Arnaitz GORRITI
Akabo Gipuzkoa Basketen bolada txarra, Manresari irabazi ostean

Hobe 24 hiruko huts egitea, zazpi partida galtzea baino

Manresak lanak eman bazituen ere, halako batean erdietsi zuten Sito Alonsorenek bigarren itzuliko aurreneko garaipena. Salgadok 11 asistentzia eman zituen, eta Doblas izan zen saskiratzaile nagusia.

GIPUZKOA BASKET 73

MANRESA 65

15 hiruko errenkan kale egin arren -26tik 24 orotara-, Gipuzkoa Basketek irabazi egin zuen aspaldiko partez. Hobe, beraz, 24 hiruko huts egitea zazpi partida segidan galtzea baino. Raul Neto eta Olaizola gabe, Manresako Alex Hernandez antolatzailea gelditzeko galtzak bete lan izanda, baina garaile azken batean. Sito Alonsorenek mugikortasuna, bizitasuna eta asistentziak emateko trebezia baliatu zituzten, urrutitik sartu ezin zituzten puntuak bildu eta emaitzen bolada txarra behingoz apurtzeko.

Defentsan lan onegirik egiteke, erraz samar iritsi ziren aurreneko saskiraketak. Hala, Winchester, Salgado eta Ramsdellek baloirik gabe maisuki lortzen zuten saskira hurbiltzeko egokiera. Alabaina, kataluniarrek ere antzera erantzun zezaketen, Sito Alonsoren mutilek zaintzan ahalegin berezirik ez baitzuten egiten. Hala, Monroek ez ezik, Alex Hernandezek ere nahi bezala aurkitzen zuen saskia.

Hirukoetan inork ere ez zuen asmatzen eta, ondorioz, hegalekoen mugikortasunean eta, oro har, abiadura eta espazioak uztartuz oinarritzen zuten talde biek erasoa. Bigarren laurdeneko minutu batzuetan lan bikaina egin zuten etxekoek, eta 13-0eko partziala erdietsi ere bai -19-24tik 32-24ra-. Alabaina, urrundik asmatu ezinean jarraitzen zuten, eta Manresak bizirik eutsi zion atsedenaldian: 36-30.

Doblasek puntuak eta erreboteak jartzen zituen, baina Salgadok erritmoa. Santutxukoak nahi beste asistentzia banatu zituen, eta, horrez gain, donostiarren abantaila hamar puntuz goitik ezartzen lagundu zuen, hiruko eta guzti. Winchester, Ramsdell eta Robinsonek -azken honek erdipurdiko partida eginagatik ere- bizkaitarraren musikaren doinuan dantzatzen jakin zuten, Manresak pixkanaka behera egiten zuen bitartean. Bikaintasunetik urruti, baina garaipena etxean zen, azkenean.

Alonso: «Irribarre egiteko eguna da hau»

ACB Ligan zuzentzen zuen 150. partidaren omenezko pastelaren aurrean, erlaxaturik zegoen Sito Alonso. «Irribarre egiteko eguna da, hainbeste huts eginda irabaztea ia ezinezkoa baita. Taldearen gainean halako presiorik ezin da jarri, bolada txarrean gaudela-eta. Begira zenbat gauza egin dituen taldeak, eta, halere, 24 hiruko bakarrik jaurti arren, kale egin dugu larregitan», adierazi zuen.

«Astiro jokatzea asko kostatzen zaigu, baina hala jokatu behar izan da Olaizola eta Neto gabe, gure erreferente fisikoak, hein handi batean. Halere, pozarren nago horrela jokatuta ere, gure helburua lortu dugulako», gaineratu zuen Gipuzkoa Basketeko entrenatzaileak.

Bestalde, jokalarien «bertute anitzak» azpimarratu nahi izan zituen Sito Alonsok. «Sekula ez dut irabazi bakarrik hainbeste bota eta hainbeste huts eginda. Hori dela-eta, jokalariek ez dute oso aurpegi alaia, baina nik uste pozik egon beharko luketela. Hiruko bat bera sartu gabe ere, Winchester bezalako jokalariek erakutsi dute defentsan, errebotean, barneratzeetan... gauza asko emateko gai direla. Jokoagatik harro egon beharko lukete», azaldu zuen.

A. G.