Jon LEUNDA
European Amlin Challenge

Avironek alferrik galdu ezin duen aukera izango du

Zuri-urdinek Viadana talde italiarraren zelaian jokatuko dute gaur, 15.00etan.

Avironek lau edo bost punturekin etxeratu beharko luke Italia aldetik. Joan den ostiralean neurtu ziren Aviron eta Viadana Jean Dauguerren, eta bien arteko ezberdintasuna ikaragarria dela ikusi zen. Gaur neurtuko dira Italian, 15.00etan.

Erasoko puntua lortzea oso garrantzitsua da baionarrentzat, bai behintzat final-laurdenak jokatzeko asmoarekin jarraitzen baldin badute. Italiarren aurkako bi partidetan 10 puntu batzea ia ezinbestekoa bihurtu da aurrera egin nahi duen taldearentzat. Baionan aurten zerbait egin nahi dute lehiaketa honetan. Ligan lortzen ez baldin bada, European Amlin Challenge irabazteak ere datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko aukera ematen du, eta horixe nahi dute Lapurdiko hiriburuan.

Joan den astean Avironen eta Biarritzen balizko batasun horri buruz ikaragarri hitz egin zen. Batzuek, hori entzunda, bazirudien segituan batu behar zutela, baina azken egun hauetan ahots horiek isildu dira, eta ikusiko da zer gertatzen den. Garbi dago bi taldeek, oraingoz, behintzat, bakoitzak bere aldetik jarraituko dutela, eta bakoitzak berea defendatu beharko duela.

Bi talde hauek, eta lehiaketa berean, 2008-2009 denboraldian ere multzo berean tokatu ziren, eta orduan zuri-urdinek galdu egin zuten Italian. Sekulakoak entzun behar izan zituzten orduan jokalariek, eta badirudi orain inork ez duela nahi ordukoa errepikatzerik, talde zuri-urdinean partida hartan aritutako inor gutxi izango den arren.

Avironek bere jokalaririk onenak zelairatuko ditu; ez du ezusterik nahi, eta bost puntuen bila aterako da. Norgehiagoka zuzenduko duen epailea, berriz, Ian Tempest ingelesa izango da, egun dagoen onenetakoa, eta horrek segurtasuna ematen du.