Tolosako zezen-plazan Arriarik onena ikusi ahal izan zuten
Errezildarrak itxura paregabea eman zuen Xabier Zalduaren aurkako norgehiagokan, bai aizkoran eta bai korrikan nagusi izan baitzen, eta amaieran sei minutu pasako aldea kendu zion orain arte bi ekintzetara galdu gabe zegoen Zumarragako kirolariari.

Arria V.ak irabazi zuen atzo Tolosako zezen-plazan Xabier Zalduaren aurka jokatu zuen neurketa, baina horren gainetik geratu zen errezildarrak emandako itxura, izan ere, ikaragarria izan zen bai aizkoran eta bai korrikan. Garbi dago Arriarik onena itzuli dela plazetara, eta hori oso berri ona dela aizkolaritzarako.
Mila ikusle inguru batu ziren Tolosako zezen-palzan. Kirolari bakoitzak 20 kana-erdiko ebaki eta ondoren 8 kilometro egin behar izan zituen korrikan. Alde bakoitzak 6.000 euro jokatzen zituen dirutan. Arria II.a eta Aierbe izan ziren Arriaren laguntzaileak, eta Iruntxiberri eta Donato Larretxea, berriz, Zalduarenak. Dirua 100-80 atera zen errezildarraren alde. Enborrak Zalduak plazaratu zituen.
Hasi aurretik jendeak garbi zeukan aizkoran atera behar ziola aldea Arriak Zalduari, gero apustua irabazteko. Lantegi horretan aurretik amaitu zuen errezildarrak, baina agian askok uste bezain alde handia ez zen izan. Gero korrikan ere, ordea, errezildarra gehiago izan zen.
Aizkorako alderik handiena lehen enborretan kendu zion, eta lan erdietara iristear zeudela lortu zuen Arriak enbor bateko aldea kentzea. Bigarren itzulian tartea apur bat gehitu zuen, une batzuetan ia biren aldearekin ere ibili zen, baina enbor eta erdiko tartea kendu zion azkenean. Aizkorako lanak 44 minutu eta 17 segundoan burutu zituen Arriak, eta 47 minutu eta 57 segundoan Zalduak.
Arria hasi zen aurrena korrikan, eta Zaldua aizkorako lanak burutu eta azken saioari ekiterako kilometro bateko tartea kendua zeukan errezildarrak. Hor egin behar zuen Zalduak, baina hor ere Arria gehiago izan zen, eta berehala kendu zion itzuli bateko tartea, eta dena erabakita utzi zuen. Denera, ordubete, 18 minutu eta 21 segundo izan zen Arriaren denbora eta ordubete 24 minutu eta 56 segundo, berriz, Zalduarena.
Enborrez enbor eta kilometroz kilometro, hauek izan ziren Arria V.aren denborak: 1.20, 3.09, 5.08, 7.06, 9.12, 11.18, 13.25, 15.40, 17.33, 20.07, 22.07, 24.46, 27.03, 29.22, 31.51, 34.24, 36.51, 39.23, 41.48, 44.17, 48.41, 52.41, 56.59, 61.17, 65.03, 69.51, 74.10 eta 78.21. Xabier Zalduarenak, berriz, honako hauek izan ziren: 1.38, 2.36, 5.56, 8.10, 10.32, 12.44, 15.12, 17.35, 20.03, 22.24, 24.50, 27.20, 30.00, 32.40, 35.08, 37.42, 40.06, 42.38, 45.06, 47.57, 52.31, 57.04, 61.29, 66.06, 70.30, 75.21, 79.57 eta 84.56.
Arria V.a: «Korrikako lanean ikaragarri gozatu dut»
Xabier Orbegozo Arria V.a gizon zoriontsua zen atzoko apustuaren ostean. «Oso gustura aritu naiz hasieratik. Aizkoran bikain jardun naizela uste dut, baina bera ere horrela aritu da. Hasieran uste baino alde txikiagoa atera diodan arren», esan zuen errezildarrak. «Bera korrikan hasterako kilometro bat kentzen nion, eta banekien zerbait gertatu ezean irabaziko niola. Korrikako lanean ikaragarri gozatu dut», erantsi zuen.
Etorkizunari begira ez zuen ezer aurreratu. «Egia esan egin dudan prestakuntzarekin oso gustura geratu naiz, plazan ikusi delako zer egin dezakedan. Orain gauzak lasai hartu nahi ditut. Agian beste apusturen bat egingo dut, edo agian datorren urtera arte ixarongo dut. Gaur egindakoarekin oso gustura geratu naiz, eta honetaz disfrutatu nahi dut», aitortu zuen Xabier Orbegozok.
Zalduaren aurpegia ez zen horren alaia, baina ez zuen inolako aitzakiarik topatu nahi izan. «Arriarik onena ikusi nahi zuenak, uste dut gaur ikusteko aukera izan duela. Gaur egun ez dakit aizkoran eta korrikan berari irabazteko inor egongo den Euskal Herrian, eta agian aizkoran bakarrik ere ez», esan zuen Zumarragakoak.
Neurketari buruz, berriz, zera esan zuen: «Aizkoran oso gustura aritu naiz, inoiz baino hobeto, baina korrikan ez dut nirea egin. Orain dela aste pare bat gripea izan nuen, eta gaur nabaritu dut. Fisikoki ongi nengoen, hankek egin nahi zuten, baina bular aldea ez nuen ongi sentitzen. Hala ere hau amaitu da, eta orain aurrera egin beharra dago», aitortu zuen Zumarragakoak.
J.L.
Zaleek erantzun bikaina eman zuten berriro ere
Zaleek apustu gosea dute, eta hori berriro ere baieztatu zen atzo, Tolosako zezen-plazan, mila ikusle inguru batu baitziren. Gaur egun gizarteak bizi duen egoera kontuan hartuta, ezin esan, inondik inora sarrera txarra izan zenik. Aurten guztira zortzi apustu jokatu dira, eta denetan izan da handia jendearen erantzuna. Garbi dago apustuek oraindik ere indar handia dutela.
Aurpegi ezagun asko izan ziren harmailetan
Atzoko apustuak ikusmin handia piztu zuen, eta Tolosako zezen-plazako harmailetan aurpegi ezagun asko ikusi ziren. Besteak beste han zeuden Azurmendi, egungo Euskal Herriko txapelduna, Arrospide, Mindegia, Erasun, Vicente, Elorriaga, Peñagarikano, Rekondo, Olasagasti, Arria III.a edo Otaño, apustua jarraitzen.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
