Ane ARRUTI Anartz BILBAO
DURANGOKO AZOKA

Autoekoizpena azokan ere tokia topatu nahian

Durangoko Azoka erakusleiho izugarria da euskal sortzaileentzat. Baina garaiotan gero eta ohikoagoak diren autoekoizpenek zailtasun handiak dituzte bertan egoteko. Talde handiek stand propioa jartzeko apustua egin dute, beste batzuek uko egin diote Azokak eskaintzen duen ereduari eta hainbati leiho berri bat zabaldu zaio aurten, MusikaZuzenean egitasmoaren standaren bitartez.

Autoekoitzitako diskoek gora egin dute nabarmen azken urteotan, baina Durangoko Azokan presente izateko zirrikitua oso estua dute oraindik, are gehiago talde hasiberri batek. Stand bat hartu eta errentagarri ateratzeko, disko asko saldu beharra dago eta gaur egun hatzekin zenbatu daitezke Euskal Herrian horretarako gaitasuna duten taldeak. Zea Mays eta Su Ta Gar-ek stand propioa hartu dute. Binaka edo zenbait talde elkartuta egin duenik ere bada, Ze esatek! & lagunak edo Txalap.art eta Esne Beltza, esaterako.

Horiek horrela, autoekoizpenaren aldeko aukera egin duten beste askori Durangoko Azokan toki bat egin die MusikaZuzenean egitasmoak. Lehenengo aldiz hartu dute stand bat Azokan eta 32 disko jarri dituzte salgai. «Askoz gehiago izan zitezkeen. Erantzuna oso ona izan da. Taldeek interesa dute azokan egoteko, baina ez dute helburu erraza, gaur egun azoka nola dagoen eraikia ikusita», azaldu zion GARAri Koldo Otamendik, MusikaZuzenean egitasmoko arduradunak. «Azoka diskoetxe eta musika plataforma handi eta ertainentzako pentsatua dago, eta bide horretan ugariak dira kanpoan geratzen diren talde eta egitasmoak. Azken hamarkada honetan musika eszena asko aldatu da gurean, eta jadanik diskoetxeak ez dira nagusi diskoen edizioan. Bere diskoa autoekoizten duen talde batek oso zaila du azokan izatea, diskoetxe baten babesik ez badu. Horrela, diskoak autoekoizten dituztenen topaleku izatea izan da gure asmoa».

Autoekoitzitako diskoen artean mundu bat topa daiteke. «Urteak atzera, diskoak autoekoizten zituzten taldeak bi multzotan banatuta zeuden. Alde batetik, `do it yourself' filosofiari segika, den-dena taldearen esku izan nahi zutenak zeuden, autogestioa zuten lehen erabakia. Beste alde batetik, diskoetxeen interesa piztu ez zuten taldeak zeuden, askotan lehen erabakia ez izanagatik ere, ezinbestean autoekoiztera behartuak. Gaur egun badira diskoetxeen eskaintzak jaso eta, hala ere, beraien diskoa autoekoizten duten taldeak. Independentzia handiagoaren bila, beren lanaren kontrola izan nahian», zehaztu zuen Otamendik.

MusikaZuzenean-en standean denetarik aurki daiteke. Askok lehenengo diskoa dute, Aguxtin Alkhat, TikTara, 2zio, Kometa, Ro, Bagauda, Larry Bird, Mikel Uraken, Ukan, Zakillers, Tutan Come On, Hartzak Blues Band edo Hil Aiari, kasu. Badira ibilbide luzeagoa dutenak, The Riff Truckers, PAM, Mantisa, Mobydick, Estricalla, Kaskezur, Malenkonia... Emakumeen aurkako tratu txarren kontra osatutako «Eten» bilduma ere bertan topa daiteke, eta horrela 32 osatu arte.

Hori aurrera eraman ahal izateko, talde bakoitzari kuota bat jarri diote eta, horrela, talde guztien artean ordaindu dute standa. «Baldintza bakarra diskoa 2013an argitaratua izatea zen. Gure aldetik, bertan egoteko aukeraz gain, azokarako prestatu dugun webgune berezia eskaini diegu, disko guzien informazio eta audioekin, katalogo osoaren triptiko batean sartu ditugu eta promozioa ere ari gara egiten».

Izan ere, diskoa egin eta kaleratzea asko erraztu da teknologia berriekin, baina banaketan -nahiz eta hau ere asko aldatu den- eta promozioan nabaritzen dituzte taldeek gabeziak. «Apenas gelditzen dira disko dendak eta ezaguna ez den musika talde batentzat zaila da bere diskoa zirkuitu komertzialetan salgai jartzea. Euskal Herrian banaketa sare on bat beharko litzateke egiten den musika guztia zabaltzeko», azaldu zuen Otamendik.

Baina, beharrezkoa al da Durangon presentzia izatea? Zein garrantzi du urteroko hitzordu honek? Otamendiren ustetan eta bere standean diskoa salgai jarri dutenenean, argi dago «Euskal Herrian gaur egun dagoen musika topaleku handiena» dela Azoka. «Egun hauetan milaka lagun pasatzen dira azokatik eta erakusleiho handia da taldeentzat. Baina ezinbestekoa ere ez da, dozenaka dira beren bidea azokatik kanpo egiten duten taldeak. Musika industriatik at mila bidezidor daude eta musika talde askok muzin egiten diote bide komertzialari eta, hortaz, azokan egoteari ere bai».

Taupaka, plaza zabalean

MusikaZuzeneaneko lagunek Landakoko edukiontzian gotortu diren bitartean, Taupakak, esaterako, kanpoko plazan egin du bere agerpena, tximiniapean. Orain bi urte inguru osatzen hasi eta iaz Azokan stand propioa izan zuen elkarteak; aurten ez, ordea -iaz baino hamabost stand gutxiago dira aurten Durangoko Azokan. Bakoitzak mila euro inguru balio ei ditu-.

«Ez da Azokari kritika egiteko, kontu positiboak ere baditu-eta, baina gure bidea egiten gabiltza, eta iazko balorazioa ez zen positiboa izan gure helburuentzat», adierazi digu elkarteko kide den Siroka taldeko Maria Riverok. «Gure kultur eredua beste bat da, Euskal herritik gure sormena zabaltzea nahi dugu, arlo ekonomikoak gorabehera, ahalik eta gehien ireki areto zein gaztetxeetara, izan leku konbentzionala edo ez», esan du ondoan duen Jon Martinezek, Aldatzen Laguntzen antzerki taldeko kideak. «Durangora etortzea ondo dago, bizirik gaudela erakusten du, baina gure eredua Landakotik kanpo ikusten dugu gehiago». Erakustazokako berotasunak ahalegin ekonomiko handia eskatzen du, eta ez omen datoz horrekin bat. «Baina Landako kanpoan bagara, Durango plaza polita dela uste dugu-eta. Kulturan interesa duen jendea dago hemen, eta guk gure eredua zabaldu eta jendarteari nortzuk garen agertu nahi diogu».

Musikariez aparte, antzerkigile edo ipuin kontalariak zein argazkilariak ere hartzen dituen elkarte irekia da Taupaka, modu asanblearioan kudeatzen dena. Guztira 75 sortzaile inguruk osatzen du elkartea, eta hemezortzi lan (disko, antzezlan...) inguru argitaratu dituzte. Kopuruak gora egiten du kultur ekimenei dagokienez. Guztira 352 ekitaldi ingurutan hartu dute parte, eta 250 areto eta plaza inguru bete, Euskal Herrian zein atzerrian (Bartzelona, Londres, Caracas...); SGAE gisako elkarteei sosik eman gabe eta copyleft zigilupean. «Alde horretatik, pozik gara, geure kaxara ibiltzeko zenbaki potoloak dira-eta».

«Enpresa bitartekari asko ikusten ditugu eta guk geure modura kudeatu nahi genuen gure sorkuntza, geure eredu propioa eraiki», agertu du Josu Bergara musikariak elkartearen xedeaz galdetuta; «eredu alternatibo bat bilatzen genuen».

«Denok konturatu gara gaur egun dagoen eredu kulturalak ez duela balio, agortuta dagoela, eta beste bide batzuk bilatu behar ditugula. Aldaketa garaiak dira eta horretan gabiltza».

Taupaka agurtu eta bukatze aldera, XIV. Azoka Alternatiboa aipatuko dugu, iaz legez artisautza azoka ondoan, negutegipean paratu dutena. Sapuetxeren gerizpean sortua -Durangoko gaztetxeak 15 urte bete ditu-, autoekoizpenera jotzen duten erakunde alternatiboek dute bertan txokoa. «Herrira oso lotua izan dugu beti Azoka Durangon, baina gaztetxetik ikusten genuen banaketa urriko eta talde txikien lanek, norberak kudeatutakoek, hutsunea zutela», dio antolakuntzako kide batek. Horretarako sortu zuten asanblada bidez kudeatzen den Azoka Alternatiboa, euskal gaietara mugaturik ez dena. Oso merke saltzen diren binilo zaharrak eta makina bat erakunderen liburuak dituzte salgai azokan, eta kultur egitarau oparoa dute Sapuetxen, umeentzako antzerki, kantaldi, liburu zein DVD aurkezpen eta beste.

Horietaz aparte, beti da frankotiratzaileren bat bere kabuz Landakoko plazara agertu eta zuzenean jo eta su aritzen dena ere. Iaz bezala, esaterako, Loscalavera bikotea gaur plazan agertzekoa da.

«Zuzeneko taupadak», musikariak elkartasun keinuka

«Zuzeneko taupadak» musika eta elkartasuna lotzen dituen proiektu bat da, bihotzaren erditik sortua», diote egitasmoaren antolatzaileek. S.A., Willis Drummond, BTX, Xutik eta beste askoren partaidetzarekin osatuko den dokumentalaren kantu eta bideoklipa On taldeak egin du. Informazio gehiago: www.zuzenekotaupadak.com. GARA

San Agustin kulturguneko szenatokia guneak antzerki maratoia jasoko du gaur

Ostegunean epel ekin eta atzo berotzen hasi zen Azokak erdiak baino ez ditu eman, eta egitarau konpletoa du gaurkoa ere, Plateruenan itxiko dena, Kauta eta Urtz talde indartsuen itzulerarekin (23.00etan, 10/12 euro).

San Agustin kulturguneko arte eszenikoen plazak antzerki maratoia jasoko du gaur, ordu laurdeneko antzezlan laginak errenkadan emanda -antzezleak ezagutzeko aukera ere izango ei da-. Teknologiari tartea egiten dion Kabiak sortzaile-komunitate eguna ospatuko du, eta Irudieneak «Begiraden atzeko aldean» mahai-ingurua hartuko du eguerdian, emakume sortzaileen lanak aztertuko dituena; Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren lan berriaren, «Loreak errepidean» filmaren, aurrerapen trailerra arratsaldeko 16.00etan, zuzendarien partaidetzarekin. Saguganbaran Pantxika Solorzano eta Xanok «Elektroboom» haurrentzako diskoa aurkeztuko dute eguerdian, eta Juan Karlos Alonsok, helduei zuzendutako «Haur literaturaren eragina haurraren garapenean» hartuko du ahotan, 17.00etan. A. B.

Idazteko aholkuak idazleek emanak, Irati Jimenezen «Aiztoa eta arkatza» liburuan

Aiztoarekin liburu hobeak idazten omen dira arkatzarekin baino, «hori da idazleoi gehien kostatzen zaiguna, laburtzea», azaldu zuen Irati Jimenezek. «Lehenengo zirriborrotik bigarrenera %10 laburtu behar omen da». Horixe da «Aiztoa eta arkatza» (Txalaparta) liburuan gehien errepikatzen den aholkua. Izan ere, aholku sorta bat, hainbat idazlek idaztearen inguruan esandakoak bildu ditu Jimenezek. Antton Olariagak, berriz, aholku emaile ageri den zenbait idazle ilustratu ditu.

Harkaitz Canok hitzaurrean adierazten duen moduan, ez da idazleei soilik zuzendutako liburu bat, irakurleek ere gustura jaso ditzakete aholkuak. «Azkenean denok baikara `idazkurleak'», dio Canok. «Denok aurkitzen gara momentu batean edo bestean idatzi beharrean».

Idazleen artean, anglosaxoiak dira gehienak, Stephen King, Mark Twain, Margaret Atwood, Charles Bukowski... baina hegoamerikarrak ere badaude, tartean Gabriel Garcia Marquez, Jorge Luis Borges eta Augusto Monterroso.

Azkar idaztea aholkatzen du adibidez Ray Bradburyk. Muskerraren moduan, «egon geldirik baina gero azkar mugitu», intuizioari bidea aske utziz. Bitxikeria ugari ere badira. Richard Ford-ek dio idazle batek ez lukeela sekula umerik izan beharko. Atwoodek hegazkinean arkatza eramatea aholkatzen du eta ez boligraforik, lehertu egiten direlako. Pertsonaien deskribapen zehatzegirik egitea ere ez da komeni, Twainen esanetan, eta Elmore Leonarden ustez, idazleak saiatu behar du irakurleek saltatuko dituzten tarteak ezabatzen. Jimenezi aholku bat eskatuta, «gozatzeko» dio argi eta bat egiten du Kingekin, «aiztoarekin min gehiegi egin gabe lehenbizi idatzi azkar, lasai eta bigarrenean, sartu aiztoa. A.A.