Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Geldian ezin mugitu

Kasualitatea zer den! Lehengo egunean paperak eskuan aurrera eta atzera, hara!, iragarki batzuekin egin nuen topo. Zelakoa izango zen nire buru-nekea, horietariko baten bat ere irakurri egin nuela. Eta iragarkiak iragartzeko omen badira ere, batek iratzarri egin ninduen. Horra!, elkarteren bat mugikorrak biltzen ari zen, zertarako eta Kongo aldera eroateko. Hauxe kolpea!, pentsatu nuen. Eta pentsakor geratu. Hasteko eta behin, ez dut inoiz ulertu zergatik esaten zaien mugikor lurrean jarrita, aldapan izanda ere, inora joaterik ez duten telefonoei. Garai batean esku-telefonoak ziren, edo sakelakoak, eta hori ulergarri egiten zait, sega-potoa esanda ere ulertuko nuke, imajinatu ez ordea, baina mugikor? Bai zera, gaur gaurkoz belarri-telefonoa edo egokiago iruditzen zait, belarriaren ezkoak berak zer uste duen galdetzera ausartu gabe. Baina mugikor ez, mesedez! Burua zabal behar dugu, ez estu. Tira, iragarkira! Norako eta Kongorako. Hauxe kolpea, mineralak sorterrira bueltatu! Hori bai, munduetatik hainbat bira egitera zigortuta egon ondoren. Hango lurpetik atera zuten koltana, horretarako gerrak piztu behar izan baziren ere, azken finean iparraren helburuak justifikatu egiten baititu hegoko helbideak, are gehiago gerrei beraiei bestelako probetxuak ateraz gero, albo-irabaziak edo.

Mineral estrategikoa da koltana, berak jakin gabe, mugikor ei direnentzat estrategiko. Gerrak dira taktiko. Niobioa eta tantaloa ateratzen dute koltanetik, teknologia berrien arimaren zati, hor arimarik balego. Jakin izan balu koltanak niobioa zuela erraietan... abortatu-edo egingo zuen. Total, baliagai atera eta hondakin bueltatu. Garbi etorri, zikin joan. Holaxe antzeko mineralen zikloa. Batek daki, agian hango zabortegi batean lurperatuko dute, eta ernagai transgenikorik gainean bota, niobio eta tantalo berriez erdi dadin. Kapaz! Zertan ari zen Jainkoa Lurra sortu zuenean? Lelotuta ote? Zergatik koltana Vatikanoko lurpean utzi ez? Zergatik Hegoa jarri Iparraren azpitik? Zergatik Ipar Atlantikoa Ekialde Hurbilean kokatu? Are gehiago, zeinek agindu zion Lurra sortzea? Adegik? Eskerrak bestelako ziklorik den! Urarena, kasu. Lehorrean Tantaz Tanta izan, olatua sortu eta horra!, itsasotik dator bueltan egunotan kontzientzien adierazle! Benetan mugikorra zer den argi utziz.