Bodyboard itzulia: Mundu mailako txapelketak krisian
Aurten munduko bodyboard itzulia gaizki hasi zen eta oso gaizki amaitu da. Zirkuituko azken proba bertan behera geratu ostean, ez dago irabazle argirik.

Bodyboard mundua bere onenean ez dela esan daiteke; izan ere, azken asteak tamalgarriak izaten ari dira mundu mailako bodyboard zirkuituan parte hartzen duten lehiakide zein zaleentzat.
Goi mailako itzuliko azken proba urtero bezala Kanaria uharteetan egitekoa zena, bertan behera utzi zuten antolatzaileek eta ordutik eztabaida airean da, «nor izango da aurtengo munduko txapelduna?».
Aurtengoan gaizki hasi zen bodyboardeko Grand Slam Series zirkuitua (lehen maila). Izan ere, lehen proba, Hawaiin egitekoa zena, ozta-ozta egin ahal izan zuten. Babesle indartsurik ezean, Pipelineko txapelketa ospetsua egiteko arazo handiak izan zituzten, baina azkenean, zale eta babesleak elkartu egin ziren, eta horrela, behar zituzten lanabesak lortuta, 2013. urteko zirkuituari hasiera indartsu bat ematea lortu zuten, baina egoeraren lehen zantzuak ematen zituen seinalea izan zen hura.
Aurtengo itzulia, beraz, krisiak jota hasi zen eta krisiak jota amaitu da; izan ere, zirkuituko azken proba ere bertan behera geratu da.
Guztira zazpi probak osatzen zuten aurtengo Grand Slam Series zirkuitua, baina azkenean sei txapelketa egin ostean amaitu behar izan dute itzulia; izan ere azken momentuan Fronton Challenge txapelketa ez zela egingo iragarri zuen Richard Nimmo IBA World Tour itzuliko arduradun nagusiak.
Honela mintzatu zen Nimmo: «Dezepzio handi bat da, baina itzuliko azken txapelketa bertan behera uztea erabaki du IBA erakundeak». Txapelketa ez egiteko arrazoi nagusia zein zen ere esan zuen Nimmok. «Lan handia egin dugu babesleekin batera txapelketa hau aurrera atera ahal izateko, baina azken orduan babesle nagusietako bat atzera bota da eta horrek ezinezko bilakatu du lehiaketa egitea. Txapelketek errentagarriak izan behar dute, bestela ez dago halako ekimenik antolatzerik».
Azaroaren 11n esandako hitz hauek dira IBA erakundeak publikoki esan dituen azken hitzak. Hortik aurrera zurrumurru asko izan da, erakundeak hartutako zenbait erabaki ere ezagunak dira, baina modu ofizialean inork ez du hitz egin oraindik, eta isiltasuna da nagusi. Web ofizialean ere ez da deus agertzen, eta horrek zaleengan haserre handia sortu du.
Saltsa honen guztiaren erdian bada kontuan hartzeko beste gauza bat. Kanaria uharteetako txapelketa bertan behera geratuko zela esan aurretik, Alex Leonek, IBA zirkuituko arduradun nagusiak, dimititu egin zuen. Leonek utzitako hutsuneak egoera are eta zailagoa bilakatuko zuen antolatzaileentzat, baina egoera orokorraren berri ematen duen seinale bat ere bada.
«El Fronton» Kanaria Handiko uhartean aurkitzen den eskuin olatu borobil eta indartsu bat da. Bertan egiten da urtero mundu mailako bodyboard zirkuituko azken proba. Aurten txapelketa egiteko bi aste baino falta ez zirenean eman zuten zoritxarreko albistea, eta ordutik hautsak harrotu dira; izan ere, azken txapelketa oso garrantzitsua zen, bertan erabakiko zen aurtengo txapelduna nor zen, baina hori bakarrik ez, antolatzaileek arazo handi bat daukate esku artean, zeren ranking orokorrean lehen postuan ez dago lehiakide bakar bat, bi baizik.
Ben Player australiarra eta Amaury Lavernhe Reunion uharteko bodyboardzale bikaina dira azken txanpara berdinduta iritsi diren bi lehiakideak. Bi lehiakideok aritu behar zuten Kanaria uharteetan aurtengo titulu mundiala lortzeko lehian, eta beste lehiakideek ere zirkuitua zein postutan amaituko zuten azken txapelketaren ostean jakingo zen, baina txapelketa bertan behera geratu denez, dena airean geratu da. Azken-aurreko txapelketan lortutako emaitzen ostean zeuden postuan amaituko dute lehiakideek, baina irabazlea nor den esaten inor ez da ausartzen oraindik.
Zaleek aukera desberdinak izan zitezkeela aipatzen zuten sare sozialetan; besteak beste, lehen postuan 5.900 punturekin berdinduta zeuden bi lehiakideen arteko final neutro bat egitearen aldekoa zen gehiengoa, baina azken hitza IBA erakundeko kideek dute eta oraindik ez dute ezer argirik esan.
Legediari dagokionez, ordea, iaz emaitza onenak lortu zituenak irabazi beharko luke. Alegia, Ben Player eta Amaury Lavernheren kasuan, iaz puntu gehien bildu zituen lehiakideak lortuko luke aurtengo titulu mundiala, eta kasu honetan, horrela balitz, Ben Player australiarra litzateke 2013ko munduko bodyboard txapelduna.
Antza denez, hauxe da IBA erakundeak hartu duen erabakia, eta, beraz, Ben Player litzateke aurtengo txapelduna, baina dirudienez, IBA erakundeko kideak beldur dira hartu duten erabakiaren berri emateko, bodyboardzale asko erabaki honen kontrakoa dela bai baitakite. «Zergatik hartu behar da kontuan iaz egindakoa, lehiakideak aurten lehiatzen ari badira, aurtengo txandetan, aurtengo lehiakideekin eta aurtengo olatuekin?», galdetzen dute Surfertoday webguneko arduradunek.
Asko dira sare sozialetan beren iritzia eman duten zaleak, batzuek ulertzen dutela diote, besteek, ez daudela ados, eta beste batzuek, arauek hori badiote horrela beharko duela baina justua ez dela diote. Denetariko iritziak daude.
Goi mailan ari diren Alex Uranga eta Eunate Aguirreri dagokienez, berriz, datorren urtean ere goi mailan izango dira, egoera orokorra bere onenean ez bada ere, bi lehiakide hauek oso indartsu baitaude.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
