Alex Txikonek zain du Kangchenjungan xede handi eta erakargarria
Alpinista lemoarra Kangchenjungara abiatuko da etzi, Adam Bielecki eta Denis Urubkorekin zortzimilakoaren ipar-mendebaldeko horman bide berria zabaltzeko asmoz. Hirukoteak estilo alpinoan jardungo du.

Himalaiako montzoi aurreko denboraldia pronto dago. Ohi den bezala, kolore guztietako asmoak aurkeztu dira bai zortzimilakoetan, baita beste mendi xumeago batzuetan ere. Guk, oraingoz, etxeko alpinista batek esku artean duen xede handi bati so egingo diogu.
Bai, Alex Txikonek asteazkenean hasiko duen espedizioa ez da nolanahikoa izango. Eskarmentu handia du zortzimilakoetan, horietako hamar gailur nagusi poltsikoan ditu, baina duela hilabete batzuk Denis Urubkok proposatu zionak beste aurpegi bat erakutsi du: Kangchenjungako ipar-mendebaldeko horman bide bat zabaltzea. Eta, jakina, estilo alpinoan.
Txikonek, beraz, ez zion muzin egin Urubkoren deiari, eta gauza bera egin duena Adam Bielecki da. Azken bi urteotan alpinista poloniarra neguko zortzimilakoetan protagonista bihurtu da.
Bada, hirurek ala hirurek Kangchenjungako (8.586 m) ipar horma gogorrean jarduteko asmoa dute. Ohiko bidean ez bezala -makina bat bisita jasoko ditu-, hirukotea bakar-bakarrik egongo da. Txikonek adierazi digunez, girora egokitzeko isuri horretan dagoen marrarik «samurrena» aukera dute: «Britainiarren bidean aklimatatzeko asmoa dugu. Jakin badakit, ez dela batera erraza, batez ere 800 metroko arrokazko murru bat gainditu behar delako. Gainera, marra beretik jaitsi nahi dugu, eta, beraz, ondo dago han lana egitea. Beste pare bat lagun alboan izango ditugu».
Nahiko zuzena
Behin girora egokitu ondoren, Bielecki, Urubko eta Txikon asmo nagusiarekin buru-belarri jarriko dira. Lemoarrak adierazi digunez, egindako iragarpenek zein azterketek oso gogorra izango dela ziurtatzen diete: «Pixka bat denetatik du: tarte arriskutsu bat igaro behar dugu, goialdean zailtasun teknikoak aurreikusten ditugu, dezente eskalatu beharko dugu, altueran gau batzuk pasa beharko ditugu... Denis ezagututa, jakin badakigu ez dela `gozoki' bat izango. Denisen proiektu bat da, eta badakigu buru bezala jardungo duela. Alabaina, uste dut hirurok antzeko ezaugarriak ditugula. Besteak beste, erresistentzia handikoak gara».
Nahiz eta, Txikonek zortzimilako asko izan eta gailur izugarri hauek neguan ere probatu dituen, lasai asko esan dezakegu zortzimilakoetan izaten ari den ibilbidean azken xede hau orain arteko gogorrena dela: «Dagoeneko zortzimilakoetan eskarmentu handia dut. Neguan ere saiatu naiz, baina Kangchenjungako asmo hau oso-oso handia da. Batzuk britainiarren bidearekin nahikoa lukete, baina guk han girora egokitu eta plater nagusiari ekingo diogu. Azken hilabeteotan asko entrenatu naiz, baina batez ere alde psikologikoa asko landu dut».
Aipatu dugu, gailurra eginez gero, britainiarren bidetik jaisteko asmoa dutela, baina agian, iparretik igo, hegotik jaitsi eta zortzimilakoaren lehen zeharkaldia sinatu. Ikusiko da.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
