SURFLARI ERNEGATUA

Zein jatorrak garen

1998. urtean, Abderazaq Labdi Marokoko haur bat gehiago zen, bere lagunekin batera itsasoak eskaintzen zizkion plazerekin gozatzen zuena. Abderazaq gazteak Essauirako itsasertzean orduak egiten zituen, haize-oihal baten laguntzaz uraren gainean atzera eta aurrera ibiltzen ziren turistei begira.

Alisio haizeak windsurf egiteko aukera bikainak eskaintzen dituen ingurune batean bizi zenez eta denbora sobera zuenez, egun batean bere windsurf taula propioa egin behar zuela erabaki zuen eta buruan zuen irudiari forma emateari ekin zion. Lehenik, Labdi izeneko bere herrixkan ziren plastiko puska handiak bildu eta sailkatu zituen haizea atxikiko zuen oihal modukoa eraikitzeko. Jarraian, egurrezko makilekin, berak egindako oihal ordekoarentzat zutoin zurrun bat eraiki ahal izan zuen, eta azkenik, zurezko taula karratu bat erantsi zion nabigatzen lagunduko zion tramankulu egonkorrari.

Han inguruan bakantzatan zegoen norbaitek, plastiko eta egurrez egindako windsurf taula bitxi horrekin zebilen gaztea ikusi, eta argazkiak atera zizkion. Antza, aldizkariren batean agertu ziren irudiak, eta bat baino gehiago izan ziren mutiko haren abileziak txunditu zituenak.

Hamabost urte geroago, zenbait babeslek egun Abderazaq Labdi zertan ote den jakin nahi izan dute, eta harengana gerturatu dira ekipamendu egoki bat eskaintzeko asmoarekin. Abderazaq, egun, ez da hain gaztea, baina marokoarrak itsasoarekiko duen pasioak indarrean jarraitzen du eta zenbait babesleri esker behar bezala windsurf egiteko behar duen materiala eskuratu du. Babesleek, argazki zahar haiek eta egun ateratako berriak argitaratu dituzte berriz ere, mendebaldeko gizon zuria zein esku zabala den erakusteko. Opari gisa eman dizkiote windsurf taula eta oihala argazkietan ateratzen zen haur ausart hari eta egin beharrekoa egin duen norbaitek izan dezakeen kontzientzia zintzoarekin aurkeztu dute burututako azken proiektua.

Istorio honetako protagonistak, beraz, marka babesleak dira. Beraiek eraikitako ipuin batean, lehen eta azken hitza izan dute eta azken salbatzaile gisa agertu dira. Beraiengatik ez balitz, egun ez luke Abderazaq Labdik windsurf taula bat izango. Beraiengatik ez balitz, gugatik ez balitz, alegia mendebaldeko hiritar jatorrongatik ez balitz, marokoar honek ez luke plastikozko oihal bat inoiz egin behar izango, baina zer egingo diogu ba, ez dugu onartu nahi bizi garen bezala bizitzeko beste batzuek gosez hil behar dutela.

Bidaian gurea baino merkeagoak diren herrialdeetara joaten gara. Xentimoak gorabehera, jateko ere ez duen eskumuturrekoen saltzailearekin tratuan aritzen gara, eta eskean datorrenari ogitarteko zati bat eman ostean gustura sentitzen gara. Ez dugu xentimo batzuk merkeago erosteko traturik egiten Parisen, ezta auzoko bankuan ere. Halakoak ahulenekin egiten ditugu, lotsa handirik gabe, eta benetan uste dugu bikainak garela, ez dagoela gure parekorik, jator, zintzo eta umil garela.

Sistema edo gauzak egiteko modu hori aldatu nahi izan zuen gizon handi baten herria bisitatzen izan nintzen behin Txilen, eta han, Salvador Allende jaiotzen eta hazten ikusi zuen Valparaisoko horma batean honako esaldi hau topatu nuen, askotan, beren gilborra baino maite ez duten horiek parez pare agertzen zaizkidanean oroitzen dudana. Idazpuruak honela zioen: «Yo nos amo».