Isabella Blow: Britainia Handiko modaren jainkosa
Isabella Blow-ren munduan sartzea arrosaz jantzitako amets batean jaustea bezalakoa da. Horrela adierazi nahi izan digu Londresko The Strand kale famatuaren alboan dagoen Somerset House kultura zentro dotore eta neoklasiko itxura hartzen duen eraikin txundigarriak. Martxora arte zabalik izango den «Isabella Blow: Fashion Galore!» erakusketa Britainia Handiari «Cool Britannia» izena ematen lagundu dioten moda diseinatzaileen atzera begirako bat da, eta batez ere horiek bultzatu zituen Isabella Blowri eginiko omenaldia.

Issy Delves Broughton izenarekin jaioa, Isabella Blow 1958ko azaroaren 19an sortu zen familia noble eta aberats batean. Garbitzaile lana izan zuen lehena (eta hori harrotasunez eramaten zuen), Blowk goiz aukeratu zuen bere etorkizuna: moda munduan lan egiteko grina sartu zitzaion gaztea zenean eta hori ere lortu zuen. Munduko moda aldizkari famatuenentzako estilista eta editorea izanik, Anna Wintour-en laguntzailea ere izan zen Ameriketako Estatu Batuetako «Vogue» aldizkarian.
Erakusketa dotorea da eta sartu aurretik eraikin tinko horren harrera-lekuan ondo jantzitako gizon eta emakumeek saltzen dute sarrera, 12,50 liberatan (15 euro inguru). Hurrena erakusketaren lehen gelan barneratzen da bisitaria. Blowren argazkiak daude, txikia zenekoak, baita egunkarietan ateratako haren familiaren berri laburrak. Gela honetan benetan atentzioa deitzen duena, halere, Britainia Handian «Vogue» aldizkarian publikatutako Cecil Beaton moda argazkilariaren fotografia da. Horretan dotore jantzitako emakume bat ikus daiteke lehergailu baten ondorioz suntsitutako iraganeko Londresko hondakinen artean. Aldizkariak gudaren nahigabetasunaren aurrean ondo janztearen esfortzuak goraipatu nahi izan zituen eta argazkiarekin argitaratutako artikuluak «Fashion Is Indestructible» izena hartu zuen. Zoragarria benetan.
Lehendabiziko areto honetan ahoa ur egin zaigula, Somerset House-k ezin zukeen era hoberik aurkitu prezioari justizia egiten dion erakusketa hau hasteko. Laudorioz beteriko erakusketa da hau eta gehienak Blow-ri zuzendutakoak dira. Korridore bateko horman hauxe irakur daiteke: «Bere trebetasunik handiena bere klase sozialaren hondarrak eta historiaren hondakinak hartu egiten zituela zen Britainia Handiko hogeigarren mendeko moda eta estiloa aditzera emateko». Gutxik izango luketen graziarekin Blow moda artista gazte ausartenen ordezkaria izatera iritsi zen eta haien sorkuntzak jantzi ere egin zituen. Artista horiek, noski, Philip Treacy kapelagilea eta Julien Macdonald eta Alexander McQueen soinekogileak dira.
Erakusketan era grafikoan ikus daitekeenez, bideoetan erakusten dira jenio hauen bildumak beren unibertsitateak izan ziren ibiltoki xumeetan. Blowk artista hauek lagundu zituen, graduatuak izatetik nazioarteko ospea jasotzeraino. Hala, Blowk zuen arropa bilduma zabalean sortzaile horien pieza preziatuenak zeuden, artista bakoitzak zuzenean oparitutakoak, baita saldutakoak ere.
Philip Treacy 1989. urtean ezagutu zuen Blowk, lehena Royal College of Art-en kapelak sortzeko lizentziatura egiten ari zen bitartean. Handik hiru urtera, 1992. urtean, Central Saint Martins unibertsitate prestigiotsuko moda masterreko azken ekitaldira bisita egin zion, eta bertan ikusi zuen Alexander McQueen-en sorkuntza, zeinarekin maitemindu egin baitzen guztiz. Erakusketak agertzen duenez, diseinatzaile britainiarraren bilduma osoa erosi zuen eta nahiz eta diruz eskas ibili garai hartan, «100 libera ordaintzen zizkion astero arropa zati baten truke, hilabetero». Hussein Chalayan-en egungo ospean ere zerikusi handia izan du Blowk.
«Blowk erakargarritasuna sentitzen zuen desberdinak baina ondo eginak zeuden arropengatik», dio erakusketako beste korridore batek. Hori zen, Blow-ren ustez, Britainia Handiko moda berriaren ezaugarri nagusienetako bat eta ospatu egin nahi zuen. Oraindik ere kapelagilea den Treacyk, adibidez, bere estudioa eraiki zuen Blow familiarena zen Sloane Square inguru aberatseko sotoan eta honen diseinuek, zeintzuek eskulturen forma hartzen baitute gehienbat, kapelaren industria berpiztu dute nazioarte mailan. Bere sorkuntzak izan dira Erresuma Batuko monarkia ezkontza garrantzitsuetan jantzi dituztenak, adibidez, eta Grace Jones bezalako pertsona ospetsuek ere erabili izan dituzte bere kapelak.
McQueen, bestalde, Treacyren estetika perfekzionistatik zeozer aldendu egiten da (erakusketan bada Treacyk lumaz egindako belaontzi itxurako kapela bat, ederra benetan) eta hondamendia eta debozioa irudikatu nahi ditu antzinako motiboei bere sinadura emanez. Blowk esan izan duenez: «McQueenen estiloaz gustatzen zaidana bere konplexutasuna da; iraganeko ideiak hartu eta bere egiteak bihurtzen du diseinatzaile hau hain sortzaile modernoa».
Ezpainetako barren lehen zenbakidun fana zelarik (batez ere bizitasun handiko kolore gorrikoak) eta bere egunerokoan tinta arrosaz idazten zuelarik, Blow «punk ideologiadun emakume akademikoa» bezala deskribatu izan da eta erakusketa honetan ikus daiteke horren zergatia. Blowk interes handia zuen gorputzak modaren bitartez jasaten duen aldaketan eta arropek konbentzionala originalean eraldatzen duten heinean, eta atzera begirako honetan pasio hori argi ikus daiteke. Moda da epizentroa eta manikiak honen jainkosak (ez galdu sei bat maniki altxatzen diren Atenaseko Akropolia burura ekartzen duen gela).
Laukote famatu honen triangeluan (Blow, McQueen, Treacy eta Macdonald) bi partaide besterik ez daude bizirik. McQueenek eta Blowk bere buruaz beste egin zuten. «Isabella Blow: Fashion Galore!»-k, hala eta guztiz ere, jenio hauen sorkuntzek bizirik dirautela gogorarazi nahi du, eta Erresuma Batuko arte industrien ospakizuna izateaz gain (ezin ahaztu herrialde honetako unibertsitate izugarriek arte sorkuntzan eta artisten sustapenean egiten duten lan liluragarria), ausarta izateak eta arauak apurtzeak sarri askotan dakartzan emaitza bikainak idatzita utzi nahi ditu gure burmuinean... arrosa kolorez.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
