Avironek kanpoan ere puntuak batu behar ditu
Zuri-urdinek etxean huts egin zuten pasa den astean, eta orain Baionan galdutakoa berreskuratu beharra dute.

Liga amaitzeko lau jardunaldi besterik ez dira geratzen, eta garbi dago Avironi begira egon beharko dela hemendik aurrera. Baionakoek mailari eusteko aukera handiak dituzte, baina ezin dute hutsik egin. Biarritzek, aldiz, datorren urtean Pro 2 mailan jokatu beharko du.
Avironek Montpellierren jokatuko du gaur, 18.30ean. Baionakoek huts egin zuten etxean pasa den astean, eta Jean Dauger zelaian galdu zutena handik kanpo berreskuratu beharko dute. Beraz, ez dago beste bueltarik, zuri-urdinei gaur garaipenak bakarrik balio die. Galduta ere jaitsierako postuetatik kanpo jarraituko lukete, baina, Oyonnaxek irabazten badu, ikaragarri gerturatuko zaie.
«Pasa den astean etxean galtzeak min egin digu, are gehiago hiru entsegu lortu eta gero. Astean zehar aztertu dugu zer gertatu zen, eta aurrera egin behar dugu. Montpellierren burua tente dugula jokatu behar dugu. Badakigu garaipena behar dugula, eta borrokara joango gara. Irabazteak, gainera, indar handia emango liguke, eta horretara goaz», nabarmendu du Christian Lanta Aviron taldeko entrenatzaileak.
Gaur arratsaldean Montepellirren jokatzeko, honako jokalari hauek deitu ditu Lantak: Igiñiz, Van Rensburg, Etrillard, Roumieu, Muller, Tialata, Senekal, Fa'aoso, Boutaty, Fonua, Haare, Marmouyet, Monribot, Olivon, Puricelli, Biele, Rouet, Brett, Ugalde, Rokococko, Fernandez, Ahoteiloa, O'Connor, Vaka eta Spedding.
Biarritz
Biarritzek ordu berean jokatuko du etxean Castresen aurka. Zuri-gorriek jadanik ez daukate zer eginik, baina zaleengatik, eta aurkariengatik, garaipenak behar dituzte. Biarriztarrek denboraldi oso txarra egin dute, eta orain, amaieran, itxura ona eman eta irabazi nahiko dute behintzat. Jokalariek beraiek ere nahiko dute sasoia amaitu aurretik duten maila erakustea.
«Partida zaila daukagu, baina guk irabazi nahi dugu. Garaipena ez lortzea kolpe handia izango litzateke», esan zuen, atzo, Imanol Harinordoki Biarritz taldeko jokalariak.
«Partida jokatzeko gogoz gaude. Biarritz taldeko kamisetari errespetu handia zor diogu, eta garaipenaren bila aterako gara hasieratik. Denboraldia ongi amaitu nahi dugu, eta zaleak pozik utzi nahi ditugu. Dena amaitutakoan hasiko gara datorren denboraldiarekin pentsatzen. Oraindik lau partida geratzen dira, eta horiek aurrera ateratzen saiatu behar dugu», esan zuen, berriz, Paul Couet Lannes jokalariak. Castres sailkapeneko hirugarren postuan dago, eta liga irabazteko faborito nagusietako bat da.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
