«I Have a Dream»

Badakit izenburu errazegia aukeratu dudala, erabiliegia, anbiguoa, oinarrizko zentzua galdu duena. Baina oraindik erakargarria izaten jarraitzen du. Antzeko esaldi bat erabili zuten orain urte gutxi beren burua alderdi zintzo bakartzat duten horiek. Barack Obamaren diskurtsoa hartu omen zuten oinarri, eta ez, esaldia famatu egin zuen Martin Luther King.
Nahi dutena esango dute, baina haiek ere ez dira aratzak, haiek ere tortura, erailketa eta bestelako izugarrikerien erantzule dira, aitortu nahi ez badute ere. Beste garai batzuk ziren, bai noski, gerra garaian ez dago arrosa freskoak banatzen ibiltzen den hippyrik, nahiz eta Luther King edo Obama eredu izan.
Hau guztia, nik ere amets bat badudala esateko. Eta noski, esateko gogoa nuelako. Orain, esandakoa surfarekin lotzea tokatzen zait; harira beraz.
Udaberria iritsi omen da. Uda ere badator, eta berekin, hondartzetan sortzen diren arazoei aurre egiteko egitasmoak ere zehaztu behar dira. Ahalik eta surflari gehien erakarri nahi ditugu mugatuak diren hondartzetara. Metro karratuko hogei surflari sartzen ez badira, soluzioa naturak emango digula sinets dezakegu, edo Espainiako presidenteak bezala, Ama Birjinak lagunduko digula esan.
Hondartzak dituzten udalei zuzentzen natzaie, hor kokatzen baita nire amets utopikoa, Bertold Brechten poeman ez bezala, aurrera egiteko balio ez duena. Gipuzkoan, esaterako, hondartza duten ia udalerri guztietako agintariak alderdi berekoak dira. Haien artean elkartu eta arazo berari irteera bat emateko elkar daitezkeela pentsa daiteke. Elkar lagun daitezkeela, ezta? Ba, ez. Ez da halakorik.
Hala ere, badut esperantza txiki bat. Azken urteetan asko hausnartu da surf eskola eta hondartzen erabileraren inguruan. Agian, udalen batek eredu egoki bat aurkez dezake. Ez dut uste elkartu eta benetan irizpide aurrerakoietan eraikitako eredu bat bultzatuko dutenik udal guztiek. Hori, instituzioen eta politikarien izaera kontuan hartuta, kontraesan biologikoa litzateke. Badut salbuespenik izan daitekeen esperantza, ordea. Horregatik eman nien botoa orain artean poz gutxi eta atsekabe asko eman didaten horiei, eta ez piper potoa udalean jartzeko. (Hori esateko gogoa ere banuen).
Europa eredu izango bagenu, eta ez kolonizatu gaituen herrialde atzeratua, udal guztietan aplikatuko litzatekeen oinarrizko eredu bakar bat osatzen saiatuko ginateke. Elkarte, erakunde eta alderdi anitzen artean eredu egokiena egin eta berau indarrean jartzen saiatuko ginateke. Bakoitzak nahi duena nahi duen moduan egiten duen bananondoko monarkia dugu etsenplu, ordea.
Hondartzako erabilera erregulatuko duen eredu integral bat osa daiteke. Gutxi batzuen eta enpresa handien mesederako baino herritarren beharretara egokituko dena. Proposamen asko daude mahai gainean, orain, eredu egokiena aukeratzea falta da. Nonbait gertatuko da. Posible dela uste dut. Ameslaria naiz, bai, «I Have a Dream».

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
