Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

«Point Break»: Nork ordezkatuko ditu jatorrizko filmeko aktore eta surflariak?

«Point Break» filma berriz egiteko asmoa du Ericson Core film zuzendariak eta aktore hautaketa zeresana ematen ari da. Gidoian aldaketak izango dira. Keanu Reevesek ezezkoa eman du, eta antza, Patrick Swaizen pertsonaia Gerad Butlerrek jokatuko du.

Ez dira asko gidoi on batekin egindako surf filmak. Gehienetan musikaz lagundutako surf irudiak azaltzen dituzten filmak egiten dira, aktorerik eta kontatzeko istoriorik gabe; beraz, egin diren film gutxi horien artean badira sekulako arrakasta izan dutenak.

Ezagunenak honakoak dira: «The Big Wednesday», «In Gods Hands», «Soul Surfer», «Chasing Mavericks» eta «Point Break» (Urautsia). Azken hau berriz egitekotan dira eta aktoreen hautaketa zeresana ematen ari da.

Gaztelerazko bertsioan «Le llaman Bodhi» izena jarri zioten 1991. urtean Kathryn Bigelow zuzendariak egindako film honi. Johnny Utah (Keanu Reeves) Los Angeleseko polizia bat da, eta Angelo Papas (Gary Busey) poliziarekin batera, «Presidente ohiak» izenarekin ezagutzen diren banku lapurrak harrapatu behar ditu. Lapurrak surflariak direla susmatzen dute, beraz Utah surf egiten hasten da haien artean nahasteko.

Horrela, ezagutzen du Bodhi (Patrick Swayze), muturreko kirolak maite dituen surflaria eta lapurren taldeko burua. Hortik aurrera bakoitza bere helburua betetzeko borrokatuko da. Poliziak Bodhi atxilotu nahi du, eta honek, aspaldian izan den itsaski handiena hartu nahi du.

Filmaren remake berria egiteko aktore bila dabil Ericson Core zuzendaria, eta jaso du jada ezezko garrantzitsu bat. Berriz ere Keanu Reeves aktorea eraman nahi izan du pantaila handira, baina honek ezezkoa eman dio; beraz, polizia lanak egingo dituen aktorea nor izango den airean da oraindik.

Jatorrizko filmean Kalifornia hegoaldeko hondartzak eta bertako giroa ziren nagusi, film berrian ordea, antzezlekua munduko leku desberdinetara zabaltzen da. Oraingo honetan, Bodhi muturreko kiroletan aritzen den atleta bat da eta ehun oineko olatu baten bila dabil.

Itxura guztien arabera, filmeko protagonista nagusia den Bodhi pertsonaia antzeztuko duen aktorea Gerard Butler izango da. 44 urteko aktoreak, Patrick Swayzek aurreko bertsioan egindako papera beteko luke.

Berriki «Chasing Mavericks» filmean ikusi ahal izan dugu Butler, olatu handietako surflari bat antzezten.

Filma egiteko surf egiten hasi zen Butler, eta hilabete gutxi batzuk beranduago Mavericksen sartu zen. Lekua oso ongi ezagutzen duten surflariekin itsasoratu zen Gerard Butler: Greg Long, Pete Mel eta Zack Wormhoudt surflariekin hain zuzen ere. Gainera, inguruan uretako motoen babesa ere bazuen, baina olatu handi batek azpian harrapatzen zaituen unean ezer gutxi egin dezake beste norbaitek.

Bat-batean uhin lerro bat jaso zen beraien aurrean eta surflariek ubide alderantz arraun egiteko esan zioten aktoreari. Denek egin zuten arraun ahalik eta azkarren, baina lehen olatuak azpian antzeman zituen.

Denbora luzea egin zuen Butlerrek ur azpian. Gainera, bigarren olatuak txikota hautsi zion eta taula galdu zuen. Hirugarren olatu batek harkaitzetara bultzatu zuen, baina orduan sorosle bat gerturatu eta uretako motoan hartu ahal izan zuen. Butler ospitalera eraman zuten badaezpada, baina ez zuen zauririk, izualdiak antsietatea eragin zion, baina ongi zegoen.

Jatorrizko filmak pertsonaia esanguratsuak ditu. Esaterako, Keanu Reevesek antzezten duen poliziarekin batera Gary Busey ageri da. Aktore hau surf munduan izan den pelikula garrantzitsuenetako bateko protagonistetako bat da. «Asteazken handian» Leroy masokista antzezten du, filmeko hiru pertsonaia nagusietako bat, alegia.

Red Hot Chili Peppers musika taldeko abeslaria ere agertzen da, Anthony Kiedis, pertsonaia gaiztoaren papera egiten eta berarekin zenbait surflari ezagun ere ikus daitezke. Halere, film honetan agertzen diren surflarien artean aipagarriena Matt Archbold izango da ziur aski.

Matt Archbold, Archy, ez da surflari oso ezaguna, baina munduko surflari onenek sarri aipatzen dute beren kuttunen artean, izan ere, txapelketetan ez ditu emaitza ikusgarriak lortu, baina surf egiteko modu oso erradikala eta berezia dauka, eta horregatik da surflari askoren faboritoa.

80ko hamarkadaren amaiera aldera, San Clementeko gazteek surfean mugarik ez dela erakutsi zuten. Estetika heavy edota punk nabarmeneko gazteek skate ariketak olatu gainean ere egin daitezkeela frogatu zuten, eta mundu ikuskera erradikal baten barruan, surfak ere erradikala izan behar zuela aldarrikatu zuten. «New School» izenez bataiatu zituzten.

Surf bideo eta aldizkariek sekulako arrakasta zuten garai horretan, eta hala, lehiaketaz aparte, olatuaren gainean zein uretatik kanpo ere jarrera erradikala izateak sona handia zuen. Matt Archbold eta Christian Fletcher izan ziren surf komunitate berri horren enbaxadore nagusiak.

Ile hori luzea, tatuajeak, belarritakoak nonahi, tauletan marrazki oldarkorrak, garezurrak... Irudi erradikala zuten. Dudarik gabe, Patrick Swayzek antzezten zuen Bodhi izeneko surflari mistikoa ezin hobeto ordezkatzen zuen Archyren surfak. Galdera da, nork ordezkatuko du orain Gerard Butlerrek antzeztuko duen surflaria?