Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
ITSASOA

ASP itzuliko azken txanpa: Haleiwa, Sunset eta Pipeline

Hawaiin egingo dira ASP zirkuituko azken hiru txapelketak. Surflari batzuk datorren urtean lehen mailan jarraitzeko borrokan ari dira; besteak, berriz, lehen mailara igotzeko. Denak elkarren aurka ari dira egunotan Haleiwan eta Aranburu lehen mailara igo daiteke 2014an.

ASP zirkuitua azken txanpan da, hiru txapelketa baino ez baitira falta aurtengo denboraldia amaitzeko. WCT mailan dauden 24 lehiakideak egungo postua mantendu eta hurrengo urtean ere maila gorenean egoteko borrokan ari dira.

Bestalde, badira 2014an 34 lehiakide onenen artean egoteko aukerak dituzten lehiakideak ere, eta horiek, ahal duten guztia egingo dute azken bi txapelketetan ahalik eta emaitza hoberenak eskuratzeko.

Azken txapelketak

Hiru dira ASP zirkuituan elkar trukatzen diren txapelketa motak. Batetik lehen mailako txapelketak daude, WCT kategoriakoak. Maila goreneko itzulian 34 lehiakidek bakarrik har dezakete parte. Hor egoteko, ordea, bigarren mailako itzulian egiten diren txapelketetan bildu behar dituzte puntuak, WQS zirkuituan alegia.

WQS zirkuituan izar desberdineko txapelketak eta PRIME txapelketak daude. Azken horiek dira garrantzitsuenak, puntu gehien ematen dituztenak baitira. Gero izar desberdinetako txapelketak ere badaude; orduan eta izar gehiago izan lehiaketak (gehienez sei izar), orduan eta puntu gehiago irabaz daitezke.

Aurten, izar desberdinetako 21 txapelketa egin dira munduko leku ezberdinetan. Azkenengoa, pasa den asteburuan jokatu zen; izar bakarrekoa baina historikoa izan zen, lehen aldiz egin baitzen ASPko txapelketa bat Taiwanen.

PRIME kategoriako txapelketei dagokienean, guztira zortzi txapelketa antolatu dira aurten eta horietatik bi, hain justu, Haleiwan eta Sunseten egingo dituztenak dira. Horien ostean, urtero bezala, denboraldiko txapelketa garrantzitsuenak emango dio denboraldiari amaiera, Pipelinen abenduan egiten den WCT kategoriako azken txapelketak alegia. Azken hiru txapelketok Triple Crown itzuli ospetsua osatzen dute.

Triple Crown

Hiru txapelketek osatzen duten zirkuitu txikia da Triple Crown entzutetsua. Oahu uharteko iparraldean aurkitzen da munduko olatu bortitzenetakoak dituen eremua. Kilometro oso gutxian surf egiteko leku bikain ugari biltzen dituen eremua North Shore izenarekin bataiatu zuten surflariek.

Haleiwa, Sunset eta Pipeline Banzai dira zirkuitu labur hau osatzeko aukeratutako lekuak. Lehen bi txapelketek QWS kategoria dute, eta, azkena, Pipeline Banzai olatu famatuan egiten dena, WCT zirkuituko azken proba da. Beraz, maila goreneko txapelketek osatzen dute zirkuitu txiki hau, eta, ondorioz, noski, garrantzi handia du. Hiru probetan emaitza onenak lortzen dituen surflariak jasotzen du surflarien artean estimu handia duen Tiple Crown koroa.

Aurtengoan, gainera, berebiziko garrantzia hartu dute Triple Crown itzulia osatzen duten hiru txapelketek. Izan ere, batetik, Haleiwan eta Sunseten egingo diren txapelketetan datorren urtean WCT itzulian izango diren lehiakideak nortzuk izango diren erabakiko da, eta, bestetik, aurtengo titulu mundiala oraindik jokoan dago.

Batzuetan gertatzen da itzulia amaitu aitzin lehiakideren batek titulu mundiala irabaztea, beraz, halakoetan ez da erabakigarria izaten azken txapelketa. Aurtengoan, ordea, egoera puri-purian dago, Pipelinen izango dira-eta buruz buru 2013ko ASP titulua eskura dezaketen bi lehiakideak: Mick Fanning eta Kelly Slater. Pipelineko txapelketa egin artean, beraz, ez dago esaterik titulu mundiala nork eskuratuko duen.

Aritz Aranburu

Haleiwa eta Sunseten emaitza onak lortuz gero datorren urtean goi mailan egon daitezkeen lehiakideen artean dago Aritz Aranburu zarauztarra. 2007an eta 2008an WCT zirkuituan izan zen zarauztarra eta berriz ere lehen mailan izateko aukera asko ditu, izan ere, egun ranking orokorreko 29. postuan aurkitzen da.

Hiru emaitza esanguratsu lortu ditu aurten Aritz Aranburuk, hirurak ere PRIME kategoriako txapelketetan. Lehenengoa, Australian, Margaret Riverreko txapelketan; bigarrena, Brasilen; eta, hirugarrena, Hegoafrikan, Balliton. Hiru txapelketa horietan bosgarren postua eskuratu zuen Aranburuk, eta, horri esker, puntu pila bat biltzea lortu zuen. Itzuli osoan lortutako sei emaitza onenak izaten dira kontuan azken sailkapena egiteko, eta, beraz, datozen bi txapelketetan emaitza onak lortzen baditu, Aranburu lehen mailara igo daiteke.

Hawaiiko olatuetan oso ongi moldatzen da Aranburu, aurreko urteetan emaitza onak lortu izan ditu bertan, baina munduko surflari onenak izango ditu arerio, eta, beraz, ez du erraz izango txandaz txanda aurrera egitea. Aste honetan Haleiwan egiten ari diren txapelketa izan daiteke zailena Aranbururentzat, ez baita surf egiteko batere leku erraza.

Haleiwa

Hawaiiko Oahu irlaren iparraldean aurkitzen da Haleiwa. North Shore deitzen duten ingurunearen mendebaldeen aurkitzen den lekuetako bat da. Urautsi bihurria da, harea eta arrezifea uztartzen baititu.

Hondo finkoa ez izateak olatuen izaeran eragin handia dauka, eta, ondorioz, etengabe aldatzen dira. Oro har, hori bai, olatuen altueraren arabera berauen izaera modu batekoa edo bestekoa izaten da.

Denetariko olatuak eskain ditzakeen urautsia da Haleiwakoa. Olatu borobilak izan daitezke, tuboak egiteko ezin hobeak, ariketak egiteko olatu etzanagoak ere izan daitezke, eta, batzuetan, olatuak alderik alde ixten dira, inongo ariketarik egiteko aukerarik eman gabe.

Negua izaten da olaturik onenak eskaintzen dituen urte sasoia, eta, hala, baldintzak ezin hobeak izaten dira, batez ere ekialdeko haizeak jotzen duenean. Metro eta erdiko olatuekin mota guztietako ariketak egin daitezke, ihesbide luzeko eskuin olatuak zein indar handiko olatu borobilak jasotzen dira-eta.

Bi metroko olatuak daudenean eskuin olatu borobil eta indartsuak jaso daitezke eta lehiakideek tubo sakon eta luzeak egin ditzakete. Olatuak hiru metro edo gehiagoko altuera hartzen duenean, ordea, surf egiteko olatu oso zaila bilakatzen da, azken sekzioa sakonera gutxiko uretan lehertzen baita, eta, ondorioz, olatua alderik alde ixten baita. Halako baldintzak daudenean, bertakoek «toilet bowl» deitzen diote olatuari; alegia, komuneko zurrunbiloarekin alderatzen dute.