Iratxe Fresneda
DURANGOKO AZOKA

Irudi, letra, ahots, soinu eneak

Etxera bueltatzeak dakarren guztia halabeharrez barneratzen dugu, irentsi. Baina etxera bueltak sorpresa gazi-gozoak ere badakartza. Itxaroten egoten dira eman gabeko musuak, ahaztutako ahots doinuak, begiradak eta jaso gabeko gutunak, liburuak... Gaur Jon Benitoren «Bulkada» eta «Orbel zaku bat» berreskuratu ditut «Correos»-eko bulego batetik. Eskuratu bezain laster, «Bulkada» zabaldu eta, etxera bidean, irakurtzen hasi naiz. Semaforoak berdera egin du eta alboan zegoen agure batek pasa behar nintzela gogorarazi dit umoretsu. Elkarri begiratu eta barre egin dugu. Nire bidea jarraitu dut, lasai, astiro, letrez gozatzen eta udazkeneko hostoak auzoko zuhaitzetatik nola jausten diren zeharka begiratuz. Atzerrira joan zait burua, edo, agian, ez da oraindik aberriratu. Sarri ibiltzen da deserrian nire burua; bertan gustura dabilela esango nuke. Eta kanpoan gabiltzanean, galdera ugari egiten dizkigute adiskideek, senitartekoek: Garagardo onik badago berton? Izoztuta ibili zara, ezta? Nolakoak dira neska-mutilak? Atzerrikoek (bertokoek) egiten duten lehenengo galdera, aldiz, jatorriari buruzkoa da. Betiko galdera. Galdera sinple eta konplexua. Izatez euskalduna naiz, esaten diet, Frantzia eta Espainiaren artean dagoen lurraldekoa. Batzuetan bi adiskide maitagarrik ederto asmatu zuten terminoaz baliatzen naiz «nongoa zara» galdera horri erantzuteko: «Betweenland-ekoa». Irribarretsu begiratzen dizute orduan. Eta ostean bestelako galderak datoz, eta erantzunak, eta galdera gehiago. Baita erantzunik gabeko galderak ere. Ez dugu estaturik, baina bagara euskaldunak, eta euskaldunen unibertsoak egiten gaitu garen hori, oso era desberdinetan eta abstraktuan, akaso. Irudiekin, letrekin, soinuekin sortutako kontaketek bihurtzen gaituzte garen hori. Hangoak edo hemengoak, nongoa zara zu?