Surflari Ernegatua

Azken urautsia, Kamtxatka penintsulan

Martin's Beach Kaliforniako hondartza zoragarri bat da. Itzelezko olatuak izaten dira bertan eta hondartzaren luze-zabalean diren urautsiak surflariz betetzen dira. Orain ordea, ez da surflaririk uretan, ezta itsasertzaz gozatzen duen paseari bakanik ere. Triste dago hondartza, hain zuzen ere, herritarrek ezin izango dutelako gehiago hara joan.

Martin hondartzara joateko munduko pertsonaia aberatsenetako baten lurretatik iragan behar da. Vinod Khosla izeneko milioidun amerindiarrak hondartza inguratzen duten lurrak erosi ditu 37,5 milioi dolarren truke. «Forbes» aldizkariaren arabera, Khoslak 1,5 bilioi dolarreko ondasuna dauka. Gosea eta hotza pasatzen du, beraz, enpresari jatorrak.

Pasa den astean hondartzarako bidea hesitua topatu zuten herritarrek «Private property. Keep out» zioen txarteltxo batekin. Alegia, «Jabego pribatua. Kanpoan geratu». Kaliforniako hondartza guztiak publikoak dira, baita Martin's Beach ere, baina herritarrek aurrerantzean hondartzara joateko bidea itxita izango dutenez, ezin izango dute eremu hartan itsasertzaz gozatu.

Surfrider erakundea kexu da. «Herritarrek Martin hondartzara joan ahal izateko duten eskubidea bermatua izan dadin lanean ari gara», dio gobernuz kanpoko erakundeko prentsa oharrak. Gauzak horrela, zentzuzko irtenbiderik ezean, datorren maiatzaren 5ean epaiketa bat izango da. Estatubatuarrek salbuespen gisa ikusten dituzte halakoak, baina beraiek hainbeste maite duten sistema baten ondorioak baino ez dira.

Iparramerikarrek dituzten ideia gutxi horien artean, bada gauza bat diruarekin batera balio goren aspaldi izendatua duten: jabetza pribatua. Horrekin batera, merkatu librea defendatzen dute. Modu horretan, dirua duenak nahi duena eros dezakeelako ideia daukate, eta munduko beste herrialdeetan aplikatzen dute berau. Zenbat hondartza edo paradisuko uharte ez ote dituzte menderatu edo erosi? Bertako zenbat herritar ez ote dituzte beren hondartzetara joateko eskubideaz gabetu? Baina oraingo honetan beraiek defendatzen duten sistemak beraiek antzeman ditu. Eta ni, egia esango dizuet, pozten naiz, zeren halakoak ez dira ongi funtzionatzen duen sistema baten salbuespenak, sistema bera agerian uzten duten gertakariak baizik. Eta hemen ere hondartzetarako sarrerak ixten hasiko balira? Sistema berbera da, gerta daiteke...

Ni lasai naiz. Halakoetan, nire lagun batek dioen moduan, hondartza eta urautsi guztiak debekatuko balituzkete ere, beti geratuko zaigu urautsi bat, uhinak olatu eta olatuak apar bihurtuko diren lekua. Kamtxatka penintsula.