«Les secret des sources» marrari osatzeko garaia iritsi zitzaion
Remi Laborde, Christian Ravier eta Remi Thivel pirineista frantziarrek pasa den abenduaren 12an zabaldu zuten Gavarnieko zirkuan osatu zen izotzezko bidea. 350 metro luze da, eta ED zailtasuna du. Lehen errepikatzaileek aldaera zuzen bat sortu zuten.

Lasai asko esan daiteke aurten izan dela «Le secret des sources»-en garaia. Eta une zehatz hori aurkitu dutenak pirineismoan behin eta berriz zeresana ematen ari diren Remi Laborde, Christian Ravier eta Remi Thivel frantziarrak izan dira. Bai, hirukote horrek izotzezko zein mistoko marra hori osatuta ikusi, bidean sartu eta goitik atera zen. Lehen aldia zen inork bide hori eskalatzen zuena, eta protagonistek «Le secret des sources» izena jarri diote.
Proposamen berria Gavarnieko zirkuan dago, baina, hori bai, bere «kideengandik» nahiko urrun. Udazkenak utzitako eta neguak jasotako baldintzek, batez ere Gavarnieko lehen bi murruetan jarduteko aukera eman dute orain arte. Baina ohiko marrez harago, badira beste aukera batzuk aztertzen dituztenak, eta «Le secret des sources» bidearekin hori gertatu da. Behin eta berriro begiratu eta aztertu, eta aurretiko lan horrek saria jaso du. Guztira, 350 metro luze da eta ED zailtasuna jarri diote. Protagonistok zortzi luze berri eskalatu zituzten, eta egungo lehen mailako marra berri askok bezala, honako osagaiak ditu: mistoa (M5 gradura arte), izotz tentea (90°), eskalada librea (V+/6a)...
Bitxia bada ere, bide berria zabaldu (abenduaren 12an izan zen) eta biharamunean lehen errepikapena iritsi zen. Alberto Fernandez gipuzkoarra eta Martin Elias errioxarra protagonistak izan ziren. Beren kideek ez bezala, bikote horrek aldaera bat egin zuen. «Aldaera iberikoa» deitu diote eta V+/90° zailtasuna du.
Une aproposa
Thivelek adierazi duenez, bere kide Laborde izan zen marra osatuta zegoela ikusi zuena: «Gavarniera joan-etorri labur bat egin genuen. `Hotel du Cirque'-ra iristen ari ginela, nire lagunak ohartarazi zidan murruen ezkerraldean, hots, Marbore azpialdean marra tente bat izotzarekin osatuta zegoela. Nik biharamunean beste jarduera ezberdin bat egiteko gogoa nuen, baina lagunaren motibazioa eta emozioa ikusita, planak aldatu nituen. Aitortu behar dut aurten ez bezala marra hori nahiko osatuta zegoela; hainbeste izotz jarraian ez dut inoiz ikusi. Gainera, jakin bagenekien batzuetan denboraldiaren hasieran osatzen dela eta segituan desagertzen dela».
Frantziarrek sortu berri duten marra berriaren hasiera hobeto ezagutzeko, bi lagunek «Adrenaline» marra eskalatu eta urratsa zabaldu zuten. Biharamunean berriro martxan ziren. Hirugarren kide bat, Ravier, gehitu zitzaien: «Christian gurekin etorri zen. Denboraldi honetan lehen aldia zuen izotzean eskalatzen. Beti esaten du izotzean poliki-poliki joatea gustatzen zaiola. Bazirudien `egun pasa' egitera joan zela, eta azkenean, elkarrekin bide berria sortu dugu. Oro har, izotzaren geruza uste baino argalagoa zen. Belarretan ere mistoa egitea egokitu zitzaigun. Orduak oso azkar joan ziren, eta jada gautua zela egin behar izan genituen rappelak. Ondoren, Alberto eta Martinen aldaera zuzena iritsi zen. Andoni Ormazabal, Unai Mendia eta Mikel Zabalzak ere eskalatu zuten».

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
