Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Iparretik iparrera

Iparretik iparrera. Ipar honetatik oraindik ere alde egin ez duten horien sabelkide direnak ipar honetan urte segida luzean hobetutako taktikak hango iparrean ari dira orain lantzen, Afrikako iparrean. Estatuaren Marka da hori; hori bai marka!. It is pain!. Ondorioa bera, gizakien eskubide urraketa; errelato eta kontakizun guztien gainean dirauen urraketa. Zuzenbide Estatuaren izenean omen, amen! Eta han ere ura dute urrabide, momentuz bainuontzietan ez bada ere. Itsasoko uretan dira han itotzen eskolan igeri egiten irakatsi gabeak. Baten batek arrazoitu lezake, saiatu behintzat, lehorreko urak eta itsasokoak dentsitatez desberdinak izateak eragin dezakeela lehorraldeko lagunak kostaldeko ur gazietan ito beharra, baina justiziaz ez luke horrela izan behar gazitasunak flotatzen laguntzen baitu. Ahaztu egiten dute ohiko analista politikoek ito diren horiek sorterriko txabola haietan ez dutela ura ezagutu, malkotan ere ez, ez eta txorrota ere, zaurietako zornea baino ez. Europako balizko ur geza helburu, basamortua tarteko helmuga, Gibraltar itsasarteko benetako ur gazia hilerri, horixe migranteen kalbarioa, Europako oihalak erakusten dituen izarrak amesgaizto. Ez, ez da erraza Afrika, eta Afrikakoa, atzean utzi behar izatea, baina ezinaren pareko zaila dute Europako kosta zapaltzea; gizakiez ari naiz, salgaiek mugarik ez dute eta, izatekotan muga-saria baino ez. Kontinente izaera ere galtzeko zorian da Afrika. Urez inguratuta, era askotako marrazoak zain, baina hori gutxi ez eta iparreko mugan marrazak ere osagarri, burdin zorroztuzko hortzak. Hau kolpea! Aturri bokalean hondartutako ontzitik petrolioa ponpatzen eta Gibraltar hartan itsasoa bera ponpatzen gorpuak ateratzeko.

Seguruenik hori ere izango bide dute hizpide Bilbo Handian laster batean ospatzeko den goiko bilkura ekonomikoan, troika eta enparauak hantxe izango direla, Mediterraneoan etenik gabe kasualitate hutsean gertatzen ari den tragediaz zinez hunkituta. Seguruenik. Beste kontua da besteok horren berri izatea bilkuraren ostean. Hain da inportantea diskrezioa, halako gauzetan ere!. Beraz, lehorralde hartako familiek ez dute honen berri izango, baina kutxa behintzat jasoko dute, hilkutxa itxurakoa. Egurra sikiera balioko dute, gaitzerdi edo!