Anjel Lertxundi
Idazlea
Berria, Anjel Lertxundi 2013/12/11

Dilema totala

Boterearen saloietan, eskuinak beti irabazten dio ezkerrari. Boterean dagoenean, boterea zorrotz eta pitzadurarik gabe praktikatuz; oposizioan, aldiz, elkarrizketa eta kontsentsua predikatuz. Ezkerrak egiten duenaren justu kontrara.

Hori zergatik den, agian boterearen beraren izaera da koska: boterea agintea da, autoritatea, erabakitasuna, lidergoa, konplexu eza, energia. Ezkerrari, teorian behintzat, deserosoak egiten zaizkion ezaugarriak guztiak ere. Halatan, ezkerrak dilema totala planteatzen zaio boterea lortutakoan. Eskuinak bezala agintzen badu, batere konplexurik gabe, hautesle askok ez dio barkatzen: zertarako ezkerra?, eskuinak askoz ere naturalago praktikatzen du autoritatea! Baina malguago jokatzen badu eta bere helburu ideologikoak praktikan jartzeko beldurrez, orduan ere hautesle askok ez dio barkatzen: zertarako ezkerra?

Ezkerraren dilema totalak eta demokrazia formalak errima dute errazena.