Josu Imanol Unanue Astoreka
Bermeoko alkateordea
GUTUNAK

Apirilak 11, urtebete sutea izan zela

Apirilaren 11n, goizaldeko laurak inguru, sutea hasi zen Bermeoko Alde Zaharreko etxe batean. Orain urtebete, herritar guztiok ikusi genuen nola sortutako suak bapeztu zituen pertsona askoren ilusioak, istorioak, bizipenak.

Horren lekuko izan ziren hona etorritako hainbat komunikabide, kazetarik, hartutako testigantzak, argazkiak, bideoak, elkarrizketak, esandakoak, elkartasun zantzuak... hemerotekak beterik daude gertatutakoaren testigantza isilekin. Ziurrenik hemendik ehun urtera erabiltzeko asmoarekin.

Herritarrentzat ezer garrantzitsua badago, hori geure alde zaharra izaten da, hor dauzkagu gure ondare preziatuenak, gure arbasoen oroigarriak, argazkietan agertzen diren irudi izoztuak... galdu genuen ba, bizi zatitxo bat.

Zorionez, herritarrek erakutsitako elkartasunari esker, hasi ginen gure indarretan sinesten eta pentsatzen dena azkar aldatuko zela, Bermeon ohituta gaude horretara. Nardiz tar Jon kalea berpiztuko zen eta umeak bueltatuko ziren kalera olgatzera, herritarrak jai egunetan eta betiko moduan han dantzatzera... batek daki zenbat amets izan genuen.

Poza handitzen joan zen, erakundeetatik hartu genuelako hainbat promesa, baina, nagusiek esaten duten modura, berbak haizeak eroaten ditu.

Urte bat igaro ondoren eta itxaroten egon ondoren, berba askoren zentzua ezerezean geratu da, arinegi ahaztu dira esandakoak. Etxeak hutsik daude, batzuk horma barik, eta kaltetuek oraingoan beste jipoi bat gehiago hartu behar izan dute. Baloratuak izan eta gero, ez dira kontuan izango beraien eskaera asko.

Ez noa asko gehiago esatera, bakoitzak badaki zer esan zuen komunikabideen aurrean eta zergatik nahi izan zuten horrela agertzea. Orain atera ditzagun dauzkagun erreportajeak eta has gaitezen berrikusten, aztertzen eta beharbada lotsak ateratzen.

Herriak eta herritarrek ez dute halakorik merezi, kaltetuek ez dute txantxarik merezi, orain urtebete, bai bakarrik urtebete, Bermeon sutea izan zen eta promesa asko eta asko.

Besarkadak kaltetu guztiei.