Interview
Etor MENDIA
Prestatzaile fisikoa

«Arlo fisiko eta teknikoa bananduta lantzea da gure zailtasun nagusia»

Pasioa eta egiten duenarengan sekulako sinesmena duela nabaritzen zaio lazkaotarrari berarekin hitz egiten hasi eta berehala. Kirol honetan berri samarra den arren, berehala moldatu da pilota bezalako kirol korapilatsu batera. Urtarrilean hasi zen Olaizola II.a, Albisu, Saralegi, Olaetxea eta Oier Mendizabalekin lanean, eta oraingoz behintzat, emaitza bikainak lortzen ari dira.

Kirola profesionalizatu den heinean, pilotariek euren prestakuntza fisikoa ere asko garatu dute eta gaur egun lehen mailako atletak bihurtu dira.

Urtebete inguru da Asegarcek Gipuzkoako taldearen prestakuntzaren ardura eman zizunetik, nolakoa izan da lurreratzea?

Alde batetik oso berezia izan da. Eskema mental jakin batekin sartu nintzen, beste kiroletan egiten den eskema horrekin, plangintza bat antolatu, helburuak finkatu data batzuen arabera, eta horren arabera progresio bat landu. Baina sartu eta berehala lehenengo baldintzatzailea topatu nuen, baziren bi pilotari taldean -Aimar eta Albisu- txapelketa -binakakoa- jokatzen ari zirenak, eta horiekin, lan espezifiko batzuk egiten hasi behar izan genuen, oinarrizko inolako lanik gabe, jakin gabe aurretik ze mailatan zeuden, inolako informaziorik gabe eta hasieran talka bat izaten da.

Hortik hasita, beste kirol guztietan lehiaketa datak finkoak izaten dira, oso zaila da aldatzea, eta lesiorik edo gauza arrarorik ezean, plangintza bide horretatik nahiko kontrolatuta eramaten duzu, baina pilotan hori ez da beti horrela gertatzen. Pilotan txapelketa bat prestatzeak suposatzen du lehen partidari begira egin behar duzula prestaketa, ez finalari begira; izan ere, bidean geratu daiteke. Abenduan hasten den txapelketa baten finala otsailean bada, prestakuntza abendurako egin behar da, eta abenduan ondo egonda, gero astez aste joan behar duzu antolatzen, aste horretako emaitzaren arabera. Alde horretatik planteamendu guztia berria izan da, baina aldi berean, polita eta lan bezala oso motibagarria.

Pilotan orain urte batzuk arte lan fisikoa ez da gehiegi landu eta erreferentzia handirik ere ez zenuten izango...

Erreferentzia gutxi, eta bibliografia bila hasita ere, oinarri zientifiko batekin argitaratutako lanak oso-oso gutxi daude. Entzuten duzu honek futboleko talde batekin entrenatzen zuen, halakoak bestea egiten zuen... baina pilotara bideratutako lan espezifikoak oso gutxi.

Lan berezituak egiten hasi aurretik lan orokor bat egiteko aukerarik ikusten ez nuenez, lau astetako ziklo laburretan antolatu ginen eta aste bakoitzean, lan orokorra eta espezifikoa lantzen joan gara, baina astez aste bakoitzaren proportzioak aldatuz joan gara. Horrela lortu dugu oinarrizko lan hori denboraldi guztian egiten joatea.

Logikoa, edo beste kiroletan egiten dena da, bi edo hiru hilabete lan orokor horretarako aprobetxatzea, eta behin oinarri horrekin, baina gu horrela moldatu gara. Esperimentu antzeko zerbait izan da, baina emaitzekin nahiko gustura nago, ikusi dudalako, maila fisiko aldetik, gaitasun bakoitza analitikoki hartuta -gauza bat da erresistentzia edo indarra hobetzea eta gero beste bat hobekuntza hori frontoira eramatea-, emaitza horiek nabarmen hobetu dira, indar maila hobetu da, desplazamendu abiadura hobetu da, erresistentzia maila hobetu da... Ekaitzen kasuan gainera, uste dut frontoian hobekuntza hori ere nabaritu dela.

Frontoian beti nabaritzen da?

Ez beti. Adibidez, Ekaitzen eta Mikel Olaetxearen kasua daukagu. Egin dugun planteamendua zera izan da: ikusita iaz ze negu gogorra izan zenuten, txapelketa guztietatik kanpo, promoziokoan ordezkapen batzuk eginez baina partidarik jokatu gabe... badakigu aurrez Lau eta Erdiko txapelketa horretan aukera izango duzuela, ba saiatu behar dugu plangintza bideratzen txapelketa horretan, fisikoki behintzat, topera egoteko eta txapelketa horretan ahalik eta partidarik gehien jokatzeko eta gero ea gauzak nola irteten diren. Plangintza bera izan zen bien kasuan, eta emaitzak, guztiz desberdinak. Fisikoki hobekuntza berdintsua izan dute, gaitasun bakoitza analitikoki hartuta, hobekuntza antzekoa izan dute, indarra hobetu dute, erresistentzia hobetu dute... Baina gero pilotan, batek frontoian erakutsi duena eta besteak erakutsi duena desberdina izan da. Mikelek esaten zuen, fisikoki inoiz baino hobeto aurkitzen naiz baina frontoian ez naiz fidatzen. Eta oraintxe aurkitu du momentu on hori, kasu honetan berandu etorri zaio eta pena hori da, azkenean gaitasun horiek analitikoki kontrolatzen dituzu eta erantzuna ematea posible da entrenamendu fisiko mailan, baino gero lehiaketako beste urrats hori konplikatuagoa da.

Momentu honetan daukagun zailtasuna da, eta pentsatzen dut guztiei gertatuko zaiela, prestakuntza fisikoaren atala alde batetik eramaten dela eta frontoiko prestakuntza beste batetik. Tekniko desberdinak daude gauza bakoitzerako eta bakoitzak bere kasa lan egiten du. Frontoiko prestakuntza asteburuan partida duten edo ez duten, horren arabera antolatzen dute, baina ez dago plangintza orokor bat, garai honetan gauza hau landu behar dugu, gero hilabetez beste hau... ez dago horrelako ezer. Astez asteko kontua denez, bi alderdi horiek uztartzea oso zaila da.

Hala ere, orain dela hamarkada pare bat arte, mendi buelta pare bat egitea nahikoa zen...

Aurrerapausoa handia da. Egia da mundu honetan aurrerapausoak ematea ez dela erraza. Nik ere pentsatzen nuen hori pixka bat gaindituta egongo zela. Herri kiroletako zenbait probatan esperientzia izan dut eta konturatu naiz, esaterako aizkolariekin lan eginez, zenbait gauza planteatzea konplikatua dela, hor ere bi atal daudelako, prestakuntza fisikoarena eta teknikoarena.

Eta fisikoki lanketa bat egin, eta beraien egur gaineko teknikoa egitera joaten direnean, normalean eskola zaharreko jendea topatzen dute, eta egunen batean nekatuta edo sumatuz gero, «gimnasioan aritze hori txarra da, txispa kentzen du, mendi bueltak eman....». Kirolaria bera ere nahastu egiten da, honek gauza bat esaten dit, besteak kontrakoa eta hor sortzen da egiten den lan horrekiko nolabaiteko deskonfiantza bat, ezezagutzak ematen duena.

Azken batean, lanketa fisiko baten emaitzak ikusteko, jarraipen bat eman behar zaio, lau astez lan fisikoa eginda ezin da baloratu emaitza bat emango didan edo ez. Ohiturarik ez duenarentzat, lau astetan gertatzen dena da egiten den lan horrek nekea ekartzen diola, oraindik ez dituela lanak behar bezala asimilatzen, eta logikoki, frontoian lana egitean, egur gainean lana egiten denean bezala, ohitua zegoena baino nekatuxeago joaten da. Baina hori epe motzean eman beharreko pauso bat da, horri jarraikortasun bat eman behar zaio eta lan hori behar bezala asimilatzen duenean, eta lan horrek eman dizkion onura horiek gorputzean finkatzen direnean nabaritzen du lan hori komenigarria baino, beharrezkoa dela. Baina horretarako denbora bat behar da.

Alde horretatik, pilotarien aldetik jarrera irekiagoa nabaritu dut, nahiz eta borroka hori izan dudan. Lan fisiko gogor batzuk egin ondoren, egin behar direlako, hurrengo egunean frontoiko lanera joan, ariketa batzuk proposatu hango teknikoak eta «gaur txisparik gabe hago», «bai atzo gogor entrenatu nuelako», «ba ez hona fresko etorri behar duzu...». Eta orduan noiz egiten da lana?

Alde handia egongo da hortaz, urtean zehar asko jokatu eta gutxi jokatzen dutenen artean? Ekaitz eta Aimar muturreko bi kasuak izan daitezke...

Noski, noski. Aimarrek adibidez, berezkoa asko dauka, baina gero bera alde dauka tipo oso azkarra dela, kantxa barruan eta kantxatik kanpo. Bere burua asko ezagutzen du eta urte guztian %100ean egon gabe, badaki momentu bakoitzean zein egoeratan dagoen, eta egoera horri egokitzen dio bere jokatzeko era. Batzuetan gehiago piloteatzen du fisikoki ondo dagoelako eta horren ondo ez dagoela ikusten duenean, saiatzen da airez sartu, tanto azkarrak jokatzen... Bere egoerara eta aurkariaren jokora egokitzen da. Oso-oso azkarra da.

Esfortzua ekonomizatzen du?

Asko ekonomizatzen du, eta horretan zeresan handia izan dute eduki dituen lesioek, eta uste dut oso barneratua daukala emaitzak lortzen direla lan bat jarraipen batekin eta metodikoki eginda. Hori belauneko lesioaren ondoren ikusi zuen, konturatu zen egunero-egunero errehabilitazioa eginda, indartze lanarekin eta, «nola gertuko zaidan», zalantza horiek gainditu egin dituela eta ia beste hanka baino hobeto geratu zaiola. Hor ikasi zuen, gauzak behar bezala eginda, emaitzak etortzen direla.

Larunbaterako pronostikorik egin dezake bien prestatzailea den batek?

Azkenean biak taldekoak dira, biak oso pertsona atseginak... baina nik, nire lana baloratzeko orduan, gehiago islatuta ikusten dut Saralegiren kasuan, Aimarrenenean baino. Esan dudanagatik, Aimarrek berezkoa asko duelako eta Aimarrekin ondo lan egitea baino, gaizki ez eginda ondo egongo dela badakizu. Ekaitzen hobekuntzan gehiago ikusten dut nire lanaren eragina.

«Ekaitz Saralegi dagoen entrenamendu guztiek beste intentsitate bat izaten dute»

Idoateren aurka finalerdietarako txartela eskuratu eta ordu gutxitara, Etor Mendiari egotzi dio Ekaitz Saralegik berak, aurten lortu duen balentriaren erru edo kulpa handi bat. Lazkaotarrak, ordea, amezketarraren lana eta momentu txarrenetan ere aurrera egiteko pilotariak duen gaitasuna nabarmendu du aurtengo apustuaren oinarri bezala.

Lau eta Erdikoa Ekaitzen urteko apustua izan da?

Bai, planteamendua izan zen, kaiolan partidak jokatu behar ditugu, gero binakakoan oso aukera gutxi ditugu-eta. Iaz berak esaten zuen bezala, «hemen negok, lehen mailarako txarregia eta promoziorako zaharregia». Bere burua tesitura horretan ikusita, apustu hori egin genuen, bai Ekaitzekin eta bai Olaetxearekin. Mikelekin emaitza hori ez dugu ikusi eta pena bat izan da ze benetan fisikoki oso ondo zegoen. Ea orain partidatxo batzuk jokatu eta nola dagoen erakusteko aukera duen.

Ilusioa behintzat ez du sekula galdu...

Ekaitzek hori dauka, iazko neguan, nahiz eta partidarik ez eduki, bere burua motibatzen du eta jubenil bat bezala entrenatzen dela. Partidarik ez duela ikusi arren, entrenamendu guztietan berdin-berdin saiatzen da eta ingurukoak motibatzen ditu eta taldean halako pilotari bat izatea sekulakoa da. Ekaitz joaten den entrenamendu guztiek beste intentsitate bat daukate, kirolari batek izan behar duen izaera dauka. Oso zaila da jokatzen ari ez zarenean motibazio hori bilatzea baina Ekaitzek hori badauka. Urte asko daramatza hor, aurten egin du bere lorpenik handiena, baina hor mantendu da eta norbaitek zerbait ikusten dio.

Ekaitzen eskuina sekula baino freskoago dagoela esaten da, hori neurtu daiteke? Fisikoak badu eraginik?

Hori neurtzea oso zaila da. Azken batean frontoian ikusten dugun hori faktore askoren emaitza bat da, fisikoa bat da, baina psikologikoa ere hor dago. Emaitzek laguntzen dutenean, normalean hain ondo irteten ez diren gauzak ondo irteten dira eta normalen egiten ausartzen ez zaren gauzak ere irteten dira. Horregatik bakarrik ez, baina egia da fisikoki ondo egoteak konfiantza hori ematen duela, norberaren burua seguru ikusteak konfiantza ematen du eta horretan ziur nago asko lagunduko ziola. Jon ORMAZABAL