SURFLARI ERNEGATUA

Garai interesgarriak

Indarrean dagoen eredua? Eredu kapitalista. «Eta horrek zer zerikusi du kirolarekin?». Lotura zuzena da, jokatzen den ereduaren araberakoak izango baitira emaitzak ere. Momentu gogorrak dira, Eunate Aguirrek lehiaketa utzi izana da adibidea. Testuinguru orokorrak banakoan eragiten du, baina historia eta bere protagonistak halakoetan bilakatzen dira interesgarri

Bodyboard munduan gauza asko ari dira gertatzen. Momentu oso interesgarria dela uste dut, ahal den neurrian gertutik jarraitzekoa; izan ere, olatu artean gabiltzanon artean hain ohikoa den «politika eta kirola ez dira nahastu behar» esaldia, ezjakin eta eskasen leloa dela gero eta agerikoagoa baita.

Txapelketak antolatzeko erakundea sortu edo desegitea, azken finean politika baita. Bi pertsona adostasun batera iristeko elkartzen diren momentutik, politikaz hitz egin daiteke. Hori da politika bere izaera puruan, eta ez egun beren burua politikaritzat duten txotxongiloek aurkezten digutena.

Gauzak horrela, goi mailako munduko bodyboard txapelketen inguruan eztabaida bizia sortu zen iaz, eta ondorioz, urrats desberdin asko izaten ari dira egun. Gertakariak ondorioak baino ez dira. Afera politikoa da, eta horregatik deritzot zinez interesgarria, oinarrian kilikan dagoena orain arteko eredua delako.

Zein da indarrean dagoen eredua? Eredu kapitalista. «Eta horrek zer zerikusi du kirolarekin?», galdetuko du beti gehiengoekin bat eginagatik, inoiz pentsatu edo erantzunik eman behar ez duenak. Ba lotura, jaun-andreok, zuzena da, izan ere eredu horren arabera jokatzen bada, ondorioz sortzen diren ereduak ere halakoak baitira.

Orain, mundu mailako txapelketak antolatzeko ez omen dago dirurik eta lehiakideek babesleak aurkitzeko gero eta zailtasun handiagoak omen dituzte. Beharrak bultzatuta, munduko lehiakide hoberenetakoak elkartu eta beren kabuz antolatzen hasi dira, eta orain arteko ereduari ikusi dioten akatsik handiena zera izan omen da, eredu zaharrak babesleekiko zuen menpekotasuna.

Eredu berri bat aurkeztu nahi dute, arau berriak, diru sari apalagoak, urautsien kalitatearen aldeko apustua eta abar. Zirkuitu mundiala «demokratizatu» nahi izan dute, babesle indartsuenak dituztenek bakarrik egin ez dezaten, eta proposamen berri bat indarrean jartzeko sekulako ahaleginak egiten ari dira. Txapela kentzekoa egiten ari diren lana.

Hala ere, oinarrian ereduak berbera izaten jarraitzen du. Produktu markek jartzen dute dirua txapelketak antolatzeko eta babesleei esker parte hartu ahal duten lehiakideek beren artean borrokatzen dute diru sari nagusia eskuratzeko. Ez nuke esango eredua berria denik, baina gutxienez jendea elkartu, eztabaidatu eta bestelako irtenbideak bilatzeko lanean ari da. Alegia, bodyboard zaleak politika egiten ari dira, eta hori, bere zentzu onenean, gauza sanoa dela esango nuke, orain zatiketak eman arren, luzera begira, komunitatea indartu eta norbanakoengan balio berriak garatzen baitira.

Momentu gogorrak dira, Eunate Aguirrek goi mailako lehiaketa utzi izana da adibide garbienetako bat. Testuinguru orokorrak gizabanakoengan eragiten du, ez da dudarik, baina halako momentuak dira historia eta bertako protagonistak interesgarri bilakatzen dituztenak.