Bi egoera oso desberdin baina helburu bakar bat
Saralegi beteranoak eta Idoate gazteak finalerdietara sailkatuz borobildu nahi dute beren lehiaketa ederra.

Ekaitz Saralegi eta Mikel Idoate, aurtengo lehiaketara egoera desberdinean iritsi diren bi pilotari, prest dira datorren igandean Lau eta Erdiko Txapelketaren finalerdietarako txartela elkarren aurka jokatzeko. Amezketarrak 34 urte ditu, goi-mailako lehiaketetan azken aukerak baliatu beharrean da kontratua ziurtatzeko, eta aurrenekoz ari da Lehen Mailako txapelketa batean final-laurdenak jokatzen. Idoatek, aldiz, 24 urte ditu eta badaki Buruz Buruko Txapelketan finalerdiak jokatzea zer den.
«Dudarik ez, horrelako partidarik ez dut sekula jokatu», onartu zuen Saralegik igandekoa bere ibilbideko neurketa garrantzitsuena ote zen galdetuta. «Bizitzako partidua bai, baina aldi berean gozatzeko partidua. Orain arteko lana oso ona izan da eta galduta ere burua altxata joateko modukoa litzateke, baina hemen egonda inork ez du galdu nahi», azaldu zuen Urrutikoetxea, Titin eta Arretxe mendean hartu dituela gogoratuz.
«Buruz Buruko Txapelketan bi aldiz jokatu ditut finalerdiak, eta hori koska bat gehiago izango da, baina niretzako ere oso garrantzitsua da igandeko dema. Aurreneko urtea kenduta ez dut nire maila eman Lau eta Erdikoan, eta orain jokamolde honetan ere goian egoteko gaitasuna dudala erakutsi dezaket», aipatu zuen Idoatek berak ere jokoan asko duela argi utziz.
Jokatzeko moduan ere, ezaugarri desberdinak erakutsi izan dituzte biek. Saralegi ezer bada, errematatzailea da, nahiz eta aurtengo txapelketa oso ongi prestatu duen fisikoki ere. Idoate, bestalde, partida luze eta gogorretan nabarmendu izan da orain artean, errematea ere asko hobetzen ari bada ere.
«Bera fisikoki ni baino askoz fuerteagoa da, hori argi dago», baieztatu zuen Saralegik Eibarren atzo egindako pilota aukeraketan. Horregatik, argi du jarraitu beharreko taktika: «Nik aukerak ditudanean, tantoa amaitzen saiatu beharra daukat, bestela partida zaila izango da. Arriskatzeko aukera daukadanean, arriskatu egin beharko dut».
Idoateren ustez, ordea, ez da komeni lehia horretara bakarrik mugatzea. «Berak ere lehengo egunean partida nahiko gogorra jokatu zuen Arretxeren aurka eta azkenean irabazi egin zuen. Esperientzia handiko pilotaria da eta momentu garrantzitsuetan aurrera egiten daki», ohartarazi zuen txantrearrak, orain bi urte leku berean «sekulako jipoia» eman ziola gogoratuz.
Saralegik 104,2 eta 104,6 gramoko bi pilota hautatu zituen: «Nik uste nireak pixka bat bizixeagoak direla, bereak frontisean gehixeago geratzen dira. Hiru pilota berdintsuak dira eta bestea agian bote gehixeagoa duena». Idoaterenek 104,1 eta 106,4 gramo pisatu zuten: «Igandean ikusiko dugu, baina printzipioz arazorik gabe. Pilotak nahiko ongi daude, berarenak ere asko gustatu zaizkit».

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
