Alex Txikonek biren aurka neurtuko ditu indarrak
Telletxearekin eta San Miguelekin lehiatuko da etzi eguerdian Donezteben.

Desafio mistoen asteburua izango da hau, izan ere, larunbatean eta igandean apustu bana egongo da. Aurrenekoa etzi jokatuko da, 12.30ean, Doneztebeko eskoletako pilotalekuan. Alex Txikon Juan Telletxearen eta Santi San Miguelen aurka arituko da.
Txikonek zortzi kana-erdiko ebaki beharko ditu, eta ondoren, 8 kilometro egin beharko ditu korrikan. Bikotean, berriz, Telletxeak zortzi kana-erdiko ebaki beharko ditu, eta San Miguelek, 8 kilometro korrikan. Enborrak ere bikoteak jarriko ditu.
Alex Txikon apustu zalea da, eta neurketa honen aurrean gogoz dago. «Egia esan, apustu zaila daukat. Beraiek bi dira, eta ni bakarra. Juan ezagutzen dut, Euskal Herriko Hirugarren Mailan ere elkarren aurka neurtu izan gara; San Miguel, berriz, ez dut korrika inoiz ikusi. Badakit korrikalaria dela, eta oso ongi ibiltzen dela», dio mendizale eta aizkolari bizkaitarrak.
Desafio hau nondik nora etorri den ere azaldu zigun. «Donezteben mendi astea egiten da. Iaz ere han izan nintzen film bat aurkezten, eta aurtengorako ere deitu didate. Bi kirolari hauek Erreka Elkartekoak dira, eta bazekitenez ni apusturen bat jokatzeko nenbilela, deitu egin zidaten, eta aurrera», esan zuen.
Bizkaitarrak badaki bi nafarrak gogoz aritu direla prestatzen, baina berak ez omen du aizkoran aritzeko nahi adina denbora izan. «Badakit beraiek gogoz aritu direla hau prestatzen. Badakit San Miguelek lesio txikiren bat ere izan duela. Biak oso ongi egongo diren zalantzarik ez daukat. Ni, aldiz, fisikoki oso ongi nago, baina aizkoran ez dut nahi adina ibiltzerik izan. Konpromiso asko dauzkat, eta nahi bezalako prestakuntza egiteko tarterik ez dit uzten», dio Alex Txikonek.
Neurketari tamaina hartzea ere ez du erraza ikusten. «Nirea lan luzea da. Lehenengo aizkoran eta gero korrikan egin behar dut, eta tamaina hartzea ez da erraza izango. Azkenean, ahal bada, aurre hartu nahi diot Telletxeari, korrikan lehenago hasteko, baina beste aldetik aizkoran dena ematen badut, gero korrikan izango ditut arazoak. Beraiek, berriz, hobeto daude. Juanek dena eman lezake aizkoran, ezer gorde gabe, gero bere kideak korrikan ordezkatuko duelako. Nire helburua hori izango da, ahal bada aizkoran aldetxoa kendu, korrikan aurretik hasteko, edo hori ezin badut, aizkoran, behintzat bere parean aritzea», dio Txikonek.
Apustuek aurten hartu duten itxurak sekulako poza ematen dio bizkaitarrari. Jadanik sei apustu jokatu dira aurten, aizkorako bost eta segako bat, eta asteburu honetan jokatuko diren biak batu eta zortzirekin amaituko da urtea. Datorren urterako ere aizkora apustu bat egina dago. Aspaldiko urteetan gertatu ez dena ari da gertatzen, eta horrek poz handia ematen omen dio mendizaleari. «Apustuak beharrezkoak dira. Nik garbi daukat txapelketak baino garrantzitsuagoak direla, bai, niretzat, behintzat. Hau jokatuko dut, eta udaberria baino lehen Tolosan edo Azpeitian jokatzeko beste bat egin nahi dut. Horrenbeste apustu egin badira, jendeak erantzuten duelako da, eta hori zerbaitegatik da», esan zuen Txikonek.
Bizkaitarrak Arria ikusten du iganderako faborito
Larunbatekoa ere apustu polita den arren, igandean Tolosan Arria V.ak eta Zalduak jokatuko dutena da denen ahotan dabilena. Alex Txikonek ere badauka honi buruzko iritzia. «Egia esan, nik Arria ikusten dut faborito. Orain dela gutxi errezildarrarekin Eibarren aritu nintzen, eta ikaragarri egiten du aizkoran. Berez aizkolaria da, eta orain oso ongi prestatuta ikusten dut. Gero ez dakit korrikan zenbat egingo duen, baina gauzak normal joanda, aizkoran Zalduari aldea kenduko diola uste dut. Bien artean aldea badago, eta Arriak aizkoran oso erraz egiten du. Hala ere, Zaldua ez da etsitzen duen horietakoa, eta polita izango da», esan zuen. J.L.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
