Ariane Kamio
Kazetaria
TXOKOTIK

Badaezpada, beste bat ekarri beharko da

Oroitzen naiz, gaztetan, ez zela hain ohikoa bikote batek seme edo alaba baka- rra izatea. Zehatzago, ikaskide nituenen artean soilik bi lagunek ez zeukaten anai-arrebarik. Katastrofea zen kasik garai hartan haur bakarra munduratzea eta bizimodu triste gisa ikusten genuen bi horiena etxean anai-arrebak genituen gainontzekook. Norekin jolastu etxean? Bakarrik lo egin?

Seme-alaba bakarrak gaizki hezitakoak zirela ere entzun behar izan genuen zenbait momentutan. Ez zeudela ohituak beraien gauzak besteekin banatzera, nahi zuten oro lortzen zutela eta lotsagabe hutsak zirela (descarada hitza haurtzaroko memoria neurtu horretatik ezabatuko ez dudan eleen artean da).

Urteak pasata, norberari ama izatea egokitzen zaionean, gauza berberak planteatzen ditu. Seme-alaba bakarra? Baina ikuspegiak, kasu horretan, askotarikoak dira, eta guztia zalantzan jar daiteke. Bakarra, baina ondo zaindua, bat baino gehiagorekin kostu ekonomikoa areagotu egiten da, haurrak ordea bizipoza dira, baten batek ere esango du Jaungoikoaren nahia errespetatu behar dela...

Futbolzalea naiz. Futbolzalea baino gehiago, realzalea. Urteak daramatzagu etxean esaten Anoetan bazkide egin behar dugula, baina betiko aitzakia merkeak direla medio, gertuen telebista bidez ikusten dugu futbol zelaia. Alaba jaiota, desira berpiztu eta promesa jarioa abiatu da berriro. «Urte batzuk barru hirurok egingo gara bazkide». Ez dugu seme-alaba gehiago izango orduan?

Amatasunak bultzatuta baino, futbol zelai inguruetan gerta daitezkeenak kezkatuta familia areagotzeko pentsamenduak ez zaizkit urrun geratzen, batez ere, futbolzaletasuna egunerokoa izango bada Josefina Liceranzu eta Manuel Cabacas iltzatu baitzaizkit buruan. Eta orain, are gehiago, semea hil zen operatiboa diseinatu zuen arduraduna Ertzaintzako buru izendatu dutenean. Alaba hala hilko balitzait, bikoteaz gain beste norbait beharko nuke-eta eromena kontrolatzeko tratamendua zaintzeko.