Jon LEUNDA
Aizkora | Urrezko lehiaketa

Faboritoek lan laburretan ere burua ateratzen dute

Eneko Otaño, Alberdi, Rodriguez II.a eta Larrea III.a sailkatu dira.

Larrea III.a, Rodriguez II.a, Eneko Otaño eta Alberdi izan dira Urrezko Aizkorako Buruz Buruko lehen jardunaldia gainditu eta hurrengo kanporaketan sartu diren lau aizkolariak.

Bilboko Matiko auzoan hamabi aizkolari lehiatu ziren, eta Rodriguez II.a eta Larrea III.a izan ziren aurrera egin zutenak. Enbor bat zeinek azkarrago moztu lehiatu ziren aizkolariak, eta galtzen zuena kanpora joaten zen. Horrela kanporatzen joan ostean, bi final jokatu ziren, eta bi irabazleek lortu zuten hurrengo kanporaketan aritzeko txartela. Horrela, Rodriguez II.a izan zen Telletxearen aurkako dema irabazi zuena.

Agian bi aizkolari hauek ziren faborito nagusiak, baina elkarren aurka neurtu ziren, eta ezin biek irabazi. Azkenean segoviarra gailendu zen. Beste aldean, Larrea III.a eta Irazabal lehiatu ziren, eta lehenengoak lortu zuen garaipena. Bera zen, gainera, kanporaketa honetako aizkolaririk gazteena 17 urterekin.

Arratsaldean, Zegaman lehiatu ziren aizkolariak, eta han ere hamabi kirolari lehiatu ziren, eta Bilboko lan bera izan zen, Gipuzkoan ere egin behar izan zutena. Kanporatze lanak egin ostean, bi multzotan lau aizkolari sailkatu ziren finalerako. Batean Eneko Otañok, agian irabazteko faborito nagusiak, Eneko Saralegi, beste faboritoetako bat, hartu zuen mendean; bigarrenean, Alberdi azkoitiarrak, txapelketa honetan arituko den aizkolari berrietako batek, mendean hartu zuen Jexuxmari Lasa.

Horixe izan da, seguru aski, kanporaketa honetako ezuste handiena. Hala ere, Alberdik lan bikaina egin zuen, eta itxura ere aparta eman zuen. Asteburu honetan sailkatzea lortu duten lau aizkolariek datorren astean jokatuko diren kanporaketetan ere parte hartu beharko dute.