Aimar Irigoienek txapelak pilatzen jarraitzen du
Errezildarrak inongo arazorik gabe jantzi zuen txapela, erabili zituzten lau harriekin onena izan baitzen.

Aparteko arazorik gabe irabazi zuen atzo Aimar Irigoienek Euskal Herriko Harri Handien txapela, eta errezildarrentzat eguna biribildu zuen. Goizean Arriak Tolosako apustua eman zion Errezili, eta arratsaldean Irigoienek harri-jasotzeko txapela, eta hori gauza handia da.
Aurrez iragarri zitekeen moduan, Aimar jaun eta jabe izan zen, eta harri guztiekin izan zen onena. Guztira bost harri erabili zituzten, eta bakoitzarekin hiru minutu izan zituzten lanerako. 200 kiloko errektangularrarekin hasi ziren, eta Irigoienek zortzi jaso zituen. Bigarren Ostolatza sailkatu zen bat gutxiagorekin, hirugarren bi gutxiagorekin Eizmendi geratu zen, eta ondoren berdinduta geratu ziren Ugartemendia eta Telleria birekin.
Erabili zuten bigarren harria 175 kiloko zilindroa izan zen, eta hor ere Irigoien izan zen nagusi, 16 aldiz berdindu baitzuen harria bizkarraren gainean. 11 aldiz jaso zuen, berriz, Ostolatzak, zortzi Eizmendik, bat gutxiago Ugartemendiak, eta lau Telleria II.ak. Honekin lan erdiak burutu zituzten eta Aimar Irigoienek txapela bideratuta zeukan. Sei jasoaldi kentzen zizkion Ostolatzari, eta garbi zegoen zerbait handia gertatu ezean zeinek eramango zuen garaipena.
Erabili zuten hirugarren harria 150 kiloko kubikoa izan zuten, eta hor ere inork zalantzarik baldin bazuen, Irigoien izan zen onena, 13 aldiz berdindu baitzuen harria bizkarraren gainean. Bigarren berriro ere Ostolatza izan zen, 12 jasoaldirekin, eta 10ekin, geratu zen Eizmendi. Laugarren berriro ere Iban Ugartemendia geratu zen, zortzi aldiz jaso baitzuen harria, eta azkena Urtzi Telleria sailkatu zen bi jasoaldi emanda. Honekin sailkapena ere erabat erabakita geratu zen, nahiz eta oraindik beste harri bat jasotzea falta zen, bola, alegia.
125 kiloko bola zen azkena erabili behar zuten harria, eta hor ere ez zen inongo aldaketarik izan, aurreko hiru harriekin izandako sailkapen bera izan baitzen. Errezildarrak 19 aldiz jaso zuen bola, eta berriro ere onena bera izan zen, eta horrekin txapela ere segurtatuta zeukan, nahiz eta lehendik ere horrelaxe zuen.
Bigarren Joseba Ostolatza izan zen 16 jasoaldirekin. Hirugarren Eizmendi sailkatu zen harria hamahiru aldiz bizkarraren gainean berdinduta. Laugarren Iban Ugartemendia izan zen 10 jasoaldirekin, eta azkena Telleria II.a izan zen bost jasoaldirekin, eta sailkapen nagusian ere azkena izan zen urnietarra.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
