Surflari Ernegatua

Pottottina artean

Artikuluari gatz pixka bat eransteko aukeratu dudan osagaia «pottottina» da, eta kakotx artean aipatu baditut ere, zuzendariak eskatzen dizkidan gutxieneko hitzak ekiditera noa. Guztira, lau animalia bizidun «kite» taula batean gainean. Richard Branson eta munduko ofizio zaharrena prostituitzen ari diren hiru modelo poxpolin. Txori txiki bat eta hiru pottottina, beraz.

Honela zioen GARAko zuzendariak bere Twitter kontuan eseki zuen txioak: «Baldintza bakarra jarri nion: nahi duzunaz idatzi, baina sartu `surf', `olatua' edo `taula' hitzak, arren». Pasa den astean hementxe idatzitako artikuluaz ari zen. Esandakoa bete nuen. Honakoa itsas kirolen atala dela kontuan hartuta, eskatzen didatena bidezkoa baita. Futitzen naiz egunkari hau irakurri ez (eta erosi gutxiago), eta bertako kazetariek edo iritzi kolaboratzaileek ildo ofiziala zalantzan jar dezakeen abururik idazten ez dutela dioten sasi iraultzaileekin.

Ohikoa da besteek zer egin behar duten esan eta norberaren bidean ezer gutxi egitea. Lanean ari den edonork pairatzen duen gaitza da. Beraz, zuzendariak jartzen dizkidan gutxieneko baldintzei eutsi eta nire babes osoa eskaintzen diodan arren, gaurkoan ere, surf gutxi Ernegatu jaunaren zutabean.

Aspaldi hil zen kazetari eta lagun batek Mayor Oreja eskuin muturreko bozeramaile zenari egin behar zion elkarrizketa batean «pottottina» hitza sartuko zuela agindu zuen apustu moduan. Esan eta egin, halakoa zen Bartolo, «itxaferu mekanikua». Haren eskolakoak gara 80ko hamarkadan Zarauzko hondartza zein kaleetan hazitakoak. Hautatzen ditugun edo arrazoi desberdinak medio, gugan eragiten duten pertsonaiek ere, bai baitute haien itzalik gure izaeran.

Beraz, gaurkoan, «pottottina» da artikulu honi gatz pixka bat eransteko aukeratu dudan osagaia. Eta jada kakotx artean aipatu baditut ere, zuzendariak eskatzen dizkidan gutxieneko hitzak ekiditera noa. Nola ez.

Azken urteetan zer esana ematen ari da Richard Branson. Kite modalitatean aritzen diren nabigatzaileen auzo lotsa omen da «Virgin Group» osatzen duten enpresetako burua. Guinness liburuan bere izena agertzeko hainbat errekor egin ditu, eta berea, liburu santu horretan gehien errepikatzen den izena izateko ahaleginetan ere badabilela dirudi. 2012ko uztailaren 1ean, esaterako, Mantxako kanala zeharkatzen azkarrena izan nahi zuen, baina ez zuen lortu. 61 urte zituenez, itsasartea taula eta kometa baten laguntzaz zeharkatu duen morroi zaharrena zela pentsatu zuen eta errekor berri bat atxiki zuen Guinness liburuan.

Pasa den astean beste errekor bat lortu du dirudun britainiarrak. Kite taula baten gainean jende gehien bildu duen pertsona omen da, baina ez hori bakarrik, edonork bere errekor txatxua gaindi dezakeela jakinda, errekorra lortzeko sekulako atsoak aukeratu ditu. Oinak kite taulari lotuta eta besoekin kometa gidatzen zuen artean, hiru modelo zituen bere gorputzari atxikita, bata bizkarrean, bestea albo batean, eta bestea hanka artean. Guztira, lau animalia bizidun kite taula batean gainean. Tipo apal bat, eta munduko ofizio zaharrena prostituitzen ari diren hiru neskato poxpolin, Denni Parkinson, Alison Di Spaltro eta Susi Mai. Hirurak loretxoz apaindutako bikini estu bat eta irribarre laño batekin. Kite taula baten gainean, txori txiki bat eta hiru pottottina, beraz.