Aingeru FUENTES
KOLABORAZIOA

Postmemoria

Duela egun batzuk Marianne Hirsch estatubatuarrak idatzitako “The Generation of Postmemory” artikulu interesgarria irakurtzen aritu nintzen. Bertan, “postmemoria” termino bitxia agertzen zaigu. Hirschen hitzetan, “postmemoria” terminoak bigarren belaunaldiak jaio aurretik izandako esperientzia biziekin, askotan traumatikoekin, duen harremana deskribatzen du; hala ere, halako intentsitatez transmititu zitzaizkien esperientzia horiek, ezen berezko oroitzapenak diruditen. Hemen aipatutako bigarren belaunaldi hori, Eva Hoffmanek definitu zuen “trantsizioko belaunaldi” gisa, non gertaerei buruz jasotako eta transmititutako ezagutza historia edo mito bihurtzen diren. Horrek galdera bat iradokitzen dit: nola gogoratu behar dugu gu jaio aurretik gertatutako hondamendi bat? Iragan hori ez dugu zuzenean bizi, baina oraina baldintza dezake. Iragan hori gogoratzeak, ordea, ardura handia eskatzen du.

Postmemoria, esan dudan bezala, aurreko belaunaldi batek bizi izan duen traumarekiko ondorengoek duten lotura da. Ez da haien oroitzapen zuzena, ez baitzuten gertakaria bizi; istorioen, argazkien, isiluneen eta eguneroko keinu edo jokabideen bidez jasotzen dute. Transmititutako esperientziak hain eragin handia izan dezake, ondorengoek beren memoriatzat har dezaketela. Hala ere, lotura horrek ez ditu lekukoak eta ondorengoak parekatzen. Gertakaria bizi izan zutenen oroitzapenek eta ondorengoek jasotako kontakizunek ez dute izaera bera. Horregatik, postmemoriak iragan traumatikoarekiko hurbiltasuna adierazten du, baina baita distantzia ere: ondorengoek besteen istorioak jaso, irudikatu eta berrinterpretatzen dituzte, jakinik esperientzia hori ez dutela zuzenean bizi izan.

Postmemorian irudiek garrantzi handi-handia dute. Irudiek enpatia piztu eta memoria bizirik mantentzen dute. Nor ez da egon irudi baten aurrean haren atzealdeko istorioan pentsatzen? Irudiak historiaren kontakizun bisualak dira, eta imajinazioari lekua kentzen diote, benetako errealitatea irudikatzen baitute gehienetan. Egia da askotan irudi batzuk propagandistikoak izan direla eta besteen mesedetan moldatu egin direla, baina horrek ere historiaren bitxikeriak azalarazten ditu. Irudiek, berriz, badaukate muga bat: irudi bakar edo errepikatuek historia konplexua sinplifikatu dezakete. Errealistak izanik, zinez ezinezkoa da istorioaren konplexutasun itzela irudi batean harrapatzea.

Historia gogoratzeak haren ardura eta mugak ere baditu. Nola kontatu dezakegu besteen trauma, haien esperientzia gureganatu gabe? Ondorengo belaunaldikoek ez dute gertatutakoa bizi, hortaz, zer eskubide dute hari buruz hitz egiteko? Erantzuna oso argia da: ez da beharrezkoa lekuko izatea memoria zaintzeko, baina norberaren distantzia aitortu, iturriak errespetatu eta testuingurua eman behar da. Hau da, ezin dugu, esate baterako, judu batek holokaustoan bizitakoa kontatu distantzia pixka bat hartu barik. Guk geuk ez dugu bizi trauma hori, eta kontatzerakoan errespetu handiarekin kontatu behar dugu gertakaria, ez bakarrik faltsutasunik ez zabaltzeko, baita trauma hori jasan dutenen memoria era egokian oroitzeko ere. Pertsona horiek nahikoa sufritu zuten trauma lehen pertsonan pairatu behar izan zutenean, orain geuk, trauma hori bizi izan ez dugunok, faltsukeriak zabaltzeko, horixe egiteko eskubidea dugula esanik. Inork ez du eskubiderik beste pertsona batzuen historiaz jabetzeko edozein aitzakiarekin. Garrantzitsua da haien memoria ohoratzea, baina, batez ere, merezi duten omenaldia egitea, gutxieneko errespetuarekin.

Memoria arduraz zaindu behar dugu. Modu horretan gogoratu behar ditugu gure jaiotzaren aurretik gertatu diren gertaera traumatiko ezberdinak. Postmemoriak belaunaldiak lotzen ditu, baina ez ditu haien esperientziak berdintzen. Belaunaldi bakoitzak bere erara begiratuko die gertaera ezberdinei, bakoitzaren testuinguru historikoa guztiz desberdina delako. Gizarte gisa argi izan behar dugu, batez ere memoria historikoaren markoan, gogoratzea ez dela besteen mina geure egitea. Benetako lekukoen istorio desberdinak entzun, zaindu eta arduraz transmititzea baizik.

Gogoratzea ez da hildakoen mina gureganatzea, haien ahotsa isiltzen ez uztea baizik. Eta haien historia errespetuz transmititzen ez badugu, ez gara iragana ahazten ari, berriro ere haiei hitza kentzen ari gatzaizkie.