Maider IANTZI
# TXIOTESIA LEHIAKETA

Euskal ikerlariak, egun batez Twitterren lanak partekatzen

Zirraragarria benetan #txiotesian gertatzen ari dena. 60 tesi baino gehiago!! Ikerlari euskaldunak sarean surfeatzen egun osoz!». Hala txiokatu zuen Ainhoa Latatuk arratsalde erdialdean. Atzo UEUren Unibertsitatea.net atariak egin zuen lehiaketa honek horixe zuen helburua, ikertzaile hauen lana gizarteratzea eta gibelean dauden lagunei izen-abizenak jartzea.

09.00etatik 21.00etara Twitter-i lotuta, nekatu samar baina pozarren zeuden Unibertsitatea.net atariko kideak. Zuriñe Etxanobe lehiaketako arduradunak GARAri adierazi zion lehenengo aldia izan dela gurean halako ekimen bat egiten dena eta itxaropenak aise gainditu dituztela. Honakoa zuten erronka parte-hartzaileek: tesia ahalik eta era ulergarri eta originalenean sei txiotan azaltzea.

«1 Entrenamenduen eragina eliteko emakume futbolarien errendimendu fisikoan eta ezaugarri antropometrikoetan#txiotesia», idatzi zuen, adibidez, Aduna Badiolak. Txio bakoitzari zenbakia jarri behar zitzaion mezuaren aitzinetik.

«Goizean ez genekien zer gertatuko zen eta sorpresa izan da hasieratik», aitortu zuen Etxanobek. 09.00etatik 10.00etara jada hamabost bat ikerlari jo eta ke ibili ziren. 15.00etarako 45 lagunek parte hartua zuten eta 20.00etan 75 ziren txiolariak. Kopuruaz gain, garrantzitsua izan zen aniztasuna ere, hainbat unibertsitatetako ikertzaileek jakintza esparru ugaritako gaiak kaleratu baitzituzten: Fisika, Kimika, Ingeniaritza, Hizkuntzalaritza, Psikologia, Soziologia, Kazetaritza, Hezkuntza, Biologia, Genetika...

«Egun ederra izaten ari dela esan genezake. Pozgarria da ikerlariek egin duten lana. Pozgarria zenbat lan zabaltzeko aukera izan dugun. Pozgarria euskara erabilita egitea!», agertu zuten UEUko langileek #txiotesia traolarekin txapelketa jarraitzen ari zirela.

Ekimena tesia orain egiten dabiltzan lagunei zuzenduta zegoen, baita lana 2011 eta 2013 bitartean aurkeztu dutenei ere. Parte hartzeko Twitter izan behar zen eta batzuek horretarako propio zabaldu zuten kontua. Proiektua edozein hizkuntzatan landua izan zitekeen, baina lehiaketan euskara hutsean aurkeztu behar zen. «Euskarak zientzia egiteko eta azaltzeko balio duela esaten dugu beti eta atsegingarria izan da hori frogatzea», erran zuen arduradunak.

Sari banaketa eta topaketa

Ekimen erakargarria izan dela ikusi zuten eta orain bide honi heldu diezaioketen baloratu behar dute. Mezu «kuriosoak» irakurri zituzten, ezuste ederrak topatu, eta euskal ikerlariek lan pila egiten dutela konturatu ziren. «Zelako material pila izango dugun eguna pasatzen denean ikertzeko!», zioten.

Jakintza alor desberdinetako bost kidek osatu zuten epaimahaia: Lorea Arakistain (@loreaarakistain) kazetariak, Elhuyarren zientziaren komunikazioa lantzen duenak; eta lau doktore, ikertzaile eta irakaslek: Ricardo Gomez (@FiloBlogia), EHUko Gasteizko Letren Fakultatekoa; Lore Erriondo (@Erriondo), Donostiako Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatekoa; Txema Egaña (@EgaaTxema), Mondragon Unibertsitateko Eskoriatzako HUHEZI Fakultatekoa; eta Jon Mattin Matxain (@TxoniMatxain), EHUko Donostiako Kimika Zientzien Fakultateko langilea.

Bi txiolari hautatu behar zituzten hauek: ulergarriena eta irudimentsuena.

Sari banaketa ekitaldia heldu den astelehenean, azaroaren 25ean eginen dute, eguerdian, Koldo Mitxelena Kulturunean. Irabazleen izenak emateaz gain, parte-hartzaileak biltzea da xedea. Saioa borobiltzeko, Koldo Garcia ikerlari gaztearen hitzaldia izanen dute gozagarri: «#Kafepintxo batekin ikertzen». Bertan, bizkaitarrak ikerlariaren ogibidearen gaineko gogoeta subjektiboa eginen du, beti kafepintxoa lagun!