Bodyboarda krisian: Iraultza garaia goi mailako itzulian Eddie Aikau atzeratuta
Iazko munduko itzuliak agerian utzi zuen goi mailako bodyboard munduan dagoen krisia. Kontrajarriak izan dira egunotako albisteak, baina azkenean, aurten ere izango da munduko zirkuitua. Sekulako iraultza gertatzen ari da, eredu zaharrak «krak» egin baitu. Urtarrilaren 22an Eddie Aikau txapelketa egiteko deia egin zuten, baina azkenean, bertan behera utzi dute. Itxaronaldi epea martxorako amaituko da.
Krisi ekonomikoak bete-betean antzeman du mundu mailako bodyboard lehiaketa. Txinatarrek dioten moduan, «krisi garaiak aukera garaiak dira», eta horrela, bodyboard munduan ere aukera aunitz ari da zabaltzen momentuotan.
Lehiakide, epaile, jarraitzaile eta, oro har, bodyboard zaleek babesle eta markekiko menpekotasun txikiagoa izango duen eredu baten beharra azpimarratzen dute, eta horretan ari dira; horregatik izan dira hainbeste albiste kontrajarri azkenaldian.
Iazkoa, inoiz izan den urterik txarrena izan zen bodyboard zale profesionalentzat, urteko bi txapelketa garrantzitsuenak bertan behera geratu baitziren. Urtero zirkuitua Pipelineko urautsi famatuan egiten den txapelketarekin hasten zen; iaz ordea, behar adina diru jarriko zuen babeslerik aurkitu ez zutenez, bertan behera utzi zuten urteari hasiera ematen zion txapelketa. Azkenean, jarraitzaile eta antolatzaileek egindako esfortzu handiari esker, behar adina diru bildu zuten eta txapelketa egin ahal izan zuten.
Urteko azken txapelketa ere bertan behera geratu zen, Kanaria uharteetan urtero egiten zuten Fronton Challenge txapelketako zenbait babeslek behar adina diru ez zutela iragarri ostean. Gainera, ondorio larriak izan ziren, zeren oraindik ez zegoen erabakita 2013ko munduko txapelduna nor izango zen.
Ben Player eta Amaury Lavernhe lehen postuan zeuden berdinduta; beraz, azken txapelketan erabakiko zen munduko titulua nork eskuratuko zuen. Azkenean, aurreko urteko puntuak kontuan hartzea erabaki zuen IBA erakundeak, eta Ben Player australiarra izendatu zuten 2013ko munduko txapeldun.
Iazko munduko txapeldun Player izateak hautsak harrotu zituen, baina batez ere IBA erakundeak zuen krisia utzi zuen agerian; izan ere, milaka jarraitzaile sare sozialetan eztabaidan ari ziren artean, IBA erakundea isilik egon zen, eta mundu mailako erakunde izanagatik ere, oso ahula zela erakutsi zuen.
Horrez gain, kontuan hartzeko beste gauza garrantzitsu bat ere gertatu zen Fronton Challenge bertan behera geratu zenean. Izan ere, iaz IBA erakundeko zuzendari izateko hautatu zuten Alex Leon bodyboard zale ezagunak bere dimisioa aurkeztu zuen itzuliko azken proba egiteko behar adinako babeslerik ez zela izango jakin ostean.
IBA erakundeko postua utzi arren, Alex Leon ez zen kontent eta lanerako prest zegoela erakutsi zuen; izan ere, esperientzia handiko beste kide batzuekin batera elkartu eta talde berri bat sortu zuen mundu mailako bodyboardari bultzada bat emateko asmoz.
Mundu mailako bodyboard zirkuituak antolatzen dituen erakundea da IBA (Internatiomal Bodyboard Association). Iazko gorabeheren ostean, ordea, goi mailako lehiakide eta izen handiko bodyboard zaleak elkartu eta erakunde berri bat sortu zuten, APB izenekoa (Association of Professional Bodyboarders).
APB goi mailako bodyboard txapelketak ahalik eta baldintza onenetan antolatu eta bodyboarda bultzatzeko sortu zen orain hilabete inguru, eta azkenaldian IBA erakundearekin lanean izan dira lehen mailako munduko mutilen zirkuitua (Grand Slam Series) aurrera atera ahal izateko.
Pasa den astean 2014ko zirkuitua egingo zutela iragarri zuten. Arauetan, zein ereduan, aldaketak iragarri zituzten. Eredu berriak izango zuen formatua nahiko zehatz aurkeztu zuten, eta berau aipatu bi erakundeen artean diseinatu zutela esan zuten. Gauzak horrela, garai interesgarriak zetozela asma zitekeen, batez ere, orain arteko ereduarekin hautsi eta babesleekiko menpekotasun gutxiago izango zuen eredu bat aurkezten zutelako.
Pasa den ostegunean ordea, aurrez esandako guztia ezeztatu eta 2014ko munduko lehen mailako zirkuitua bertan behera geratzen zela iragarri zuen IBA erakundeak. Beraz, arau berriak iragarri ziren, izen berriak aurkeztu, diru sarien zenbatekoak finkatu, baina dena alferrik izan zen, zeren azken aste eta egunetan esandako guztiak ezerezean geratu ziren. Ondorioz, azken albistea zera zen, 2014. urtean lehen mailako munduko itzulirik ez zela izango.
Egun bat beranduago ordea, ostiralean, APB erakundeak prentsaurreko bat eman zuen, eta 2014. urtean, munduko bodyboard itzulia izan izango dela iragarri zuen. Aurrez aurkeztu zituzten arau berriak gogoratu eta eredu zaharrarekin alderatuz izango diren aldaketak zeintzuk diren azpimarratu zuten, eta oztopo guztien gainetik zirkuitu mundiala egiteko asmoa dutela iragarri zuten.
Urtean zehar, eta zirkuituak aurrera egin ahala, arau, diru sari eta bestelako zenbait arlotan izan diren aldaketak pixkanaka ikasi ahal izango ditu ikusleak, baina orokorrean bi dira hasiera batean kontuan hartzeko puntuak. Lehena, IBA eta APB erakundeak ez direla elkarlanean izango, beraz bodyboard munduan zatiketa bat gertatu dela esan daiteke.
Kontuan hartzeko beste puntua zera da, lehen mailako (Grand Slam Series) kategoriarik ez dela izango. Hasierako munduko txapelketetan bezala, txapelketak izarren kategoriakoak izango dira. Hau da, gutxienez izar bat eta gehienez sei izarreko txapelketak izango dira.
Munduko itzuli berriak World Bodyboarding Tour izena izango du, eta azken urteetan munduko itzulia osatu duten urautsietan egingo ditu txapelketak. Gauzak horrela, urtero bezala Pipeline izango da itzuliaren abiapuntua, eta bederatzi txapelketaz osatutako zirkuitua, ohitura lez, Kanaria uharteetan amaituko da.
Mutilen kasuan izango dira diru sari handienak, gehienez 25.000 dolar amerikar izango dira saritan sei izarreko txapelketetan. Nesken kasuan eta drop-knee (belauniko) kategorian berriz, sariak 5.000 dolarrekoak izango dira.
Alex Leon, iaz IBAko zuzendaria izandakoa eratu berria den APB erakundeko zuzendari berria da, eta honela mintzatu zen prentsaurrekoan: «Eredu honekin lehiakideak zein txapelketatan parte hartu nahi duen aukeratu ahal izango du, eta ondorioz zirkuitua antolatzerako orduan diru bat aurreztu ahal izango du. Hauxe izan zen iaz lehiakideek izan zuten arazo nagusietako bat».
Pasa den urtarrilaren 22an Eddie Aikauren omenez Waimean egiten den txapelketa egiteko aukerak zeudela esan zuten antolatzaileek; beraz, mundu osoan barreiatuak dauden lehiakideei adi egoteko deialdia luzatu zieten.
Deialdiak oihartzun handia izan zuen; izan ere, ospe handiko txapelketa hau egin zen azken aldia 2009. urtean izan zen, eta irabazlea Greg Long izan zen. Baina azkenean, bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek.
1984. urtean txapelketa hau egiten hasi zirenetik bederatzi aldiz bakarrik egin ahal izan dute lehiaketa; izan ere, antolatzaileek berau egiteko ezarritako baldintzak oso zorrotzak dira, besteak beste, olatuek gutxienez sei metroko altuera izan behar dutelako.
«Ahal izan dugun azkarren hartu ditugu erabakiak, lehiakideen mesedetan», zioen Glen Montaca txapelketako zuzendariak prentsa ohar batean.
Montacak erabakiaren zergatia ere adierazi zuen: «Itsaski honek olatuek behar duten altuera eskainiko digu, baina olatuen kalitatea ez dirudi ona izango denik; izan ere, zeharkako haize bortitzak izango dira. Beraz, deialdia bertan behera utzi eta baldintza egokien zain jarraituko dugu».
Itxaronaldi epea abenduaren 1ean jartzen da indarrean eta otsailaren azkenean amaitzen da, beraz otsailaren 28a baino lehenago behar bezalako baldintzak sortzen ez badira, aurten ere ez da egingo Eddie Aikauren oroimenean egiten den txapelketa mitikoa.
Txapelketa honetako parte hartzaileak gonbidatuak izaten dira. Orain artean egindako txapelketetan izan diren lehiakideen izenak ikusi besterik ez dago lehiaketa honek duen ospeaz jabetzeko. Hona hemen irabazleen izenak: Denton Miyamura, Clyde Aikau, Richard Schmidt, Noah Johnson, Ross Clarke-Jones, kelly Slater, Bruce Irons eta Greg Long.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
