Aritz SOLABARRIETA
RUGIDOS ROJIBLANCOS

10 urte geroago

Esan ohi dute bigarren parteak ez direla inoiz onak izaten, eta hala gertatu ohi da sarritan, baina Ernesto Valverderen San Mameseko aulkiko bigarren abentura ez da batere txarra izaten ari. 2003ko udan hartu zuen lehen aldiz ardura hori, urte horretan taldea Europara sailkatuz, eta hurrengo denboraldian berriro ere lan ona egin zuen. Nahiz eta Europara ez sailkatu, taldea kopako finalerdietara iritsi zen, eta Europan momentu historiko batzuk utzi zituen (Liejako garaipena 1-7). Bi urte on egin eta gero, espero zitekeena kontratua berritzea eta Bilbo aldean jarraitzea zen, baina orduan presidente zen Fernando Lamikizek ez zeukan ideia hori eta Valverdek jarrai ez zezan trikimailu guztiak erabili zituen, baita lortu ere.

Ordutik ona Espanyolen (UEFAko finalera iritsi ziren, Sevillaren aurka penaltietan galduz), Olynpiakosen (3 Liga eta 2 Kopa irabazita), Vila-realen eta Valentzian ibili da, berriro Bilbora itzuli den arte. Egia esan behar badut, joan den urtean ez nuen uste Valentziako eskaintza onartuko zuenik, galtzeko asko baitzeukan eta irabazteko ez hainbeste, baina oker nenbilen. Arazo eta iskanbila handien artean oso urte amaiera ona egin zuten eta beren eskuetan izan zuten azken jardunaldira arte Championserako sailkatzea.

Eta 2013ko udan, lehenengo kargu-hartzetik hamar urte pasa ostean, berton dugu berriro. Aulkia ez da orain hamar urteko berbera, ezta zelaia eta jokalariak ere, baina bere eta bere laguntzaileen mailak oso altua izaten jarraitzen du. Egia da, segur aski, ez daukala Bielsak prentsa eta zaleen artean zeukan erakargarritasun hori, baina joko honetan zelaiak ipintzen du bakoitza bere lekuan, eta Valverderen leku hori gero eta gorago dago.

Lehenago aipatu dut jokalariak ez direla berberak, bi izan ezik, Andoni Iraola eta Carlos Gurpegui. Usurbildarrak Valverderekin egin zuen debuta, eta gaur arte 440 partida baino gehiago jokatu ditu, itzela! Nafarrak, ostera, Bielsarekin galduta zeukan leku hori berreskuratu duela ematen du. Meritu ikaragarria dauka jasan behar izan dituen gauza guztien ondoren oraindik horrelako maila ematen jarraitzeak.

Bukatzeko, talde zuri-gorritik aldendu egingo naiz apur bat. Joan den otsailaren 2an, Donostiako Berio futbol zelaian Urtzi Gurrutxaga Tolosa taldeko jokalaria zendu zen bihotzekoak jota. Lehenik eta behin, jaso dezatela bere senide lagun eta taldekideek nire besarkadarik beroena, eta lerro hauen bitartez bere anaiak egindako eskaerarekin bat egin nahiko nuke. Derrigorrezkoa izan dadila futbol zelai guztietan desfibriladoreak izatea, lehenengo maila izan edo erregional maila izan, pertsona baten bizitzak makina horrek balio duena baino gehiago balio duelako.