Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Konpromisotan hiru

Bada hori, hamabi hilabetetan abisatzen egon eta hona! 2014an gara! Aupa, edo! Nik urte hasierarekin batera hiru konpromiso ditut neure buruarekin hartuak. Alde batetik, zin dagit, eta oraingoan ez da behekoen legearen aginduz, ez nauela ezerk berriro harrituko. Ezerk ere ez, demontre. Orain arte esan bai, esan egiten nuen hori, baina noiz edo noiz, gertaera batzuk izan berritan, atzera begira eta dzast! Jainkoaren garaikoa ei zen haren emaztearena gertatzen zitzaidan, hots, harriduraz zer eta gorputza gatzarri bihurtu! Eta horrela geratu ere, harri, hurrengo euri-jasa izan arte behinik behin. Hain da bideratzaile ona ura! Eta gernua! Hain bizia izanda, ura, etengabe dabil ibilian, ubideak sortuz, eta ezponda ezegonkorretan luiziak ere lagunduz, grabitatea beti lagun. Zementuak berak ere ezin kontrolatu, ez hango Panaman ez hemengo Esan; ezin. Horra, Bilboko kale nagusi bat ubide bizia bihurtuta! Lehorreko ozeanoak izan badiren seinale. Laboretan ere badira lehorrekoak eta ureztatuak, bietan ura funtsezko eta biak elikagaien sorleku. Bilbo hartu duen olatua gerora izan litekeen klima politikoaren aldaketak ekar lezakeenaren ispilutzat hartu behar da, hartutako kalea Autonomia izanda ere. Hiztegiaren kolpea, gero!

Hiztegia hiztegi, eta bigarren konpromisoa, nire hiztegi guztiak ateko ontzian utzi ditut, paper zuri birziklatu bilakatzeko. Baina ez autogobernu-lantaldera zuriz eramateko, bai zera, eduki ordenatuz beteta eramateko baizik. Bide-orria? Ez, ubide-mapa. Ama, ama! Dirutan gehiago balio dute hiztegiek, bildutako berbek edukitan baino. Horra! Jelkideak zer eta errepublikano! Eta ni enteratu gabe, txotxoloa halakoa! Baina ez al ziren demokrata? Nolatan izan daitezke batera bata eta bestea? Hango Estatu Batuetan ezina dena hemen ahala ote? Kapaz! Eta besteak sozialistak! Hau akabua, gero!

Eta konpromisotan azkena, etxeko atlas guztiak auzoko 0-3 urteko umeen gelara eroan ditut, Bilbo erdikoa bera ere, umeak artaziekin trebatzen hasteko, zorroztu ondoren, etorkizun hobea helburu, jatorragoa esate aldera, irudimena lantzen hasi ere. Dzast! Ebro Panama bihurtu! Eta beheko Estatu antzeko hori plaka politiko modura jitoan utzi, Atlantidarako bidean, berak sortutako tsunamien esku, bat, txiki, gatibu... eta ustel. Amen.