Ane ARRUTI
BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA

Sustrai Colina eta Aitor Mendiluze finalera, Unai Agirre atarian

Estu eta larri azken saiora arte. Maulen erabakita gelditu da hemendik bi astera BECeko finalean izango den zortzikotea. Sustrai Colina eta Aitor Mendiluzek aurrera egin dute; Unai Agirre atarian gelditu da, puntutan Aitor Sarriegirekin berdinduta.

Maialen Lujanbiok badaki zein izango dituen abenduaren 15ean kantu lagun: Amets Arzallus, Igor Elortza, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga eta Aitor Sarriegi dira finalera sailkatu direnak. Estu egon da oso sailkapena. Sarriegi eta Agirre berdinduta gelditu dira. Nork aurrera egin erabakitzeko, modu hau erabili zuten atzokoan: epaileek bi saioetan bai Agirrek eta bai Sarriegik zenbatgarren postua eskuratu duten begiratu zuten, zenbaki horiek batu zituzten, eta, hala, zenbaki baxuena zuenak egin du aurrera azkenean.

Atzoko saioan «etxean» kantatzen zuen Sustrai Colina nagusitu zen 695,5 punturekin. Urruñarrak kartzelako lan bikainarekin errematatu zuen arratsaldea, eta Jai Alai pilotalekua txalotan lehertu zen. Gainerakoak ez ziren urrun ibili: 691,5 puntu Unai Agirrek; 689,5 Jexux Mari Irazuk; 688,5 Aitor Mendiluzek; 666,5 Jone Uriak; eta 648 Agin Laburuk.

Azken finalaurrekoa zen atzokoa, azken saioa, eta nabari zen bertsolarien artean. Urduri ikusi genituen, kantatzerakoan sarri trabatuz, ezin berotan sartuz. Halaxe egon ziren Jai Alai pilotalekura hurbildutako 1.780 bertsozaleak ere, berokiak eranzteko baino aukeran janzteko hartuta.

Colinaren kartzelako lana izan zen askogatik arratsaldeko lanik txalotuena. Urruñarra lehena zen kantatzen eta asmatu egin zuen. «Nehork ez zuen espero baina lortu egin duzu», izan zuten gaia eta Colinak nerabe baten ahotik deskribatu zituen bai gertaerak eta baita sentimenduak ere. «Hamazazpi urte ditut ia-ia egin naiz handi/ hortzetako aparatua eta aknea ugari/ sudurpean hiru bizar agertzen zaizkit nabari/ horrelaxe jaio nintzen ta bota kulpak amari/ lagunak trufaka dauzkat beti adarjotzen ari/ lakuko zisne itsusia deitzen zidaten aspaldi/ ta gaur muxu eman diot klaseko ederrenari», bota zuen lehenengoa. «Hileak baneramatzan bere atzetik zer suma/ nahiz zaila diren elkartzen larrosa eta asuna/ Amaia oso jatorra ederra bezain txukuna/ bilakatu dut maitea nere printzesa kuttuna/ berak berezkoa dauka halako edertasuna/ eta nik hori ezean, bada, naturaltasuna/ gure amak arrazoi zuen itsua da maitasuna», esan zuen bigarrenean, hirugarrenean horrela bukatzeko: «bukatu da rekreoa ta hau da sentipen itzela/ pasiloan hortxe noa nere zai dut ikasgela/ han sartu naiz toreroa zezen plazara bezela/ nere inbiritan daudenak izorratu daitezela».

Puntukako saioan ere ongi aritu zen Colina, Agirre bigarren sailkatuarekin. Biak ordenarekin muturreraino itsututa zeuden pisukideak ziren. Sustrai hasita: «Orain gure gelara joan behar genuke/ etzaigu aterako biajia merke/ lurrean zer dabiltza bi galtzerdi kutre/ paranoia daukazu hor ez dago bate», eta Agirrek segi: «Orain bertan pasa det hementxe erratza/ bada etzait gustatzen hartu duzun martxa/ honek doble ikusten du arraroa antza/ ta laukoitz ikusteko badut esperantza».

Gazta gora eta behera

Agirrek oso saio txukuna josi zuen atzo ere. Finalera pasa ez izanagatik, gustura egoteko moduan da egindako txapelketaren ondoren. Zortziko txikian Irazurekin aritu zen. Artzaina zen Agirre, eta gaixo zegoela-eta, Irazu koinatuari eskatu zion bere ordez merkatura joateko. Honek gazta probatzeko utzi bai, baina saldu bat bera ere ez. «Gazta erdiya ematen al zenun pintxuan», galdetu zion Agirrek. Irazuk atzetik: «Pintxua eman eta aze betekada/ jendeak mila esker eta besarkada/ nahi nuen helburua lortua dut hara/ lehenago eri zinen oain sendatu zara».

Kartzelako lana ere ondo konplitu zuen, baina pena izan zen, bere aurretik kantatu zuten Jone Uriak eta Aitor Mendiluzek ere bide bera edo antzekoa hartu baitzuten eta ez baitzuen publikoarengana nahi beste iristerik lortu. Uriak eta Mendiluzek txapela irabazi zutela kantatu zuten, Agirrek finalera pasatu zela. «Behar aina puntu atera ditu pozik dago Unai bera/ parranda pixkat egin aurretik ez naiz juango etxera/ bertso eskola osoa hor da ez da neuretzat kaltera/ nahiz ta burua ibili ohi den sarri gora eta behera/ dana borobil atera/ zirrikiturik txikienetik BECeraino heldu gera/ orain neretzat txartela daukat ta bost sarrera gainera», bota zuen hirugarrenean.

Mendiluzek txapela duela lau urte Lujanbiori jantzi zion Joxe Agirreri eskainiz bukatu zuen: «Ta iritsi gera agurretara/ hain gozoa den une hortara/ ezin ezerkin parekatu hau ezin ezerkin konpara/ ta oroimena ez da traba/ ezin bazterrera laga/ urte bat joan dela jada/ hau ez didazu zuk jantzi Joxe baina zauden leku hartara/ honen zati bat bidali nahi det hau zurea ere bada». Finaleko agurrean espero dezagun sentsazio hobearekin bukatzea, atzo berak ere aitortu baitzuen ez zela gustura sentitu. «Ta orain pena bat daukan Murgiako gisan/ gozatzeko kapaza ez naizela izan», esan zuen. Puntutan ere ongi aritu zen Labururekin, Durangoko Azokan Bertsozale Elkartearen standean zerbait saldu nahian.

Uria ere ez zen bere onenean aritu. Colinarekin hamarreko nagusian ale politak utzi zituen. Emazteen aurkako indarkeria salatzeko elkarretaratze batean zeuden eta inoiz baino gazte gehiago bildu ziren. «Ni ere pozten naiz gazteak antza ez daudelako isilak/ ta bietatik dagoelako, bai neskak ta bai mutilak», bota zuen lehenengoan. «Ni pozez nago gogotsu txaloz begi parea bustia/ gazte hauekin ikusi baitut ekaitzetan eguzkia/ sekula inork pasa ez dezan guk pasatako guztia», bukatu hirugarrena.

Irazuk saio polita egin zuen eta azkenean 11. postuan bukatu du txapelketa. Aipatzekoa da saio osoan zehar hizkeran eta gaietan Ipar Euskal Herrira hurbiltzeko egin zuen ahalegina. Kartzelan ere, inork posible zenik uste ez arren, Zuberoan bizitzeko aukera egin zuen. «Urteetako etena/ asko hemendik ertena/ zen Parisen garaipena/ eta euskaldunen pena/ egoerari buelta ematea gazte zenbaitzun lorpena/ ingurukoek etsipena ta nik ez nuen nahi azkena/ berrehun bat ardi latxa ipini neure pentzean barrena/ aberastu enaiz aberastuko dirua ez baita dena/ izpirituak badu nahikoa lurrak ematen duena», kantatu zuen bigarrena.

Laburu ere hortxe aritu zen, muleta eta guzti, bertsoa kantatzeko albo batera uzteko ahalegina eginez. Uriarekin zortziko txikian asmatu zuen umorearekin, eta kartzelakoan egin zuen berak ere lanik onena. Errimak zorroztuz hasi zuen lehenengoa: «Nere logela apaintzen dute Amstrong-en zazpi argazkik/ eta menuan etzait falta ohi ez oilasko ez pastik/ zuzendariak ere hotelean mila konseju dakarzkit/ ez det sakatzen balaztik/ saihesteko arrakastik/ zuzendariak kotxetik dio denak atzian ziaztik/ nik ere enun espero baina indarrak etorri zaizkit».