ASP 2014: Berrikuntza esanguratsuak izango dira aurten mundu mailako itzulian
ASP erakundeak berrikuntza esanguratsuak iragarri ditu hasi berri den txapelketen sasoiari begira. Batetik, nesken itzulian urautsi garrantzitsu bat gehitu nahi zain dute, eta ondorioz, aurten Maui irlako olatuetan emango diote amaiera zirkuituari. Bestalde, olatu handietako munduko txapelketen itzulian ere aldaketak izan dira eta leku berriak ezagutu ahal izango dituzte lehiakideek.

Batetik, lehen mailako nesken zirkuituan aurten izango diren leku berriak aurkeztu ditu goi mailako surflarien txapelketak antolatzen dituen erakundeak. Bestetik, olatu handien munduko itzuliarekin bat egin eta zirkuituko txapelketak non izango diren iragarri dute.
Amaiera Mauin
Nesken lehen mailako itzulia (WCT) Hawaiiko Maui irlan amaituko da aurten. Honolua Bay hondartza famatuko olatuetan emango zaio amaiera beraz, 2014ko nesken mundu mailako itzuliari, azaroaren 24tik abenduaren 6ra artean.
Lehiakideek pozik hartu dute berria. Stephanie Gilmore, bost bider munduko txapeldun izandakoa, esaterako, honela mintzatu zen: «Mauik leku berezia du nire bihotzean; izan ere, lehen aldiz munduko titulua eskuratu nuen bertan. Gainera Honoluako olatuak kalitate handia du, eta hori ere lehiakideok merezi dugula uste dut».
Paul Speaker, ASP erakundeko kideak ere kalitatezko olatuak diren lekuetan txapelketak egiteak duen garrantzia azpimarratu zuen: «Nesken lehen mailako munduko itzulia osatzen duten 17 lehiakideek eredu oso lehiakorra osatzen dute. Kalitatezko olatuak eskainiko dizkien zirkuitu bat izatea ezinbestekoa da beren abilezia erakutsi eta atleta mundialak direla frogatu ahal dezaten. Eta zentzu horretan, Maui itzulian gehitzea ekarpen bikaina izan da».
Gauzak honela, aurtengo munduko nesken itzulia (Women's World Championship Tour) hamar lehiaketaz osatuko dute. Lehena, martxoaren 1ean hasiko da, Australian, Gold Coast-en, eta jarraian mundu osoan zehar arituko dira lehian neskak. Brasilen, Fiji uharteetan, AEBetan, Frantzian eta Portugalen lehiatzen aritu ostean, Hawaiin amaituko dute, beraz, 2014. urteko itzulia.
Urautsi berriak
Olatu handien itzulian aldaketa nabarmenak izango dira aurten. Guztira, sei txapelketek osatuko dute zirkuitua. Horietatik hiru hego hemisferioan izango dira eta beste hirurak, berriz, ipar hemisferioan. Aldaketa esanguratsuenak ipar hemisferioan gertatu izan dira; izan ere, 2014/2015 itzulian orain arte zirkuitu honetan izen eta ospe handienetakoa izan duen txapelketa bat bertan behera geratuko baita; alegia, Mavericksekoa.
Horrez gain, Oregoneko Nelscott Reef urautsian egiten zen txapelketa ere zerrendatik ezabatu dute; hortaz, AEBetan egiten ziren bi txapelketak kendu eta horien lekukoa Euskal Herriak eta Hawaiik hartu dute.
Apiril eta abuztu artean hego hemisferioan egin ohi diren txapelketekin hasiko da aurten ere zirkuitua, baina Txile eta Peruko urautsiei Hegoafrika gehitu behar zaie. Gauzak horrela, hego hemisferioan egingo diren txapelketen zerrenda honakoa da: Punta de Lobos (Txile), Pico Alto (Peru) eta Dungeons (Hegoafrika).
Ipar hemisferioko itzulia, ostera, 2014ko urriaren 15 eta 2015eko otsailaren 28 bitartean egingo dena, honako lekuetan izango da: Todos Santos (Mexiko), Punta Galea (Euskal Herria) eta Jaws (Hawaii). Azken hau olatu handietako urautsi ospetsuenetako bat da, Maui irlan dago eta bere berezko izena «Pe'ahi» da; beraz, batzuetan urautsiaren izena modu batera edo bestetan bestera idatzita agertzen da.
Maverickseko txapelketa munduko olatu handien zirkuituan ez egoteak pisu handiko ordezkoak bilatzea eskatzen zuen eta, lehiakideen hitzetan, lortu da hori.
Horrela mintzo zen Peter Mel Santa Cruzeko surflari ezaguna: «Jakina, denok maite dugu Mavericks BWWT itzuliko zerrendan egotea; olatu handietako surfaren zati garrantzitsu bat da. Ziur naiz egunen batean berriz ere olatu handien zirkuituko txapelketetako bat izan dela. Hala ere, Dungeion eta Jaws zerrendan sartzeak Tour berezi honi sendotasuna ematen dio».
BWWT (Big Wave World Tour) 2009. urtean sortu zuen Gary Linden olatu handietako surflari mitikoak, eta 2013. urtean ASP (Association of Surfing Professionals) erakundearekin elkarlanean aritzeko hitzarmen bat sinatu zuten.
Gary Lindenen esanetan, «Olatu handietako komunitatea itsasoarekiko mirespen eta errespetuan oinarritzen da. ASP erakundearekin bat egin genuenetik baldintza hobetan lan egiteko aukera ireki zen eta txapelketa eredua suspertu dugula uste dut. 2014/2015 denboraldiak ekarriko diguna ikusteko irrikaz gaude».
BWWT eta ASP erakundeak bat egitearen ondorioetako bat da Kelly Slater, Mickk Fanning edo John John Florence bezalako surflari profesionalek ere olatu handietako txapelketan parte hartu ahal izatea, eta horrela, Greg Long, Grant Baker edo Carlos Burle olatu handietako surflari handiekin batera ikus daitezke lehian zortzi metrotik gorako olatuetan. Horrela, ikuskizun bikaina bermatzen dute antolatzaileek.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
