GARA

Denon Herria plataforma aurkeztu dute Deban, Itziar auzo udal izatearen alde

Deba eta Itziarko hainbat herritar ezagunen babesarekin -Lukas Dorronsoro antzerkilaria, Jose Luis Mugerza Elgetzu bertsolaria, Bakarne Urkiri irakaslea, Pepe Turrillas ESAITeko kidea, Zuriñe Gredilla egur lanketan diharduena, Ibon Aranbarri artista, Joxe Landa eguraldi gizona, Haritz Azkarraga Tabakalerako gerentea, Osa anaia kirolariak, Aitor Bilbao enpresaria eta Hodei, Olatz eta Mikel Arrizabalaga Zumaia taldeko arraunlariak, besteak beste- Denon Herria plataformaren aurkezpena egin zuten atzo Debako frontoian. Debako Udalak planteatzen duen auzo udal figurari «baietz esateko» bokazioarekin jaio da plataforma, jada martxan den prozesu administratiboa lagundu asmoz.

Plataformak badu berezitasunik, Deba eta Itziarko herritarrez osatua baitago. «Debarrak eta itziartarrak batera goaz, guztiok helburu bera daukagulako: Deba denon herria izatea nahi dugu», adierazi zuten aurkezpen ekitaldian.

Gauzak horrela, Itziar auzo udal izendatzeko prozesu administratiboak beste hiru edo lau hilabete iraungo dituela azaldu zuten, eta bitarte horretan, prozesu horri laguntza eta bultzada ematea izango da Denon Herriaren eginbeharra.

Auzo Udal Eguna

Horretarako hainbat ekimen jarriko dituztela martxan azaldu zuten, helburua Deba eta Itziarko herritarren artean zabaldu diren «mamuak uxatzea» izango delarik, baita «akordioaren» eta «konponbidearen» alde lan egitea ere. Egingo dituzten ekimenen artean martxoaren 15ean Deban ospatuko den Auzo Udal Eguna azpimarratu zuten, eta, ildo horretan, Deba eta Itziarko herritar guztiak gonbidatu zituzten parte hartzera.