Patxi Aznar Bellido
GUTUNAK

Konpromiso garaia

Errauskailuaren eraikina atzean geratu da. Gertaera hau aurrerapauso bat baino ez denez izan, orain gipuzkoarroi lan itzela gelditzen zaigu egiteko. Gaur egun, birziklatze prozesua ondo egitea ezinbestekoa da, zabor kantitatea nabarmen handitzeaz gain, birziklagarriak diren objektuak erretzen edo lurperatzen badira, gaizki egiten ari garelako.

Horrez gain, Europatik datorkigun araudiaren arabera, 2020rako birziklagarria dena erretzea debekatuta egongo da. Esandakoa ondo bideratzeko gizarte moduan konpromisoa hartu behar da. Momentuz 125.000 gipuzkoarrek hondakinen %80 birziklatzen dute, beste gainontzekoek, berriz, %30. Kontua da, alde batetik, %30 horrekin ez dela nahikoa eredu sostengarria eraikitzeko, eta, bestetik, ez da normala kutsatzen duenak eta kutsatzen ez duenak berdin ordaintzea.

Nire ustez, herri guztiek aukeran eduki behar dute zabor bilketa sistema, baina baldintzatuta; era berean, denbora batean birziklatzeko helburuak lortzen ez badira, sistema aldatu behar da. Zentzu honetan, nire ustez, Arrasaten eta Legazpin gertatu dena eredugarria izan daiteke. Lehenengo herrian (EAJ-PNVk, EH-Bilduk, Ezker-Batuak eta beste talde batzuek) adostu dutenez, bosgarren ontziarekin bederatzi hilabetetan lortzen ez badute helburua, hondakinen %70 birziklatzea, zabor bilketa sistema aldatuko dute. Legazpin, zabor bilketa sistema mistoa (atez atekoa gehi bosgarren ontzikoa) erabiliz, lehenengo hilabetean helburuak betetzea lortu dute. Erabaki honekin ingurumenaren alde jotzeaz gain, argi gelditzen da kutsatzea ez dela dohainik.