Inazio MURUA
ZORROZTARRIA

Zientzia metafisikoak erlijio politiko berria?

Tarota, astrologia edo kiromantzia «zientzia» metafisikotzat hartzen dituzte. Kartak bota eta geroa igarri, eskuko lerroak irakurri eta geroa deszifratu edo horoskopoaren esanak asteko umorea agintzea ez da ezohikoa makina bat jenderengan. Tirantza hori erlijiosoa da hein batean, sakraltasunaren erritu eta liturgia guztiekin, eta fedea eta debozioa eskatzen ditu. Eta eliz kantetako «sinisten dut, sinisten dut» errima bera.

Ez dakit urte berriaz «zientzia» berriok zer dioten. Erabakigarria izango ote den, «historikoa»... batek jakin! Baina, aurre- koak bezala, etorri den bide beretik joango dela esaterik badago, bai.

Dena den, hobe kiromantziak eta tarotak izurria bailiran politikatik aldentzea. Esaterako, urtea historikoa izango dela aurreratzen bada, denak «historiko» kategoria badu, deus ez da historiko izango. Eta ziurra, jendearen enpatxua izango da ziurra.

Numerologia ezpal berekoa da eta ezagutu ditugun langabezia datuekin makina bat tranpati aritu dira jardun horretan. Ofizialki, «errekuperazioaren urtea» aldarrikatu da eta dezimak gora dezimak behera, estatistiken eta berauen analisi interesatuen bonbardaketa aurre- ikus daiteke. Errealitatea jende xumearentzat oso bestelakoa izan arren, zenbakiak zenbaki dira eta debozioa merezi dute.

Atzo, Durangon, euskal presoen agerraldia izan zen. Eta aste osoa aritu dira zer esango zuten, eta zeinek, kristalezko bolan ikusten. Hitz egin baino lehenago hitzak «okaztagarri» definituz, argudioak «gaitzesgarri» eta agerraldia bera «akelarre odoltsu» gisa. Formak zaindu gabe eta probokazioa xaxatuz, zentzu oneko ekarpen oro, mandatu erlijiosoagatik-edo arbuiatuz. Sentzilloki, idiota bezala erretratatzen diren arren, errekonkista eta errestituzio misioan daudela sinistu dute batzuek. Zentzu tragiko bat behar duen mesianismo berri baten profetak direla.

Urteak zer ekarriko duen esaterik ez dago. Politika ez baita zientifikoa. Desirak eta otoitzak libre, eskatzea libre, baina gero, lortuko dena ez da beti norbere esku egoten. Zientifikoa ez den arren, ez da horregatik berritsu iruzurgileen esku utzi behar. Txotxolokeriak, bere une eta neurrian... tira, hainbestean. Baina euskal jendea tontotzat hartzea, ez! Eta eskatzea libre: maila, beste maila bat erakutsiko balitz hobe, askoz hobe.