GARA

Bi mendizale erreskatatuta, Alpify aplikazioari esker

Jaizkibelgo landa eremuan galduta zeuden bi mendizale erreskatatuak izan ziren, aurrenekoz, Alpify geolokalizazio sistemari esker. Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, gertaera joan den larunbatean, urtarrilaren 25ean, jazo zen, gauez.

Bi mendizaleetako batek bere sakelakotik Alpify Alerta aktibatu zuenean hasi zen erreskatea; horri esker, SOS Deiak zerbitzuak berehala jakin ahal izan zuen haren izena, telefono zenbakia eta kokapen geografikoa.

Datu eta koordenatu horiek berehala jakinarazi zitzaizkion Ertzaintzaren Agintaritza eta Kontrol Zentroari, eta 30 minutu eskasetan egin ahal izan zuten erreskatea, polizia autonomikoaren baliabideak bakarrik erabilita.

Doako zerbitzua

Alpify telefono mugikorretarako geolokalizazio tresna bat da, erabat doakoa erabiltzaileentzat eta bateragarria Android, iPhone eta BlackBerry sistemekin.

GPS, 3G/Gprs eta GSM teknologietan oinarrituriko Alpify tresnak beren kokapena eta ordura arte eginiko ibilbidea erakusteko aukera ematen die erabiltzaileei.