Garbiñe Biurrun
Argia
HEMEROTEKA

Bagoaz

(...) 2013ko maiatzean Lokarrik eta Bake Bideak sustatutako Foro Sozialak Bake prozesua bultzatzeko gomendioak eman zituen. Prozesu aberasgarria jarraitu zen: nazioarteko 12 adituren ekarpena eta 500 proposamen zehatz baino gehiago jaso ziren. Abiapuntua eta helmuga hauek dira: bake prozesu sendoaren erronka nagusiei heltzeko oinarrizko adostasunak lortzea arlo desberdinetan.

Begi bistakoa da gizarteak eta Foro Sozialak egindako planteamenduak errotzen ari direla. Alde batetik, 2013ko abenduaren 28an EPPK-k egindako Adierazpenean gomendio horiek aintzat hartzeko modukoak direla onartu eta hainbat erabaki jakinarazi zituen. Bestalde, ETAk berak egindako azkeneko Adierazpenetan antzekoa esan du eta, dakigunez, desarmatzeko bidea abiatu du.

Eusko Jaurlaritza eta Euskal Herriko hainbat erakunde Foro Sozialaren gomendioen bidetik doaz, beste ekimen ofizialak jarraituz.

(...) Presoen itzulera ere ez da arazo txikia. EPPK ere kontzientea da horretaz. Argi dago presoek aurrerapausoa egin dutela gomendioak jarraituz: lege baliabideak erabiltzea, egindako mina aitortuz. Orain banakako eskaerak bideratuko dituzte (...)

Ez naiz, ez, ahaztu bi arlo zehatz horietan Espainiako Gobernuari eskatu zitzaionaz. Baina Gobernua mututu da; dagoeneko ETA ez omen da arazoa berarentzat -aldiz, ETAren presentzia Alderdi Popularrarentzat arazoa bihur daiteke maiatzeko hauteskundeetarako lehian-. Gobernuarengandik oztopoa besterik ez datorkigu, desarmearen prozesurako batez ere. Eta laster izango dute presoen eskaerei erantzuteko aukera; orduan ikusiko da bere benetako asmoa, aitzakiarik gabe.

Halere, Bagoaz! Ez da erraza, baina hementxe dugu denon artean jorratu beharreko bidea.