Jon LEUNDA
Berezkoak

Waltari buru dela abiatzera doa aurtengo Buruz Burukoa

Amerikarra da azken urte hauetako txapelduna, eta askoren ustez baita aurten garaipena lortzeko faborito nagusia ere. Ezkurra ere kontuan hartu beharko da.

Gaur hasi eta otsailaren 9an amaituko da Berezkoen Buruz Burukoa. Guztira hamabost pilotari arituko dira lau multzotan banatuta, eta eskailera eran jokatuko da, behetik gora. Waltari, Ezkurra, Harizmendi eta Ximun Lanbert izango dira multzoetako buruak. Hauek final-laurdenetan hasiko dira lehiaketan parte hartzen.

Waltari, Bonebeltxe eta Ducassou I.a izango dira A multzoan arituko diren hiru pilotariak. B multzoan, berriz, Amulet, Jannots, Ducassou II.a eta Ezkurra izango dira. Bi multzo hauetako onenek elkarren aurka jokatu beharko dute finalerdia, eta garbi dago bi multzo hauetan daudela, askoren ustez, txapela lortzeko faborito nagusiak. Waltari, Ezkurra edo Ducassou II.a dira askoren ustez irabazteko aukerarik gehien dituztenak, baina garbi dago, gehienez ere, hiru horietako batek jokatu ahal izango duela finalerdia.

Larralde, Agirre, Laurent Lanbert eta Harizmendi arituko dira C multzoan, eta D edo laugarren multzoan, berriz, Kurutxari, Lazkano, Intxauspe eta Ximun Lanbert arituko dira. Bi multzo hauetako onenek ere elkarren aurka jokatu beharko dute finalerdia.

Jokatzeko lekuak hautatzerako garaian, ez da aldaketa handirik izan, azken urte hauetako berak izango baitira. Arrangoitze, Lekorne, Donapaleu, Donibane Garazi, Maule, Armendaritze, Senpere eta Baiona izan dira partidak jokatzeko hautatu diren lekuak, eta urtero moduan, final handia Baionako Modernen jokatuko da.

Aurreneko partidak

Gaur bertan abiatuko da lehiaketa Arrangoitzeko trinketean, hantxe jokatuko baita, 18.00etatik aurrera lehenengo norgehiagoka. Bertan, Olivier Jannots eta Antton Amulet lehiatuko dira. Azken hau aurreneko aldiz arituko da, eta itxura ona ematen saiatuko da, eta honelako pilotarientzat ere garrantzitsua izaten da lehen kanporaketa gainditzea.

Jannotsek eskarmentu gehiago du, eta lehiaketa batean horrek garrantzia handia izaten du. Nerbioekin, ordea, arazo asko izaten ditu, eta ikusi beharko da ea horiek menderatzeko gai izaten den edo ez. Gaurko partida, gainera, oso garrantzitsua izango da bientzat, oso multzo zaila baita hau, eta hemen bi partida irabaztea oso zaila izango dute gaur aurrez aurre arituko diren pilotariek. Gaur garaipena lortzen duenak, datorren ostiralean jokatu beharko du Ducassou II.aren aurka, bigarren kanporaketa.

Lehen jardunaldiko azken bi neurketak, berriz, astelehenean jokatuko dira Donibane Garaziko Garat trinketean, 16.00etan hasita. Agirre Larralderen aurka neurtuko da, eta Lazkano, berriz, Kurutxariren aurka.