldaketa hori lotuta dago, neurri handi batean, gizartea, ingurumena, feminismoa, politika edo, oro har, harremanak ulertzeko eta interpretatzeko dugun moduarekin.

Horregatik, ariketa txiki bat egitera gonbidatu nahi zaituztet. Ziur aski baduzue gaztarotik kutunak dituzuen filmen zerrenda bat. Hartu haietako bat. Edo bi. Eta ikusi berriro, gaur egungo begiekin. Agian lilura berriak aurkituko dituzue. Agian, aspaldiko emozioak itzuliko dira, ustekabean, garai hartako usaina iritsiko zaizue. Edo, agian, desilusioa. Eta orduan ohartuko zarete hainbeste maite genituen filmetan ere badirela gaur egun gustatzen ez zaizkigun xehetasunak.