Jon LEUNDA
European Amlin Challenge

Avironek itxuroso amaitu nahi du aurreneko fasea

Zuri-urdinek bigarren bukatuko dute beren multzoan, baina ez dira sailkatuko.

Avironek ia ez dauka European Amlin Challengen final-laurdenak jokatzeko aukerarik, baina azken jardunaldian garaipen bat lortu nahiko du, batez ere bere buruari erakusteko etxetik kanpo jokatzen duenean ere irabazteko gai direla. 20.30ean hasiko da zuri-urdinek Grenoblen jokatuko duten partida.

Hemendik aurrera Ligan jarri beharko du burua talde zuri-urdinak, eta horretarako ere gaurko arerioa aproposa da, izan ere Grenoble Top 14koa da, eta irabazteko leku aproposa izan daiteke. Hala ere, gaurkoan ohikoak ez diren jokalariek hasieratik aritzeko aukera izango dute, eta hori ere garrantzitsua izango da, entrenatzaileak beraiekin kontatzeko modukoak direla erakutsi nahiko baitute.

Grenoblek ere ez dauka aurrera egiteko inongo aukerarik, ez eta Aviron harrapatzeko ere. Gaur gertatzen dena gertatu, Avironek bigarren amaituko du lehen fase hau, eta frantziarrek, berriz, hirugarren. Inork jokoan ezer ez duenez, ikuskizuna eskaintzeko ere aukera paregabea izango dute bi taldeetako jokalariek, eta norgehiagoka ikustera joaten diren zaleek, partida ederra ikusi ahal izango dute.

Azken orduko ezusterik ez baldin bada, honako hau izango da Avironen hamabostekoa: Elisalde, Fuster, Ahoteiloa, Ugalde, O'Connor, Brett, Duhalde, Lafond, Arganese, Manukula, Haare, Gayraud, Bernad, Monribot eta Puricelli. Hau baieztatzen baldin bada, Etrillard, Van Rensburg, Lapeyrade, Senekal, Marmouyet, Rouet, Spedding eta Bustos Moyano izango dira aulkian, jokatzeko aukeraren baten zain, geratuko diren jokalariak.

Norgehiagoka, berriz, Andrew McMenemy eskoziarrak zuzenduko du. Baionan jokatu zen partidan, Avironek 37 eta 6 irabazi zuen.