Volcom Pipe Pro 2014: Berriz ere marka guztiak hautsi ditu Kelly Slaterrek Pipelinen
Pipelinen hasi eta amaitzen dira mundu mailako txapelketak. Volcom Pipe Pro txapelketak aurtengo ASP zirkuituari hasiera eman dio eta Kelly Slater nagusitu da. Berriz ere, itzelezko baldintzetan marka guztiak hautsi ditu Floridakoak eta urtea ezin hobeto hasi du.

ASP itzuliko gizonezkoen lehen txapelketa ez bada ere, urteko zirkuituari hasiera Volcom Pipe Pro txapelketak ematen diola esaten da. Bost izarreko txapelketa bat da; hau da, lehiakideek jaso ditzaketen puntuei begira ez da hain txapelketa garrantzitsua, baina ospe handiko lehiaketa da.
Mundu mailako txapelketen urte sasoiari Hawaiin ematen zaio amaiera, baina urte berriaren hasiera ere bertan kokatzen da. Gainera, bertako olatuen kalitate bikainak eta lehiakideek izaten dituzten muturreko baldintzek ezin ikusgarriagoa bilakatzen dute testuingurua.
Gauzak horrela, ASP zirkuitua abian da, oraindik ez da lehen mailako itzulia hasi, baina surflari ezagunenak prestatzen ari dira. Horien artean, nola ez, azken bi hamarkadetan punta-puntan izan den Kelly Slater dago.
Bihar bertan 42 urte egitera doan honetan, aurten ere lanak emateko prest dagoela erakutsi nahi izan du Slaterrek, eta berak gauzak adierazteko duen modu horretan frogatu du munduko titulua eskuratzeko sasoi ezin hobean dagoela; alegia, Pipelineko txapelketa irabaziz.
Lau metroko olatu borobilak, lurretik itsasorako norabidean olatuak orrazten zituen haize fin leuna, eta ezker edo eskuin jotzeko aukera ematen zuten olatuak. Alegia, «Pipe» (ezkerrera) eta «Backdoor» (eskuinera) bere onenean. Baldintza ezin hobeak munduko surflari onenek beren maila bikaina erakusteko.
Joan den asteazkenean amaitu zen Volcom Pipe Pro txapelketan ezustekoak izan ziren, batez ere hasierako txandetan; izan ere, ikusmin handiena sortzen duten zenbait lehiakide lehen txandetan kaleratuak izan ziren.
Lehen ustekabea bertako surflari onenetakoa eta faboritoa zen John John Florence gaztea kaleratua izan zenean iritsi zen. Florencek azken hiru urteetan jarraian irabazi zuen Volcom Pipe Pro titulua (2011, 2012 eta 2013) eta 2011. urtean Pipeline Master txapelketa ere irabazi zuen. Gainera, urautsiaren parean bizi da; beraz, ezin hobeto ezagutzen du olatua, baina aurtengoan ez zuen zorte handirik izan.
Florence kaleratu ostean, Jamie O'Brianek lekukoa hartu eta txapela eskuratzeko aukera anitz zuen, zeren bera izan zen 2010. urtean Volcom Pipe Pro txapelketa irabazi zuena, baina hau ere kaleratua izan zen eta finalean oraindik oso ezagunak ez diren eta sobera ezagunak diren lehiakideak bildu ziren.
Kelly Slater eta Adriano de Souza, lehen mailako (WCT) zirkuituko surflari ezagunak, Wiggolly Dantas brasildarra, eta Mason Ho hawaiiarra ziren finalean. Hawaiiarrek ez dituzte aski maite brasildarrak, baina finalean bi brasildar izateak, pixkanaka hauek ere beren lekua egiten ari direla erakusten du.
Azkenean, emaitzak honakoak izan ziren. Lehenengo postuan, Kelly Slater. Bigarren postua 24 urteko Wigolly Dantas brasildarrak eskuratu zuen. Hirugarren postua bertako 25 urteko Mason Ho surflariarentzat izan zen. Laugarren postuan, berriz, Adriano De Souza geratu zen.
Pipelinen irabazi berri duen txapelketarekin, 66 dira Slaterrek irabazi dituen ASPko txapelketak. Hamaika bider munduko txapeldun izandakoak Pipelinen 8 bider irabazi du, eta aurtengoa ASP zirkuituan parte hartuko duen 24. sasoia da. Hauek ez dira nolanahiko datuak, urte askotan gainontzeko lehiakideen gainetik egon den lehiakide batek bakarrik eskain ditzakeen emaitzak dira.
Txapelketan zehar izan ziren hamar puntuazio altuenetatik bost Slaterrek berak egin zituen (10; 9,83; 9,77; 9,73 eta 9,53). Txanda batean lehiakide batek txapelketa osoan lortu zuen puntuazio altuena ere berak eskuratu zuen, bi olatu onenak batuta 19,77 puntu bildu baitzituen 32. errondako txandan.
Finalean hamarreko bat ere egin zuen Slaterrek hau esan zuen uretatik ateratakoan:«Pipelinen inoiz izan dudan saio onenetakoa izan da gaurkoa, dudarik gabe. Tubo bikain bat egiteko aukera ederra eskaintzen duten pare bat olatu gozatu ahal izan ditut».
Slater showmana da. Txapelketaz harago, final batean egonda ere bere abilezia muturrera eramaten saiatzen da, eta horren gainean ere mintzatu zen: «Baldintza haietan pauso bat harago joan behar nuela sentitzen nuen. Izan ere, olatuak hain biziak direnean, surflariak konpromisoa erakutsi behar du. Lehiakidea hartu duen olatuarekin engaiatzen den edo ez oso argi ikusten da, eta zuk horrela izateko zure esku dagoena egin behar duzu».
Pipelinen egin duen ibilbidea ere hizpide izan zuen Slaterrek: «Lehen aldiz hamabi urte nituela hona nola etorri nintzen oroitzen dut. Joey Buran ezagutu nuen 1984ko pipe master irabazi berri zuela. Momentu hura dut buruan... hona etorri nintzen, lehen olatua ikusi nuen, tubo borobila, sifoia bota zuen, eta ate handi hura sentitu ahal izan nuen... orduantxe mundu berri bat ireki zitzaidan parez pare. Pipelinerekin maitemindu nintzen momentu hartan eta nire olatu kuttuna izan da ordutik. Erronka ez da inoiz amaitzen. Gaur ere izan dira tubotik ateratzea lortu nahi nukeen tuboak».
Orain otsailean ez da garrantzi handiko beste txapelketarik, eta martxoan, berriz, txapelketa bakarra izango da, baina berau lehen mailakoa. Martxoaren 1 eta 12 artean Australiako Gold Coasteko eskuin olatu bikainetan bilduko dira munduko 34 lehiakide onenak.
Slater ere han izango da, eta bera bezala, gainerako lehiakideak ere aurtengo sasoia indartsu hasteko prestatzen ari dira. Slaterrek hasiera bikaina eman dio urteari eta dagoeneko indartsu dagoela erakutsi du; beraz, aurtengoan ere zeresana emango du Floridakoak.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
