Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Haleiwatik Sunsetera: Triple Crown itzulia aurrera doa

Pasa den astean Haleiwako txapelketa egin zuten eta aste honetan Sunseten ari dira lehian. Pipelinen amaituko da lehiaketa sasoia.

Haritz Larrañaga Altuna

Aste honetan amaituko da Sunseten Triple Crown itzuliko bigarren proba. Lehen proba, Haeiwakoa, Michel Bourezek irabazi zuen, Sunseten ere bikain ari da tahitiarra, baina oraindik gauza asko gerta daitezke.

Bitartean, lehiakide eta zaleen artean bi dira galdera nagusiak. Bata, nork irabaziko du aurten Koroa Hirukoitza? Eta bigarrena, nor izango da 2013ko munduko txapelduna, Slater edo Fanning?

Triple Crown

Hiru txapelketek osatzen duten zirkuitu txikia da Triple Crown entzutetsua. Hawaiiko Oahu uharteko iparraldean dago munduko olatu bortitzenetakoak dituen eremua, North Shore, eta bertan egiten da Triple Crown itzulia.

Haleiwa, Sunset eta Pipeline Banzai dira zirkuitu labur hori osatzeko aukeratutako lekuak. Lehen bi txapelketek PRIME kategoria dute, eta azkena, Pipeline Banzain egiten dena, WCT zirkuitua ixten duen proba da.

Beraz, maila goreneko txapelketek osatzen dute zirkuitu txiki hau, eta, ondorioz, noski, garrantzi handia du. Hiru probetan emaitza onenak lortzen dituen surflariak jasotzen du surflarien artean estimu handia duen Tiple Crown koroa.

Hawaiin egin zuten mundu mailako lehen txapelketa Makahan egin zuten, 1954. urtean, Makaha International Surfing Championship. Garai hartan Waiki eta Makaha ziren Oahu irlako surf gune nagusiak. Azaroan edo abenduan, urtero-urtero egiten zuten txapelketa hau, eta, 1971. urtean, Munduko Txapelketa egin zuten, baina ez zen ofiziala izan.

Taula motzak agertu zirenean olatu zailagoak hartzeko aukera zabaldu zen eta orduan hasi ziren surflariak Makahatik harago, irlaren iparraldeko olatu bortitzetan, lehen saiakerak egiten. Oahu irlako iparraldea North Shore izenaz bataiatu eta mundu osoko surflarientzako erreferentzia nagusi bilakatu zen garaia izan zen hura. 1970ean, surflari ororen obsesioa tuboa zen, eta, Oahu irlaren iparraldean, tuboen paradisua topatu zuten: Pipeline Banzai.

1971n, Fred Hegmmingsek Hawaiian Masters txapelketa antolatu zuen Pipelinen. 1983. urtean, North Shoreko hiru olatu desberdin bilduko zituen zirkuitu bat egitea erabaki zuten, eta horrela sortu zen Triple Crown zirkuitua.

Tentsio handia

Urtea ahal bezain postu onenean amaitzeko lehiakideek duten azken aukera izaten da Koroa Hirukoitza. Batzuek, gainera, Aritz Aranburuk bezala, datorren urtean lehen mailan egotea dute jokoan. Jada lehen mailan daudenek, berriz, mailaz ez jaisteko ahaleginak egiten dituzte, eta gainontzekoek urteari ahalik eta amaiera hoberena eman nahi izaten diote. Beraz, tentsio handia izaten da Hawaiin garaiotan.

Triple Crown itzuliko lehen txapelketan, Haleiwan, oso nabarmena izan zen tentsioa. Olatuak txikiak ziren eta lau kideko txandak izaten direnez, lehiakideen arteko talka ugari izan ziren. Horixe bera gertatu zitzaion Aritz Aranburu zarauztarrari. Finalera pasatzeko zorian zela interferentzia bat izan zuen Fred Patacia hawaiiarrarekin.

Zarauztarrak bikain

Aritz bikain aritu zen Haleiwan, baina Sunseten ez zuen zorte handirik izan. Ondo aritu bazen ere, lehiakide gogorrak izan zituen eta ezin izan zuen bigarren txanda pasa. Hala ere, oraindik aukera asko ditu zarauztarrak datorren urtean lehen mailan izateko, izan ere, bera bezala 32 onenen artean egon daitezkeen lehiakideek ere emaitza oso onak lortu beharko lituzkete ranking orokorrean Aritzen postua gainditzeko.

Bikain aritu den beste lehiakidea Hodei Collazo izan da, zarauztarra hau ere. Haleiwan final laurdenetara iritsi zen. Sunseten, hirugarren txandara iritsi ostean, ezin izan zuen laugarren txandara pasatzeko behar adina puntu bildu, baina, hala ere, zeresana eman zuen, olatu bikainak egin baitzituen. Bigarren txandan olatuak oso handiak ziren, baina zarauztarrak bira ederrak egin zituen, oso ondo lerratutako birak, eta horregatik ikusleen arreta bereganatu zuen. Gainera, momentu batean sekulako olatutzarrak atzeman zuen azpian eta momentu horretako irudiak ere behin eta berriz ikusi ahal izan ziren txapelketako bideoen artean.

Lehen ere emana zuen zeresana zarauztarrak Sunseten, 2007an hamarreko bat eman baitzioten epaileek Hodeiren olatu eder bati. Orduko hartan tubo bat egin zuen; aurten ez du halako aukerarik izan, baina edonola ere bikain aritu da.

Pipeline

Geroz eta gertuago dago Pipeline txapelketa. Aste honetan Sunseten amaitu bezain laster emango diote hasiera Pipeline Banzai txapelketari eta bertan hiru sari izango dira. Batetik, txapelketa bera irabazten duenarentzako saria. Bestetik, Koroa Hirukoitza irabazten duenarentzako saria. Eta, azkenik, aurtengo titulu mundiala nork eskuratzen duen ere erabakiko da. Beraz, urteko txapelketa garrantzitsuena hasteko gutxi falta da.

Galdera argi dago: nortzuk izango dira lehiakide sarituak? Apustuak egin daitezke, Kelly Slater edo Mick Fanning?