Biarritzen erreakzioa espero dute Agilerako zale guztiek
Lapurtarrek bigarren postuan dagoen Stade Français hartuko dute.

Biarritzek eta Avironek mailari eusteko borroka horretan jarraitzen dute, eta puntuak behar dituzte, nahiz eta zuri-gorriek premia handiagoa duten. Azken hauek Agileran jokatuko dute gaur, 18.30ean, eta aurrean Stade Français izango dute. Baionakoek, aldiz, Katalunian jokatuko dute, Perpinyaren zelaian arituko baitira, ordu berean.
Biarritzek oso norgehiagoka zaila izango du, aurrean Stade Français izango baitu. Pariseko taldea aurten denboraldi bikaina egiten ari da. Liga irabazteko itxaropenarekin dabil, eta Agilerara lau puntuen eta ahal badute bosten bila etorriko dira.
Lapurtarrek azken postuan jarraitzen dute, salbazioko postuak oso aparte dituzte, baina oraindik badute hortik irteteko aukerarik, baina horretarako garaipenak behar dituzte, eta horiek ez dira heltzen. Hor dago arazoa. Zaleak nahikoa etsita daude, eta gehienek garbi dute datorren urtean Pro 2 Mailan jokatuko dutela, bai behintzat Avironekin batzen ez badira, eta badirudi aukera hori ez dela egiaztatuko, beraz, zaila izango da Olympiquentzat jaitsiera saihestea, bai behintzat hemendik aurrera sekulako maila ematen hasten ez badira.
«Egin behar duguna gauza xinplea da; irabazi», horixe esan zuen atzoko entrenamenduaren ostean Laurent Rodriguez entrenatzaileak. «Zer egin behar dugun badakigu, eta oraindik gauzak gure esku daude. Zelaian nola jokatu behar dugun ere badakigu, baina ez dugu asmatzen. Garbi dago azkeneko partidan bezala jokatzen badugu ez daukagula zereginik, baina nik oraindik badut itxaropenik», gehitu zuen Rodriguezek.
Gaur talde zuri-gorriak zelairatuko duen hamabostekoa honako hau izango da: Synaeghel, Genevois, Gomez Kodela, E.Lund, Lockley, Guyot, Lakafia, Harinordoki, Lesgourgues, Yachvili, Brew, Burotu, Baby, Ngwenya eta Traille. Aulkian geratuko dira, aldiz, Hegi, Barcella, Furno, Fono, Peyrelongue, Gimenez, Pietersen eta Broster.
Aukera ederra
Avironek ordu berean jokatuko du Perpinyaren zelaian, eta etxetik kanpo Ligako lehen partida irabazteko aukera paregabea dauka talde zuri-urdinak. Kataluniarrak ere ez dira lehen zirenak, eta mailari eusteko borroka horretan sartuta daude. Une honetan Baionakoek baino puntu bakar bat baino ez dute, eta sailkapenean ere postu bakar bategatik daude aurrerago.
Gaur irabazteak sekulako garrantzia izango luke, izan ere, aurkari zuzen bat atzean utziko lukete, eta gainera, zulotik gorako bidean jarraituko lukete. Orain arte, ordea, Avironi ikaragarri kostatzen zaio etxetik kanpo irabaztea, ez du Ligan bakar bat ere irabazi, eta ikusi beharko da gaur zer egiten duen talde zuri-urdinak.
Avironek ez du eman ezagutzera bihar zelairatuko duen hamabostekoa, baina bai deialdia, eta honako hauek sartu dira: Roumieu, Etrillard, Igiñiz, Manukula, Muller, Tialata, Senekal, Chisholm, Fa'aoso, Boutaty, Marmouyet, Monribot, Ollivon, Bernad, Puricelli, Belie, Loustalot, Brett, Fernandez, Rockoko, Ahoetiiloa, Lovobalavu, O'Connor, Fuster, Bustos Moyano eta Spedding.
Bi euskal taldeak kontuak egiten ari dira jada
Liga aurrera doa, eta garbi dago bi euskal taldeentzat gauzak ez doazela ongi. Jadanik kontuak egiten ere hasita daude, nahiz eta bi taldeak ez dauden baldintza berdinetan. Okerren, dudarik gabe, Biarritz dago. Sailkapenean azkena dago. 17 puntu besterik ez ditu Agilerako taldeak, eta salbazioa 13 puntura dauka. Errugbian puntuak launaka eta bosnaka ere batu daitezke, beraz, oraindik aukerak badaude, baina itxaroten dauden erreakzioa ez da iristen.
Avironen egoera hobea da. Jaitsieratik kanpo dago, nahiz eta oso gertu jarraitu, baina gaur irabazita gorako bidean ere jarriko litzateke. J.L.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
