Mikel Zubimendi
Kazetaria
TXOKOTIK

Demagun Kataluniaz eta Eskoziaz ari garela

Katalunia eta Eskozia, hain ezberdin eta orain hain berdin, neurri handi batean komunitate imajinatuak dira. Eta egun daukaten statu quoaren oso ezberdina den etorkizun berri bat berrasmatzen eta irudikatzen dabiltza. Autodeterminazioaren gramatika politiko adoretsu batek berriz piztu du irudimena. Sustraitutako jarrera eta subordinazioaren eskema asko desestabilizatu egin dira eta zahar usaineko alarmismo nekatua, burujabe izateak ongizatea galtzea dakarrela dioena, paperezko tigre bat bezala ageri da. Pedagogia unionistaren atzaparrak ageri diren lez.

Katalunian eta Eskozian autodeterminazioa eta nazionalismo probintzianoa berdintzea karikatura pedante bat da. Komunitate nazional bateko jendeak autodeterminazioa eskatzeko aski kontzientzia kolektibo duela demostratzen duenean, eskaera politiko arrazional bat egiten dihardu. Katalunia eta Eskoziaren aspirazio nazionalen izaera aurrerakoi eta zibikoa ez da sedizioso batzuen harropuzkeria, historian zehar zenbatu ezin daitezkeen herrien aspirazio komun partekatua baino.

Katalunian eta Eskozian gertatu diren prozesu politikoak ez dira flash bat edo protesta burrunbatsu bat, asmo herritar sakon baten adierazpen elokuenteak dira. Munduan zehar herri askok egin duten bezala, beren onarpenaren aldeko borroka luze eta duinak indar pila bat metatzen du aldaketaren alde, eta izan historiaren istripuek izan koiunturak lagunduta, askatu egiten diren une paregabea bizi dute. Aprobetxatu beharreko txanpa.

Katalunian eta Eskozian inuzenteek soilik suposa edo itxaron dezakete datorkiena arrosak biltzea bezalakoa izango dela. Jendeak badaki, egitea merezi duen orok beti eskatzen duen bezala, hortzak izerdi, gogor egin behar dela lan. Intuitiboki badakite irabazteko daukatena galtzeko daukatena baino gehiago dela. Badakite adorea, irudimena eta zorte on dosi eder bat beharko dutela, baina esku artean duten erronkak energia ekonomiko eta sortzaile pila bat askatuko duela ere bai.

Datorrena datorrela, Kataluniak eta Eskoziak bezala Londresek eta Madrilek badakite jokoa bukatu egin dela. Hori onartzea eta, hala erabakiz gero, joaten uztea baino ez zaiela geratzen.