Ane ARRUTI DONOSTIA

Solfeorik gabe, trikitia zenbakiz jotzen ikasi, partiturak sortu eta elkarbanatzea, edonoren eskura

Solfeorik gabe trikitia jotzen ikasteko zenbakien metodoa Internetera eraman du Tirikitrauki dendak. Zenbakiz Trikitixa Editoreak partitura berezi hauek sortzeko eta elkarbanatzeko aukera ematen du on-line.

Hiru metodo nagusi omen daude trikitia jotzen ikasteko: solfeoa ikasi eta partiturak irakurriz; maisuarekin aurrez aurre jarri eta hari begira mugimenduak errepikatuz; eta zenbakiekin, botoi bakoitzari zenbaki bat egokituz -horretarako pegatinak erabiliz-. Azken metodo tradizional hau da musika-tresna diatonikoetan zabalduena eta modu honetako partiturak eskatuz eta hauek idazteko modu erraz baten eske sarri joaten zaie jendea Lasarte-Oriako Tirikitrauki dendako Juanjo Manterolari eta Amaia Orexari, eta horretarako, on-line tresna bat sortu dute: Zenbakiz Trikitixa Editorea.

Donostian atzo egindako aurkezpenean, bi trikitilari izan zituzten ondoan. «Ez nator zenbakien mundutik, eta gainera, arbuiatu egin izan dugu metodo hori», aitortu zuen Joseba Tapiak. Baina mundu osoan erabiltzen dela ikusi eta harritu egin zuen, Okzitaniako Tolosako kontserbatorioan, esaterako, eta metodo ona dela onartu. «Hain informazio gutxi ematen duenez, erraz sartzen da bat ikastera. Belarria ere fortzatu egin behar da, lantzera behartzen zaitu. Solfeo ikasleetan belarria gutxiago lantzen dela ikusi dugu».

Iker Goenagak zenbakiekin ikasi zuela kontatu zuen eta irakasle moduan hiru metodoak erabiltzen dituela. «Sinplea, intuitiboa eta efektiboa da», esan zuen. Bere ustez, modu guztiek dituzte alde onak eta txarrak. Solfeoak «dependentzia handia sortzen du partiturekiko eta zenbakiekin memoria gehiago lantzen dute». Tapiaren esanetan, metodo honekin ikasiak dira Xabier Solano, Asier Gozategi, Maixa Lizarribar, Alaitz Telletxea...

Zenbakiz Editorea (www.tirikitrauki.com/zenbakiz) Iametza Interaktiboa enpresak sortu du. Bertako Julen Irazokik azaldu zuenez, edonork erabil dezake, bai partiturak sortzeko edo baita beste erabiltzaileek igotzen dituztenak irakurtzeko. Izan ere, sortzen direnak modu publikoan edo pribatuan gorde daitezke. Manterolak azpimarratu zuen erabilpen zabala eman diezaioketela, adibidez, irakasleek; euren konposizioak pribatuan gorde ditzakete eta ikasleei kodea eskaini eurek etxean ikus dezaten.

Partiturez gain, artxiboari letrak, oharrak, bideoak edo musika eransteko aukera ere ematen du. Baita elkarbanatu, PDF bat sortu eta inprimatzeko ere.