Jon LEUNDA
Aizkora | Urrezko lehiaketa

Larretxeak eta Etxeberriak lehen helburua bete dute

A multzoko aurreneko postua lortu dute, baita finalerdietarako txartela ere.

Donato Larretxeak eta Felix Etxeberriak irabazi egin zieten Juanjo Lopezi eta Ruben Saralegiri, eta A multzoko lehen postua segurtatu zuten. Haiekin batera, Joxemari Olasagastik eta Julen Kañamaresek lortu dute finalerdietarako txartela, eta, atzoko galtzaileak, berriz, lehiaketatik kanpo geratuko dira.

45 ontzako enborra zeinek azkarrago moztu izan zen egin behar izan zuten lehen lana, eta horixe izan zen Lopezek eta Saralegik irabazi zuten proba bakarra. 43 kolpetan erdibitu zuten enborra eta hiruren aldea kendu zieten aurkariei. Ondoren tamaina bereko bi enbor erdibitu behar izan zituzten, eta aurka zuten aldeari buelta eman zioten Larretxeak ete Etxeberriak. 1.34 izan zen beraien denbora, eta sei segundoko tartea lortu ahal izan zuten.

Hirugarren lana kana-erdikoa zutik jarrita ebakitzea zen, eta berriro ere Larretxea eta Etxeberria gailendu ziren, bi minutu eta 10 segundoan enborra ebakita eta zazpi segundoren aldea kenduta. Laugarren lanean bikote bakoitzak txanda librean 60 ontzako enborra ebaki behar izan zuen. 2.29 izan zen bi beteranoen denbora, eta, 2.52, berriz, Lopezena eta Saralegirena. Bosgarren lanean, 45 ontzako bat zutik jarrita eta kana-erdiko bat etzanda jarrita erdibitu behar izan zituzten. 3.19 izan zen Etxeberriaren eta Larretxearen denbora, eta 3.46 aurkariena.

Ondoren, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituzten. 11.53 izan zen bi beteranoen denbora, eta 12.39 aurkariena. Lan guztiak burutzeko, 22 minutu eta 11 segundo behar izan zituzten Donato Larretxeak eta Felix Etxeberriak, eta, 23 minutu eta 57 segundo, berriz, Juanjo Lopezek eta Ruben Saralegik beraienak amaitu ahal izateko.