Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Elkarlanerako, bereiztu

Horrela paratzen badira batzuk auzo batek hiri batetik bereiztea erabaki duelako, zelan ez diren paratuko herri oso batek estatu erdi batetik aldentzea erabakitzean! Ene, ene! Subjektua eta erabakia, horiexek kontuak; kontu bi eta biak. Batzuk ezin bizi bazterrak nahastu barik, hain hartzen dute euren burua zentro! Ez dakite horiek galdera berriak egiten hasiak garela, Gipuzkoan zehatzago, honetaz eta hartaz atez ate egiten hasiak ere, eta ostrazismoaren izenean betiko edukiontziaren erantzunetan tematzen dira, setati, honetan eta hartan euren burua birziklatu ezinean. Bada kontu bat beste guztien gainetik amorrazioz jartzen dituena; gauza denak, guztiak, orain arte ohiko izan ez diren bestelako moduez egin daitezkeela, are gehiago, askotan egin behar direla ere. Ezin dute hori ontzat hartu, ona eta txarra zer den iraganak ezarri baitzuen, iraganak ezarri baitzien. Hortaz, hiriek gero eta handiagoak behar dute izan, progresoa ikuspegi ofizialean ulertuko bada sikiera, eta hiri ingurukoak gero eta hiri barrukoa behar ere. Handia beti, badaezpada ere! Nago krisien gaitz nagusia buruetan dela, burtsan baino lehen.

Bai, modu bilduan Gipuzkoan egiten ari dena, pragmatismoa helbide, ez helburu, ikasbide polita begitantzen zait, txapela kentzeko modukoa. Hortaz, beste batzuek txapela jantzi dute egunotan. Ez, ez nago ametsen gainean, aita santuaz nago. Hara, iruditan ikusia!, airetik zetorrela, dzast! txapela hartu eta segituan buru gainera! Ez da aldaketa makala gero, honen aurreko aitak trikornioa nahiago zuela gogoratuta! Amen. Tira, bertsoen harira! aste osoa egin dut, autobusean izan, komunean izan, elizako konfesatokian izan, doinuak hemendik eta errimak handik zetozkidala, batzuetan trebatuta, trabatuta gehienetan; gure beheko Estatu erdi horren izena puntua emanda, hamaika puntuko bertsoa poto egin barik ezin amaiturik. Eta hori nahikoa izan ez eta argia gora, prezioan, jakina! Ez pentsa batzuei argia bururaino igo zaienik, bai zera! Sakoneko kobazulo argiagoak ikusita dauzkat batzuen azaleko buruzuloak baino. Ama, ama!, zer inportante den bereiztea txapela, txapela azpiko burua eta txapela azpiko buruaren argia! Eta zer inportante den, batzuetan, bereiztea bera, elkarlanean aritzeko abiapuntu ezinbestekoa.